Bi urte inguru eman ditu Joseba Tapiak (Lasarte-Oria, 1964) eszenatokietatik kanpo, Tximela kapitainaren izarrak diskoaren aurkezpen kontzertuak amaitu zituenetik. Lan hura ia osorik bakarka grabatu zuen Tapiak —zenbait kantutan biolontxeloa eta organoa ere erabili zituen—, eta zuzenekoetan gitarra klasikoaren eta ahotsaren baliabide soilez interpretatu zituen Luis Rezolaren hitz musikatuak. Oraingoan 90eko hamarkadan Tapia eta Leturia Band-en erabilitako formatura itzuli da musikari gipuzkoarra, baina soinu txikia Dani Nabarteren esku utzi du
“Kantatzeko gogoak eta agertokiaren lilurak bultzaturik hemen nator indarberriturik mikrofono aurrera. Biloak urdintzen hasi zaizkit dagoeneko eta bigarren gaztaroan prest nator borrokara”, adierazi du Arabako Alea aldizkarian egin dioten elkarrizketan. Ehun kantu inguruz osaturiko bildumatik hamalau abesti aukeratu ditu sonoritate berrira egokitzeko; gehienak bere bakarkako diskoetakoak dira: Québec: hamalau kantu independentziarako, Real politik… Horrelako ariketek kantariari dakarkioten onura azpimarratu du Tapiak aipatutako elkarrizketan: “Berritze horrek biziberritu egiten du kantaria eta kantua bera. Sortzen jarraitzeko estakurua eta garuna martxan edukitzeko bide ezin hobea da. Gainera gure rock bandara egokitze horrek tresna eta ahotsaren prestatzera zaramatza”.
HURRENGO KONTZERTUAK
- Urriak 6: Gasteizko Gaztetxea, 21:00 (+ Antton Aranburu eta Bikiak)
- Urriak 21: Azkoitiko Matadeixe
- Urriak 22: Bergarako Osintxu auzoa, 22:00
- Azaroak 18: Donostiako Le Bukowski taberna, 20:00