euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Kataluniari so pantailetan (Berrian)

2017/10/03

Kataluniaz ETB1ek igande goizean egin zuen saioak 145.000 ikusle izan zituen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, La Sextaren goizeko saioak %27ko ikusle kuota lortu zuen.

Lotura: Berria

Urtzi Urkizu. «Lotsa eta duintasuna». Titulu hori eraman zuen atzo azalera Ara egunkariak. 20 hizkuntzatara itzuli zuten azala, besteak beste euskarara. Igandeko egunak Katalunian eman zuena laburbiltzen duten hitzak dira. Kataluniako herritarrak, duintasunez. Eta haiei adi, euskarazko komunikabideetako hainbat kazetari aritu ziren lanean Bartzelonan. Kazetarien lana mahaiko ordenagailuetara, tabletetara, sakelakoetara eta telebista aparailuetara zabaldu zen, euskaraz. BERRIAko Martxelo Otamendi, Amagoia Mujika, Jon Olano, Samara Velte eta Lara Madinabeitia zuzeneko kontakizuna egiten aritu ziren; BERRIAren webguneak 38.904 bisita izan zituen igandean. Hamaikako talde bat ere Katalunian zen, programazio berezia zabaltzeko.

ETB1 kateak bi saio berezi egin zituen, Kataluniako egun historikoaren berri emateko. Goizeko emankizuna, 09:00etatik 12:00etara, 145.000 herritarrek ikusi zuten uneren batean —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %7,3ko kuota izan zuen euskaldunen artean—. 23:30 aldera hasi zen gaueko saio berezia, eta 54.000 lagunek egin zuten bat emankizunarekin —euskaldunen artean, %5,5eko kuota—.

Katalunian, TV3 kateak 2011ko apiriletik lortutako datu onenak bereganatu zituen igandean: egun osoan %29,1eko batez besteko ikusle kuota. 21:00etako saio bereziak %40,8ko kuota lortu zuen, eta 23:00etakoak, %40koa. 4.248.000 lagunek egin zuten bat uneren batean TV3eko edo 3/24ko emankizunekin. Talde publikoaren webguneak 2015eko urtarriletik izandako erabiltzaile kopuru handiena lortu zuen: 818.178. TV3en Internet bidezko emankizunek inoizko bisitari kopuru handiena lortu zuten: 432.303 erabiltzaile. Catalunya Radioren Internet bidezko emanaldiek marka berri bat jarri zuten: 87.330 erabiltzaile.

ETB2k ere luze eta zabal jorratu zuen Kataluniako eguna: goizeko saio bereziak —08:00etatik 12:00etara— %22,3ko ikusle kuota lortu zuen; eguerdiko En Jake-k, %15,3koa; eta gauekoak, %10ekoa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, goizean, La Sexta izan zen liderra: Al rojo vivo bereziak %27ko ikusle kuota lortu zuen (187.000 ikus-entzule). ETB2ko gaueko Teleberri-k, bestalde, %21,4ko kuota izan zuen —181.000 ikusle, eta eguneko bigarren emanaldi ikusiena—. Eguerdiko albistegi ikusiena La Sextakoa izan zen: %25,8ko kuota.

Langileen protestak TVEn

Espainiako kateen artean La Sexta izan zen Kataluniako erreferendumaz kontakizun zabalena egin zuena, eta bere historian egun batean lortutako batez bestekorik handiena bereganatu zuen: %17,5 —datu orokorra—.

TVEn, aldiz, kontakizuna 24Horas katean egin zuten, eta La1n programazioa soilik eten zuten Espainiako Gobernuko presidenteordearen eta presidentearen hitzak eskaintzeko. TVEko kazetariek protestak egin zituzten atzo Bartzelonan eta Madrilen, kate publikoak egindako trataera salatzeko. Madrilgo langile askok #Vergúenza #Vergonya (lotsa) hitzak zeramatzaten afixekin egin zuten protesta. Maite Martin del Caz CCOOko ordezkariak esan du egoera larria dela: «Maila bat gehiago igo dute manipulazioan. Radio Nacionalekoa ere lotsagarria izan zen, RN5 albiste irratian ez zuten programazio berezirik egin. 24 Horas katean egin zuten kontakizuna lerroturikoa eta zentsuratua izan zen. Lotsatuta gaude». Igandekoaren ostean, TVEko albistegietako kontseiluak exijitu du zuzendaritza osoak «lehenbailehen» dimititzeko. «Inkonpetentziaren eta praktika txarren mukurua da», salatu du kontseiluak. «Ez La1n ez 24 Horas kanalean ez zituzten Generalitateko presidentearen hitzak jaso. Eta larriena dena: kaleetan poliziek izan zituzten jokabideen informazioa minimizatu egin zuten». PSOE eta Compromis alderdiek ere gogor salatu dute TVEk egindako kontakizuna.

Zerbitzu minimoak TV3en

Sindikatuek Katalunian gaurko deitu duten greba orokorra dela eta, TV3eko iturriek adierazi dute zerbitzu minimoak beteko dituztela.

Berria telebistak saio berezi bat egin zuen atzo Bartzelonan, eta ikusgai dago webgunean —solaskideak Ana Rodet, Martin Aranburu eta Aritz Galarraga dira—. ETB1ek Ahoz aho+ berezia emango du gaur, 23:20an —solasean ariko dira Martxelo Otamendi, Felix Arrieta, Zelai Nikolas eta Txente Rekondo—. Hamaikako lantalde batek Bartzelonan jarraitzen du; gaur konexioak egingo dituzte 14:30eko eta 20:30eko albistegietan, eta bihar saio berezi bat emango dute, 21:30ean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia