euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Matthew Levin Kanadako enbaxadore berriak Pasaia eta Albaola bisitatu ditu (Albaola.com-en)

2017/07/07

Pasaiako Udalaren gonbidapenari erantzunez, Kanadako enbaxadorea gaur Euskal Herrian izan da eta Pasaia bisitatu du, bere karguan egon diren aurreko bi enbaxadoreek egin zuten bezala.

Lotura: Albaola.com

Pasaia, Basque Country. Goizean Izaskun Gómez Pasaiako alkateak zinegotzien presentziarekin, Enbaxadore jaunari harrera egin dio eta baita bere emazteari, enbaxadorearen Aholkulari Politikoari eta enbaxadorearen Merkatal Aholkulariari ere.

Segidan, badia gurutzatu dute Albaola Itsas Kultur Faktoriaraino eta han Xabier Agote presidenteak egin dio harrera eta enbaxadoreak Kanadako historiari hain lotua dagoen museoko edukia bertatik bertara ezagutu ahal izan du. 

San Juan baleontzia Red Bayn (Labrador, Kanada) ondoratu zen 16. mendean eta 1978an aurkituz geroztik ikerkuntza lan handi bati ekin zion Kanadako gobernuak. Parcs Canada gobernu agentziaren eta Albaolaren arteko harremanari esker ikerkuntza horien informazioa Albaolaren esku dago eta San Juan baleontziaren berreraikuntzaren oinarri zientifikoa da. UNESCOk San Juan baleontziaren saskarraren irudia aukeratu zuen Munduko Itsas-azpiko Ondarearen ikur gisa bere logorako.

Horrez gain, 2013an UNESCOk Red Bay Munduko Gizateriaren Ondare izendatu zuen eta 2015ean berriz, San Juan baleontziaren berreraikuntzaren proiektuaren patrozinatzaile bihurtu zen.

Prentsaurrekoa San Juan baleontziaren aurrean burutu da eta  bertan Izaskun Gómezek, Pasaiako alkateak, Denis Itxasok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Diputatuak, Marian Elorzak, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiak eta Matthew Levin enbaxadoreak eta Xabier Agotek, Albaolako presidenteak hartu dute parte.

Xabier Agote Albaolako presidenteak hartu du hitza eta bere esanetan “bisita hau oso garrantzitsua da Albaolarentzat, ematen digun babesagatik. Proiektu hau ezingo litzateke aurrera atera Kanadak aurrez egindako ikerkuntzengatik ez balitz.  Eskerrak eman nahi dizkiet erakundeei beren babesagatik, baina baita patrozinatzaile, boluntarioei eta bisitariei ere”.

Izaskun Gómezek esan duenez "proiektu honen garrantzia estrategikoa azpimarratu nahi dut, Albaola Itsas Kultur Faktoriaren garrantzia, ondoen funtzionatzen ari den baliabide historikoa, bere ondare eta kultur balio handia eta aberastasuna sortzeko duen gaitasuna. Udaletxe honen borondatea proiektu bikain honekin kolaboratzen eta laguntzen jarraitzea da. Eta partekatutako historia eta iragan honetatik abiatuta, etorkizunean elkar hartu dezagun, elkarlan baten bueltan”. 

.Marian Elorzaren hitzetan “Kanada eta Euskadi bidelagunak gara aspalditik. Urrutitik datozen historia partekatua eta loturak (ekonomikoak, historikoak eta kulturalak) ditugu. Albaolara eta San Juan baleontziaren erreplikara egindako bisita honek euskal-kanadiar ondare partekatu horrekin konektatzen gaitu. Horrez gain bere hitzetan esan duenez “etorkizunari begira, Kanada gure lehentasunen artean dago. Bi herrialdeen arteko harremana indartzeko eta hainbat eremutan kolaborazioa sustatzeko konpromisoa hartzen dugu”.

Denis Itxasok azpimarratu duenez “Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Diputatua eta Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusia hemen izatea Aldundiak proiektu honi ematen dion erabateko babesaren adierazle da. Albaolaren proiektua kulturatik badiaren biziberritzeari ematen zaion erantzun bat da. Gainera ontzi hau gure lurraldeak munduan izango duen enbaxada ba mugikorra izango da eta hori oso garrantzitsua da, gure kultura eta herria munduan ezagutzera emango dituelako.”

Azkenik Matthew Levin Kanadako enbaxadoreak bere adierazpenetan esan duenez “Oso eskertuta nago gonbidapen honengatik. Guztiak zoriontzen zaituztet Albaolaren proiektuagatik eta iraganetik etorkizuna eraikitzeko izan duzuen ikuspegiagatik. Horretarako guztion inplikazioa behar da, Xabier Agoteren pasioa eta gaitasuna eta instituzioen bultzada. Albaolaren proiektua eta San Juan baleontziaren eraikuntza benetan harrigarriak eta hunkigarriak iruditu zaizkit. Ez da nahikoa ezaguna munduan baina hedatu eta ezagutzera emateko nire konpromisoa hartzen dut. Proiektu honek Euskal Herriaren dohain ugari biltzen ditu bere baitan eta Kanada eta Europaren arteko harremanaren adibide osoena eta ederrena da”.

Hizlariez gain, ekitaldian izan dira Karen Kennedy, Kanadako Enbaxadako Merkataritza Aholkularia; Simon Cridland, Kanadako Enbaxadako Aholkularia; Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Diputatua, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusia eta Albaola Elkarteko taldeak.

Ekitaldiari amaiera emateko Xabier Agote Albaolako presidenteak enbaxadoreari Albaolak Elkar argitaletxearekin argitaratu berri duen Euskal Herri Itsastarra, San Juan baleontzitik liburua oparitu dio.

Eguna bukatzeko Petritegi sagardotegira joan dira denak, etxeak gonbidatuta. Han, euskal baleazaleekin lotura estua izan zuen edaria dastatu eta sagardotegiko menu tradizionala eta Txotx!-a ezagutu ahal izan dituzte. 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia