Ainhoa Sarasola. Erraldoia. Hitz horrekin definitu ditu Martin Ugalde (Andoain, Gipuzkoa, 1921 - Hondarribia, Gipuzkoa, 2004) eta haren obra Lorea Agirrek, Jakineko zuzendariak. «Erraldoi bat izan zen. Bai lanen kopuruan, bai gaitegiaren zabalean eta sakonean. Dena axola zitzaion. Gauza askorekin engaiatu zen, eta beti aritu zen ekarpenak egiten, hobetzen, beti zer gehiago egin zitekeen pentsatzen geure mundu hau, geure herri hau aurrera eramateko». Erraldoi haren obra erraldoia klik batera jarri du orain eskuragarri Jakinek, hainbat instituzioren laguntzaz. Kazetari, idazle eta politikaria jaio zela mendea bete zen atzo, eta haren obra osoaren digitalizazioa eta sareratzea aurkezteko baliatu zuten mendeurrena, bere izena daraman parkean eginiko ekitaldian.
Ugaldek 58 urtez jardun zuen idazten. Lehen artikulua 25 urte zituela, 1946an eman zuen argitara, sorterriko kronika bat. Eta azkena, berriz, justu atzoko egunez orain 20 urte, 2001ean, 80 bete zituen egun berean argitaratu zuen Euskaldunon Egunkaria-n. Jakin.eus webgunean edonoren eskura dago orain haren obra osoa.
Euskal pentsamenduari eskainitako atalean bildu dute, Txillardegi, Joxe Azurmendi nahiz beste hainbaten obrekin «elkarrizketan», Agirrek azaldu zuenez. Denera, 2.049 idazlan daude Ugalderi eskainitako txokoan, eta, horiez gain, biografia bat eta haren obraren ekarpena aztertzen duen testu bat jaso dituzte, idazlanetan sartu aurretik egilea eta obra bera kokatzeko lagungarri izan daitezkeenak. 2.049 dokumentu horietatik 1.662 Ugaldek berak idatziak dira, eta beste 387ak haren gainean edo haren lanari buruz beste batzuek ondutakoak, baita hari egindako elkarrizketak eta liburuen kritikak ere.
Zenbaki horiek, lehen begi kolpean, erakusten dute Ugalderen produkzioa «ikaragarria» dela, eta «neurriz, Txillardegi edo Joxe Azurmendi baten pare» dagoela, Agirreren hitzetan. «Horrek esan nahi du bizitza osoa eman zuela idazten. Ez bakarrik euskararen testuinguruan; agian, beste hizkuntza batzuetara joango bagina ere, kopuru horiek ikaragarriak dira». Hari buruz 188 testu idatzita egoteak ere esan nahi du «Ugalde bazela pertsona, pentsalari, idazle erreferentzial bat, kontuan hartzen zela eta bere gainean eta berak idazten zituenen gainean ere idazten zela, bere garrantzia zuelako», gaineratu zuen.
Haren 1.662 idazlanetako 46 liburuak dira. «Datu hau ere ikaragarria da», Agirreren ustez. «Pentsa ezazue, bizialdi batean 46 liburu idaztea. Ez dira asko egongo munduko hizkuntza diferenteetan». Liburuen artean, literatur lanak, kazetaritza liburu «bikainak», elkarrizketa liburuak, biografiak, saiakerak... askotariko lanak daude. Iltzalleak (1961) aipatu zuen adibiderako, Venezuelan idatzi, eta euskaraz argitaratu zuen lehena izan zelako, bai eta «euskal ipuingintza modernoaren atea» ireki zuena ere. Beste 1.548 idazlan artikuluak dira, gehienak kazetaritzari lotutakoak. Euskaldunon Egunkaria-ren 0. zenbakirako idatzi zuena dago, kasurako, horien artean. Artikuluok 69 egunkari eta aldizkaritan argitaratu zituen, Euskal Herrian zein Venezuelan. «Horrek esaten digu norainoko sarbidea zuen, noraino iristen ziren bere lanak, eta noraino zen zabal eta pertsona askea zentzu horretan».
Idazlan digitalizatu horiek guztiak ordenatu egin ditu Jakinek, eta thesaurus propio bat egin du; hau da, Ugalderen obra aztertu, eta landu zituen gaien araberako bilatzaile berariazko bat sortu du. 45 item orokor identifikatzen ditu bilatzaile horrek: hizkuntza, literatura, politika, erlijioa, historia... Eta horien barruan, gai espezifikoagoak ere zehazten dira, hala nola euskararen historia soziala, euskal hedabideak, euskal nazionalismoa, nazioarteko historia, sindikalismoa... Halere, gaikakoa ez da Ugalderen obra arakatzeko bide bakarra, egile, agerkari eta lan motaren arabera ere bila baitaitezke idazlanak, baita bi data jakinen artean bilaketak egin ere. Klik batean, liburu eta artikulu osoak ikusteko aukera edozeinen eskura jarri du horrela Jakinek.
Digitalizazio lana 1990eko hamarkadan hasi zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, baina gaur arte ez du argirik ikusi. Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Andoaingo Udalaren laguntzaz atera da aurrera azkenean. Denei eskerrak eman zizkien Agirrek, «beharrezko» zeregin bat zela iritzita. «Segur aski, horrelako pentsalari, idazle edo egile bati egin diezaiokegun omenaldi onenetako bat bere obra guztion eskura jartzea da».
Begirunez eta esker onez
Proiektuaren aurkezpenean erakunde horietako nahiz mendeurreneko ekitaldiak antolatzen aritu diren gizarte eragileetako ordezkariak izan ziren, Ugalde familiako kideekin batera. Besteak beste, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatua, Maider Lainez Andoaingo alkatea, Juan Luis Silanes Hondarribiko Udaleko ordezkaria, Joxemari Sors Elkarreko ordezkaria, Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria eta Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko lehendakaria izan ziren.
Lainezek eta Zupiriak hartu zuten hitza. Lehenak, Ugalderen bizitza aletu, eta «gizon aske» hark utzitako ondarea goraipatu zuen. Zupiriak, berriz, Ugaldek bere bizitzako arlo askotan erakutsitako konpromisoa nabarmendu zuen, eta «esker oneko eta begirunezko» hitzak eskaini zizkion. Idazlearen seme Unai Ugalde izan zen azkena mintzatzen, aitaren apaltasuna, emankortasuna, ausardia eta zorroztasuna azpimarratzeko.
Aurkezpenaren ondotik, Ugalderen Itzulera baten historia (1990) liburuaren egun osoko irakurketa jarraitua egin zuten.