euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

London euskal etxea, hiri handian euskaraz aritzeko eta euskaldunekin konektatzeko bidea (Naiz-en)

2024/10/10

Londongo euskal komunitate txiki eta sakabanatuaren bilgune da London Basque Society edo euskal etxea. Euskaraz mintzatzeko eta beren artean gauzak egiteko aukera. Euskara klaseak eskainiko dituzte aurki Zoom bidez, baita euskal kulturari buruzko ikastaro bat ere, Euskal Herrian direnei ere irekia.

Lotura: Naiz

Maider Iantzi. London Basque Society edo euskal etxeak euskara eskolak eskainiko ditu Zoom bidez urrian hasita. Celia Mata irakasleak azaldu duenez, urteak dira klaseak ematen direla. «Aurrez aurre egiteko London oso handia da. Jendeak interesa izan arren, etortzeko zaila du, bidaia luze samarra delako. Online errazagoa da. Pandemian jende asko ohitu zen, Erresuma Batu osora hedatzen da eta hala aiseago heltzen gara ikasle kopuru minimo batera»

Astean behin eskaintzen dira hizkuntza eskolak, bizpahiru talde izaten dira, maila ezberdinetakoak. Ikasleak gustura dabiltza. «Gehienek ez dute tituluagatik ikasten baizik eta gogoa dutelako. Batzuek familia euskalduna dute eta besteek Euskal Herritik hona etorrita ikasi nahi dute».

«Ikasleak maitatzen dituzu»

Mata Errenteria-Lezokoa da. Euskal ikasketak egin zituen, zenbait urtez irakasle ibili zen Euskal Herrian, master bat egiteko asmoz utzi zuen eta orduz geroztik euskara eta gaztelania irakasten du Londonen.

Hiru urte darama euskal etxean lanean. Lan osagarri bat da beretzat. «Hobby moduan egiten dut irakastea gustatzen zaidalako eta nirez euskara irakaslea naizelako. Eta egiten dut jende ederra dagoelako, ikasteko gogoarekin. Batzuk hiru urtez gurekin egon dira. Maitatzen dituzu».

«Ahozkoa lantzen dugu gehienbat; euskal kulturari buruz hitz egiten dugu eta liburuak irakurtzen ditugu. Komunitate bat sortzeko eta euskal kultura lantzeko modu bat da. Ez da hizkuntza saio gogor bat. Gramatika pixka bat ematen dugu, horrekin lotuta hitz egin, bideoren bat ikusi edota poema bat komentatu, lagunarteko saio bat bezala».Mailaren eta sasoiaren arabera aldatzen da ikasle kopurua. Normalean ikasturtea hastean sei-zortzi lagun izaten dira klaseko, eta kurtsoak aitzinera egin ahala, bereziki uda iristen denean, batzuk desagertu egiten dira.

Badituzte Unibertsitateko ikasleak, jubilatuta daudenak, eta tarteko guztiak. Nerabeek aurten eskatu dute lehen aldiz, baina ekimena ez da aurrera atera ez direlako eskatzen den gutxieneko ikasle kopurura iritsi.

Euskal kulturari buruzko ikastaroa

Aurten, Cervantes institutuarekin batera, euskal kulturari buruzko ikastaro bat eskainiko dute, hau ere Zoom bidez. «Euskal Herrian bizi direnei ere interesatzen ahal zaie eta haientzat ere irekia dago», egin du gonbidapena Celia Matak. Sei saio emanen dituzte, hizlari ederrekin, larunbatero, Londoneko 15.00etan. Urriaren 26an izanen da lehena, eta azkena azaroaren 30ean.

Iban Igartua hasiko da, euskararen jatorriaz eta ezaugarriez mintzatuz; mitologiari buruzko mintegia izanen da bigarrena; hirugarrena Erresuma Batura joandako ume euskaldunen gainekoa; laugarrenean Oier Araolaza ariko da euskal dantzaz; bosgarrenak bertsolaritza izanen du ardatz; eta azkena Aranzadik emanen du, Irulegiko eskuaz.

«Dena bihurtzen da lana»

Bost-hamar boluntariok osatzen dute London Basque Societyren motorra. Ekitaldietan parte hartzen dutenak, gutxi gorabehera, 200 lagun dira. Ibon Sotil Zabalo legazpiarra dabil zuzendari. «Denok gara boluntarioak, gure bizia eta lana dugu, baina hau ere hemen dago eta aurrera atera nahi dugu. Nahiko genukeena baino gutxiago eskaintzen diogu, Londonen ez dago-eta aisirako denbora handirik», kontatu du.

«Jendea oso urruti bizi da, eta edozein puntatik iristeko ordubete behar da gutxienez. Bestalde, erritmoa azkarragoa da, jendeak oso bizimodu lanpetua dauka, eta alde soziala oso ondo planifikatu behar duzu, hilabetera edo bi hilabetera begira. Ez baduzu planifikatzen ez duzu planik. Dena bihurtzen da lana».

Bada bertze ezaugarri bat: «Ni Shangain bizi nintzen lehen, han euskal etxea dago eta bada nukleo bat herrimina duzunean joateko. Londonen, berriz, herrimina baduzu herrira itzul zaitezke hegaldi azkar batean».

Euskal Herriko seme-alabak

London euskal etxeak ez du leku fisikorik baina euskal diaspora anitz baten elkargune da. «Alde batetik pertsona nagusiagoak datoz, euskaldunen umeak, edo umetan Euskal Herritik etorri eta hemen familia sortu dutenak. Bada beste profil bat erdi bidekoa: lanera etorri ziren duela urte batzuk, eta luzatu egin zaie, 10-20 urte daramate. Gero, joan-etorri ibiltzen den jendea dago. Bi urterako datozenak agian ez dira pasatzen euskal etxetik, baina bost urte daramatenak jada bai»

Sotil azken profil horretakoa da. Baina, nork daki, erdi bideko profilekoa ere bihur daiteke. Sei urte darama Londonen. Hasieran gehixeago joaten zen Euskal Herrira, orain lau hilabetero edo. Hiru urte darama euskal etxean. 

Kokeinen kontzertua Azaroaren 1ean

Euskara klaseez gain, ekitaldiak egiten dituzte bi hilean behin: kontzertuak, bazkariak, kultur ekitaldiak, historiaren ingurukoak... Irailaren 21ean Diaspora Eguna ospatu zuten, eta Azaroaren 1ean  Kokeinen emanaldiaz gozatuko dute.

«Urte hasieran bilera bat egiten dugu, urte osoko planifikazioa egiteko. Anbizio handiko kontua izaten da: hilabetero ekitaldi bat. Gero, egiten joaten gara, eta batzuk ez dira ateratzen, baina besteak bai. Gabonetako bazkaria, Diaspora Egunekoa... Urtero direnez, errazago egiten dira. Kontzertu bat antolatzeko beste logistika bat behar da».

«Burukomin askoz gain, emaztea txinatarra dudanez eta lanean ez dagoenez euskaldunik, ezta inguruan ere, egunerokoan ez dut euskaldunekin aritzeko aukerarik eta euskal etxeak lotura hori ematen dit. Oso komunitate txikia gara euskaldunok Londonen, eta euskal etxeak euskaraz hitz egiteko eta gure gauzak egiteko bidea ematen du. Gure hezkuntza nahiko antzekoa izan da, eta askoz errazago konektatzen da euskaldunen artean».

«Beste dena aitzakia da», aitortu du irriz

Bada jendea ez duena euskaraz egiten, eta erdaraz ere ez. Batzuetan ingelesez aritzen dira, baina taldetxoak sortzen dira eta euskaldunak euskaldunekin batzen dira.

Ibon Sotilek Arrasaten ikasi zuen. Unibertsitatea bukatu eta gero Ingeniaritza ikasi eta Indiara joan zen lanera, handik Estatu frantsesera, jarraian master bat egin zuen Txinan eta han lanean eman zituen sei urte. Une batean Euskal Herrira hurbiltzea erabaki zuen, Londonen sortu zitzaion lan aukera bat eta teknologia enpresa batean dabil marketinean. Baieztatu duenez, Euskal Herrian hobeki bizitzen da baina hemen ez dauden lan aukerak daude Londonen karrera garatzeko.

London Basque Societyrekin harremanetan jartzeko beren webgunera jo daiteke.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia