euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Joan Mari Torrealdai: "Falta zaigu euskalgintzak elkar hartuta bere egiteko estrategikoan sinestea" (Berrian)

2016/03/12

Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jasoko du gaur Torrealdaik. Euskararen eta euskal kulturaren alde "erreferente" eta "eredugarri" izan delako saritu dute. Papereko elkarrizketaren bertsio luzea da hau.

Lotura: Berria

Garikoitz Goikoetxea. "Esker onez, eta lotsa pixka batekin ere bai". Hala jasoko du Manuel Lekuona saria Joan Mari Torrealdaik (Forua, Bizkaia, 1942). "Sari partekatua" izango dela iragarri du. Eusko Ikaskuntzaren saria Martin Ugalde kultur parkean jasotzea erabaki du. Torrealdairentzat ikurra da kultur parkea. "Herri ekimenak egindako gunea da. Geuk geure indar soilez egindakoa. Beti instituzioen dependentzian egon partez, horrelako egiturak sortuko bagenitu, beste oilar batek joko liguke". Ibilbideagatik jaso du saria, eta hori errepasatu du elkarrizketan.

Zer moduz osasunez?

Ondo. Ez nahi bezain ondo —beti nahi duzu gauzak azkar mugitzea—, baina ondo. Psikologikoki oso ondo nago; hori da printzipala. Baina bai adinagatik, bai gaitzaren ezaugarri bat hori delako, prozesuak luzatu egiten zaizkit. Esfortzu bat egitean, ordaina uzten du. Lehen astebetean egiten nuena egiteko, hamabost egun behar ditut orain.

Maiz, kalbariotzat jo duzu atxiloketa eta ondorengo prozesua. Mina askatzen ari da?

Mina ez dakit zer den. Gorrotorik, esate baterako, ez daukat. Uste dut minik txarrena gorrotoa dela, barrutik jan egiten zaituelako. Ez dut sekula izan. Badaukat min pertsonala: uste dut kalte egin didatela. Familiari ere bai. Eta min kulturala, izugarria: lehenengo periodikoa sortu, ametsa zena amesgaizto bihurtu... Kultur genozidio saio baten pareko jarriko nuke ia-ia, ez zaidalako iruditzen euskarazko lehen periodiko normalizatua horrela erail daitekeenik. Gainera, inpunitate guztiz.

Barkamenik espero duzu? Zain zaude?

Ez. Bai zera! Ez barkamenik, ez bestelakorik. Barkamena kontzeptu bat da, baina erreparazioak baditu beste kontzeptu asko ere, eta ez ekonomikoak bakarrik. Ez dut espero. Uste dut beharko genukeela, eta borrokatuko dut horren alde. Etikagatik. Estatuak aitortu behar du berak egindakoa. Baina espero? Estatu espainola ezagutzen dut. Europa Ernazimenduan zegoenean, Espainia Amerika kolonizatzen; Europan Ilustrazioa zabaltzen ari zenean, Espainian Inkisizioa ortodoxia defendatzen; eta gero 40 urteko frankismoa izan dugu, besteak Europa berria sortzen ari ziren garaian. Beraz, ez daukat inolako esperantzarik, baina borrokatu egin behar dugu.

PPko kideren batekin hitz egiteko aukera izan duzu urteotan?

Eskatu genien elkarrizketa. Alderdi guztiekin egon ginen itxieraren ondoren. Telefonoa behintzat hartu ziguten, eta esan ziguten hitzordu bat jarriko zigutela. Gaur arte.

Zure ibilbideari begiratuta, lehen geltokia Arantzazu izan liteke. Zer da Arantzazu zuretzat?

Gauza asko batera. Erlijioa bizitzeko modu bat, frantziskotartasunaren modu hori, herriarekikoa. Zerbitzua zen lan guztia, ez indarguneetan egotea. Uste dut horrek beti uzten duela halako zoru bat. Horrez gain, guk zorte handia eduki genuen, urte haietan Arantzazuren berrikuntza etorri zelako. Bertatik bertara ezagutu izan ditugu artistak, Oteiza eta beste asko. Lucio Muñoz bera ere bai: komunista zen, eta hark egin zuen hango absidea. Horrelako gauzak posible ziren urte haietan, ausartak izan zirelako kudeatzaileak. Kulturaren mundua ere bizi-bizi zegoen: Aresti, Oteiza, Blas de Otero... Asko hara joaten ziren. Ezkertiar progresisten artean bilera mordo bat egiten ziren klandestinoki. Euskaltzaindiak berak ere Arantzazu aukeratu zuen gerra osteko lehen bilera egiteko, 1956an. Euskal Herria ulertzeko modu bat zor diot nik Arantzazuri; probintzien eta txokokerien gainetik Euskal Herria bere osotasunean ulertzeko modu bat. Osotasun bat. Handik ekarri genuen euskara batuarena. Guretzat natural-naturala izan da. Eta gero Jakin, han sortu zen 1956an. Hori izan da nire bizitzako ardatza. Esan liteke biologikoki Foruan jaio nintzela, eta kulturalki, Arantzazun.

Apaiz bokazioarekin joan zinen, edo beste zerbait zen Arantzazu?

Ez da erraza esatea. Bokazioa zer den ere ez dakit oso ondo. Foruan ikastetxe bat zegoen; fraidekiak egoten ziren han, 14-16 urteko mutikoak. Haiek, niretzat, eredua ziren; ni, berriz, baserritar gizajo bat... Haiek seinalatzen zidaten bidea, zein izan zitekeen nire etorkizuna: ikasi. Eta jolastu ere bai, zeren nik ez nuen jolasten, eskolatik baserrira lanera etortzen ginelako. Hortik sortzen da bokazioa —bokazioa da hori? Fraide izateko bokazioa?—. Seminarioak ziren orduan euskal unibertsitaterik ez zegoen herri honetako unibertsitateak. Guk han ikasi genuen, han formatu ginen, garai hartako balioekin. Oso ondo moldatu izan naiz testuinguru horretan; gero beste bide bat hartu dut, baina sekula hausturarik izan gabe. Bide baten hurrengo pauso gisa.

Geroztik, zer harreman izan duzu Elizarekin? Distantziazkoa?

Distantzia fisikoa, bai. Frantziskotar lagunekin edo frantziskotar espirituarekin —xalo, apal, herriko...—, ebanjelioa bizitzeko modu xamur horrekin gelditzen naiz, Elizarekin baino gehiago. Instituzioarekiko distantzia psikologiko handiagoa dut. Lehen ere beti izan gara uharte txiki bat. Integrazio handirik gabekoa. Gotzaina eta horiek ez dira sekula izan, ni barruan egon naizenean ere, gure nagusi. Adiskide handiak ditut Arantzazun, eta oso gustura joaten naiz. Baina ez nago barruan.

Euskara batuaren sorlekua da Arantzazu. Beti sinetsi duzu euskara batuan.

Bai. Bi tradiziok bat egiten zuten gurean, Jakin-en. Bata da Euskaltzaindiko batzuen aldetik jaso genuena —Krutwig, Txillardegi, Villasante—, eta bestea, gurea propioa. Jakin-en nobedadea hau zen: gerra osteko lehenengo belaunaldi autonomoa zen. Haiek sortu zuten, ez gerra aurreko Orixek, Labaienek edo Lekuonak. Gazteek beraiek sortu zuten proiektua. Ez zen barrurako: plataforma bat zen. Kezka nagusi bat zen gazte haientzat euskara eta kultura uztartzea. Ikusten genuen euskara oso ondo zegoela bertsolaritzarako eta herri mailarako, baina hizkuntza batek salbazioa kulturatik dauka. Gu intelektualakginen, seminariotik paseak, eta maila horretako euskara bat behar genuen. Jakin zen horretarako tresna. Hasieratik hasi ginen, esate baterako, hiztegi kultural bat sortzen. Kultur tresna gisa, eta Euskal Herri osorako. Euskara batua ezinbestekoa izan da guretzat, eta gure borroka ere bai.

Osasuntsu dago euskara batua?

Hobe beharko luke. Nahaste batekin gabiltza momentu honetan. Badakit penduluaren legearekin mugitzen dela gizartea, modaz aparte, baina gaur egun hizkuntza formalaren terrenoan bakarrik geratzeko arriskua du euskara batuak. Arau emailetza hori —beharrezkoa zena— agian urrutirago joan da. Edo euskara batuaren irudia hortik gehiegi pasatu da. Eta, orduan, hizkuntza batuak behar duen tornuia, izen on hori, ez dauka momentu honetan. Nahaste bat iruditzen zait herri gisa eta kultura gisa. Neu dialekto batetik nator, herriko hizkuntza xehe batetik, baina bereizi behar dira erregistroak; badira tresna edo leku edo posizio batzuk euskara batua ezinbesteko egiten dutenak. Eta horiek ez dira errespetatzen ari momentu honetan. Herriko euskara biziaren izenean zabor ugari ari da zabaltzen bazterretan, eta euskaldunok elkar ulertzea zailduz doa.

Jakin aipatu dugu. Seminarioko gazte haientzat, zer zenJakin?

Ni Jakin-en sartu nintzenean zortzi bat urte zeramatzan. Klub bat bezalakoa zen. Hor zeuden Joseba Intxausti, Kepa Enbeita, Joxe Azurmendi, Pello Zabaleta... Prestigio handia zuen. Estudioetan hobentsuen zebiltzanak ziren, eta hor onartu ninduten. Sari bat izan zen. Kanporako aukera izugarria ematen zuen. Ni 21-22 urterekin sartu nintzen, eta hor harremanetan zaude Etxaiderekin, Labaienekin, Orixerekin, Txillardegirekin, Arestirekin... Zeure burua hor ikusten duzu, eta seguruenik autoestimua ere handitu egiten zaizu. Guretzat, irteera handia izan zen. Urte haietako Arantzazu, niretzat, Jakin-ekin lotua dago, gauza guztien gainetik. Erabat laiko bihurtu genuen, eta herriko aldizkaria izan zen. Kalera jaitsi genuen. Bokazioz kaletarra zen. Guztientzako plataforma izan zen.

Nahi zenuen lekuan utzi duzu Jakin?

Ez dut utzi nahi nuenean; nahi dudan lekuan eta nahi dudan lagunekin, bai. 42 urte aritu naiz zuzendari; 53 urte aritu naiz oraingoz Jakin-en, eta aurrera segitzea pentsatzen dut. Urte kopuruarekin berarekin, garbi gelditzen da zein izan den nire kokagune nagusia euskal kulturaren baitan. Aspalditik neukan transmisioaren kezka. 50 urte bete genituenean, 2006an, egin nahi nuen transmisioa, baina nire bizitza erabat aldatua zuenEgunkaria-ren itxierak; 2006an epaiketa oraindik aurrean zegoen. Miramarren egindako ekitaldian esan nuen transmisioa egin behar genuela, baina ezinezkoa gertatu zitzaidan. Nire bizitza kultural eta pertsonala erabat baldintzatua zegoen orduan. Lehenago egin nahi nuen, baina egin dudan momentuan oso pozik nago. Aurretik landu nuen proiektua bera, fundazio bat egin dugu, proiektua blindatu dugu, eta oso esku honetan utzi dugu. Gure balio nagusi horiek oso ondo ordezkatzen ditu Lorea Agirrek, bere aktibitate intelektual bete-betean dago, eta emateko asko dauka. Jakin bera ere aldatuko du. Ez da izango gure ordezkapen bat; etorkizuna hobetzeko indar berria izango da. Gainera, kontu egin gu oso tradizio maskulinokoak garela; emakume baten esku uzten dugu.

Liburuen azterketa izan da beste lan ardatzetako bat. Argitalpen horiek gizartearen ispilu ere izan dira?

Liburuaren munduan soziologiatik sartu nintzen. Nire perspektiba zera zen, produkzio intelektualak islatzen duela gizartea bera. Hortik abiatu nintzen. Uste dut baietz: produkzioak islatzen du gizartearen eragintza zertan dagoen. Zaila da liburuz liburu hori frogatzea, baina zer liburu mota egiten den ikusita begi bistakoa da. Esate baterako: gaur egun zergatik da narratibagintza generorik erabiliena? Gaurko gizarte motari erantzuten dio horrek. Poesia izan da erabiliena euskal kulturan, errepresio giroetan-eta, bestelako arnasa emateko modu bat. Beste fase batzuetan antzerkia izan da nagusi.

Lan deskriptiboak izan dira gehienak. Zergatik?

Ikusgarritasuna emateko euskal kulturgintzari. Gu klandestinitatetik gatoz. Gazteek ezagutu duten klandestinitatea gehienez ere politikoa da, batzuen klandestinitate politikoa. Baina gizarte osoa klandestinoa denean, adierazpen askatasuna posible ez denean, euskal libururik ezin denean idatzi ez delako publikatzen ahal, ezin delako erosi... Uste dut horrek markatua nagoela neurri batean. Nire egiteko handienetako bat izan da euskal kulturari ikusgarritasuna ematea. Egin ditudan lanak —Euskal idazleak gaur, Euskal kultura gaur...— zera esateko ziren: "Errealitate bat badago hemen. Errealitate hori ez da ezagutzen, baina existitzen da". Euskal mundua unibertso bat da, ez eranskin edo zatitxo bat. Osotasun bat badago hor, baina ez da ezagutzen. Orain esaten da bi kultura —erdal kultura eta euskal kultura— bizkar emanda egon direla. Ez da egia. Gu erdal kulturaren barruan ere bagaude; haiek daude gugandik aparte. Beraz, planteamendua egiten badugu era horretara, sekula ez gara iritsiko gauzak ondo analizatzera. Gure tragedia da subsumituta gaudela erdal munduan: edo euskara ez dakitelako edota euskara jakinda ere beren erreferentzia mundua kanpoan dagoelako, gure mundua ezezaguna da haientzat. Eta ezagutzen ez dutenez, gero bihurtzen da bigarren mailakoa, interesik gabea... Ezagutu ere egin gabe. Klandestinitate garaian normala da hori. Baina gero telebista publikoa etorri denean, eta abarretan, ez du bere funtzioa behar bezala bete. ETB2k ez du eman ETB1en sartzen zen mundu horren berririk. Bi mundu gisa ibili izan dira. ETB1 asko umeen mundura joan da, eta kirolera. Egia esan, 40 urteko gizon intelektual batentzat zer elikatu gutxi eman dio. Hori ere diglosiaren bertsio mediatikoa da: zertarako erabiltzen den euskara euskarazko medio batean? Ez da osoa telebista hori. Horrek asko kezkatu nau beti. Hori ez dugu ondo kudeatu. Egunkaria izan da aurrena —eta BERRIA gero— mundu oso bat adierazi duena, hor bakarrik ere bizi daitekeela. Baina kanpokoek ez dute ikusten, hizkuntzaren edo interes faltaren traba dagoelako. Nire kezkarik handiena da mundu hori ikusgarri egitea: guk badugun eta bizi dugun eta egiten dugun eta eragiten dugun mundu hori ikusgarri bihurtzea.

Euskal komunitateak ere eduki du kanpokoarekiko gehiegizko mira?

Gurea ez da horren ugaria, hori egia da. Gureak bere mugak dauzka. Baina bada. Existitzen da. Nik uste dut kanpokoaren lilura badagoela, eta globalizazio garaian zer esanik ez. Erreferentzia mundu oso kanpokoarekin bizi gara. Iruditzen zait herri handiek barruko sistemak-eta askoz hobeto elikatzen dituztela, eta barnekoaren erreferentzialtasuna landuz, gutxiago daukatela kanpoko erreferentzia. Gaur egun, askoren lanak irakurrita, Euskal Herriak ematen du New Yorkeko auzo bat dela; gehiago ezagutzen dute New Yorkeko egoera Euskal Herriarena baino. Itsaso handia da hori. Azkenean, barrutik hustu egin gaitezke. Komunikazioaren munduan, zer indar dauka komunikazio abertzaleak? Eta horren barruan euskarazkoak? Zer indarrekin jokatzen ari gara? Ez daude bi mundu elkarri bizkar emanda; gu bestearen barruan gaude. Transmisioaren beste kate bat eskola da. Ni asko kezkatzen nau jatorriz erdarazkoak diren testuak gehien saldutakoak izateak; haientzat, Euskal Herria Hendaian bukatzen da, eta Nafarroa eta Burgos maila berekoak dira. Guk hori onartu egiten dugu. Naturala da guretzat. Eusko Jaurlaritzarentzat ere bai, nahiz eta indar abertzaleen esku egon. Gipuzkoan gehien hedaturiko komunikabidearentzat, Ermua ia atzerria da, eta Bizkaian haren kidea dena Eibarreraino iristen da. Zatikatze horrek egunero-egunero busti egiten du, zirimiriak bezala. Hori normala dela iruditzen zaio jendeari. Orduan, zure indar eskasekin, nola iraultzen duzu errealitate hori? Nik, nire indar eskasekin, errealitate horren berri emanez. Ikusgarritasuna transmisioarekin lotzen baduzu, nire gako nagusiak harrapatu dituzu.

Biblioteka Nazionalarena beteko ez den amets gisa daukazu?

Aukera galdu bat da. Hasieratik bertatik. Aurreko mendearen hasieran planteatu zen. Katalanek lortu zuten: biblioteka nazionala eta hizkuntz akademia. Horren imitazioz, Eusko Ikaskuntzaren sorrerako jardunaldian planteatu zuten, baina ez zen egin; hizkuntz akademia egin zen. XX. mendearen lehen partean, saio batzuk egon ziren, baina ez zuten lur hartu. Gero, Eusko Jaurlaritza etorri zenean, beste aukera galdu bat: ez zen horren premiarik ikusi. Euskadiko Orkestra, bai, egin zen, zerotik sortua. Konbentzitua nago biblioteka nazional baten planteamendua orduan egin izan balitz, gaur edukiko genuela. Ez zen egin. Geroztik erreibindikazio solteak egin izan ditugu, baina indar gutxirekin. Instituzioek ez dute aintzat hartzen. Orain, gainera, badirudi ez dela modernoa. Nik dakidana da Miterrandek Frantzian sekulako biblioteka egin zuela ez direla hainbeste urte. Zergatik? Haiek estatu zentzu bat daukatelako, eta badakitelako hori ere inportantea dela. Ez da liburu analogikora mugatzen hori; memoria historikoa eta ondare historiko guztia biltzen du. Analogikoa, digitala eta era guztietakoa. Hori hemen ere egin daiteke. Esperantza handirik ez daukat.

Egunkaria Sortzen-en aritu izan zara. Lan diplomatiko handia egitea tokatu zitzaizun?

Harremanak lantzea eta ertzak borobiltzea zen gure egitekoa, eta, batez ere, gure proiektuaren izaera azaltzea instituzioetan eta gizarte eragileetan. Hori etengabe egin genuen. Ez beti erraz.

Begiratu txar asko jasan behar izan zenituen?

Mesfidantza asko. Giroan mesfidantza zen nagusi. Salakuntza inplizitu edo zeharbidezko asko. Gu beste norbaiten zerbitzura geundela geu konturatu gabe —tonto erabilgarria esaten zaiona—, ez genekiela zertan ari ginen, beste batzuen jostailu ginela... Horrelako asko. Oso mingarriak. Guk ere uste genuen errealitatea ezagutzen genuela, baina beti daude listoagoak, esaten dizutenak: "Zuek hori uste duzue, baina ez dakizue atzetik zer dagoen". Horregatik, paperak-eta agertzen zirenean, sekulako mina egiten zigun horrek guri, zeren eta haiei arrazoi ematen zieten, eta guri, kendu. Itxuraz. Gero epaiketan ikusi denez, itxura izan da, hutsa. Baina, politikoki, hori nahikoa izaten da egurra emateko.

Gerora Guardia Zibilak egin zituen tesien antzekoak lehenago beste batzuek egin zituzten?

Horrenbeste ez, ezta gutxiago ere. Baina hori iradoki, bai. Guardia Zibilak ez zuten erabat asmatu. Giroan bazebilen susmo hori, beste baten morroiak ginela. Ideologia jakin bat zabaltzeko sortu zela Egunkaria, instituzioen kontra. Orduko hemeroteka irakurtzea besterik ez dago.

Barkamenik eskatu dizute horrelako gauzak aurpegiratzeagatik?

Batek baino gehiagok. Baina batez ere horrek buelta hartu zuen epaiketako garaian. Egunkaria-ren lehen fasean, gu atera ginen lekutik atera ginen, borondate jakin batekin, politikoki batengana edo bestearengana lerratu gabe —horregatik kulturatik atera zen, euskaltzaleen kolore eta sentsibilitate asko zeuden barruan—. Baina inguruan politika oso liskartsua eta gogorra zegoen, eta giroan horrek ez zuen izan guk nahi genuen onarpenik. Baina gero, sarraskia egin eta gero, batzuk konturatu ziren azkenean beraiek ere iradoki eta mantendu zuten giro horrekin noraino iritsi ziren beste batzuk. Nik uste du buelta eman ziotela. Gogoeta pare bat egin zuten, eta buelta eman zioten. Guk gero eduki genuen onarpena hortik ere badator. Hasieran mahaiaren beste aldean genuen jendea gu babesten izan da, eta eskertuz, gainera, aukera hori eman genielako. Hori uste dut gure arrakasta handia izan dela. Nolabait esan, barkamena eskatzeko beste modu bat. Askoz ere eraginkorragoa. Bidegabekeriaz konturatu ziren, eta guri laguntza eman ziguten. Gauzak joan ziren bezala, beraiek ere barnean sentitu ziren. Sarraski horren biktima gisa ikusi zuten beren burua.

Behar adinako esker ona jaso duzu?

Gehiegi ere bai. Esker ona jasotzeko modu asko daude. Mendian zabiltzala, gazte bat etortzen zaizu, eskua eman, eta esaten dizu: "Zorionak, eta eutsi gogor!". Eskerrak ematen dizkizu egiten ari garen defentsagatik, euskalgintzaren defentsagatik. Edo gasolindegi batean, beste batek lepoan jo, eta esaten dizu: "Segi, e? Segi horrela!". Askotan hunkitu izan naiz. Oso eskertua nago, eta lotsatua, batetik, batzuetan nigan zentratzen delako, niri errazago esaten didatelako, adinagatik edo. Nik ez dut niretzat hartzen: zerbait ordezkatzen duen pertsona bat naiz. Eta lotsaren beste parte bat da hemen gehiago sufritu duen jende asko dagoela. Eta ez gara inor gogoratzen haietaz. Zuk zurea ikusten duzunean, saritua zarela, haiekiko halako lotsa bat sortzen zaizu.

Torturaren gaiak pisu handiagoa hartu zuen zuen testigantzaren ondoren?

Mesede handia egin diogula uste dut. Niri kosta egin zitzaidan asumitzea eta plazara ateratzea. Atera naizenean, liberatu egin naiz. Ez daukat erreparorik edozeinen aurrean azaltzeko. Narratiba soil bat egitea aski da. Eskuliburu batekin joan izan den teoria hori pikutara bota genuen, gure sinesgarritasunagatik. Eskuliburuaren gai hori tartetik kentzea torturari sinesgarritasun handia ematea da. Hemen misterioa da torturarik gabeko herri honetan torturatu asko dagoela. Torturatuak badaude, baina tortura ez omen da existitzen. Guk horri existentzia eman genion.

Indarrez itxi zuten Egunkaria. Iritsi zen zuek amestutako Egunkaria izatera?

Bidean zen. Ez ginen iritsi. Egunkaria noiz harrapatu zuten? Salto kualitatibo bat ematen ari zenean. Hamar urte eginda, salto bat egin behar dela ikusi zen: aberastu zen produktu gisa, kolorea sartu, herrietarako saltoa eman, Internetera... Ekonomikoki eta enpresa ikuspegitik planteamendu berri bat dago. Egoera on batera iristen ari ginen: profesionalki kazetariak bere agenda eginda dauka, jendea ezagutzen du, helduagoa da... Hamahiru urte ere ez genuen egin; epaiketari begira ia beste hainbeste egin dugu. Ametsa gauzatzen pasatu genuen denbora eta amesgaiztoa kendu ezinik pasatu genuena berdintsua da, hilabete batzuk gorabehera.

BERRIA bada amesten zenuten egunkaria?

Bada. Helduagoa da. Lehengo eskarmentutik ikasia da. Segida bat da. Progresio batean, hurrengo pausoa.

Zer utzi du Egunkaria-k historiarako?

Sortu izana, lehenengo. Eta sortu izana euskalgintzaren baitan. Leku naturalean. Hori ez da inportantzia gabea. Ez da indar politiko batek sortu duela, edo enpresari batek; euskalgintzak, herri ekimenak, gizarte kulturalak sortu du. Indar bateratzaile gisa sortu zen. Beste gauza bat da herri honetan denena izatea oso zaila dela; baina ez zen inorena. Guztiona izatera ez zen iritsi, baina ez zen inorena. Hantxe bertan zeudenena zen: euskalgintzaren produktu propioa zen, eta da orain. Enpresa bat sortu zen ezina zela esaten zen lekuan; euskara prestatu egin zen horretarako, apustua irabazi egin zen; estilo liburua sekulako saltoa izan zen; elkarrekin lan egitea ezina zenean posible bihurtu zuen. Barne balio handia izan du nazio mailako produktu bat egitera iristeak.

Itxiera hartan, paperak eraman zizkizun Guardia Zibilak. Bueltatu dizkizute?

Batzuk, bai; beste asko, ez. Oso zaila da jakitea zer eraman zuten ere. Asko eraman zutela badakit. Nire aurrean hartzen zituzten, eta nire aurrean dosierrak desegin egiten zituzten. Izugarri eraman zidaten. Egunkaria-rekin zerikusirik ez zeukana. Esan nien Egunkaria-rena non zegoen, baina gainerako guztia ere eraman zuten. Sarraski bat. Itzuli dutena dena desordenatua dago. Elkarrizketa bateko apunteen paper bat aurkitzen duzu, baina besteak non daude? Material pila bat erabili ezinik daukat. Eta beste asko ez zaizkit etorri. Hori ere ez da borondaterik gabe egina. Ezabatu egiten dizute memoria, badakitenean ni bezalako baten indarra bere dosierretan dagoela.

Zure produkzioan eragin du horrek?

Nire produkzioan aurrekoa eta gerokoa dago, Egunkaria-ren itxierak mozten duena. Nire bibliografia begiratu besterik ez dago. Nire informazio bilketan oinarritutako lanik ez dut egin geroztik; hori desagertu zait. Geroztik egin ditudanak gehiago izan dira momentukoak edo neure indar propioz egin nitzakeenak, ez metatutako materialez baliatuz eginak.

Euskalgintzan urteetan aritu zara. Nola ikusten duzu euskalgintzaren egoera?

Oso askotarikoa da euskalgintza, aberatsa. Profesional asko dago; militantzia ere badago. Errealitate egonkortu bat da. Falta zaiguna da elkar hartuta euskalgintzak bere egiteko estrategikoan sinestea. Oraindik, nahiko multzoka goaz. Hizkuntza politikan, esate baterako, gu ikusle batzuk gara. Ez gara aktoreak. Errua instituzioei emango diegu, gurekin ez dutelako kontatzen. Baina geuk zergatik ez dugu bat egiten? Trinkotzea zergatik ez dugu gure artean egiten? Gu gizarte zibila garen aldetik —eta Katalunian pentsatzen ari naiz—, geuk esan besteei nola jokatu beharko luketen, geuk egin aurrelan hori? Hor ikusten dut oraindik iritsi gabeko aldi bat. Nik uste iritsiko dela. Kontzientzia hartu behar dugu gure baitako indarrak bildu behar ditugula, gure mundu sinbolikoa eta erreferentziak geuk sortu behar ditugula.

Bizkarra ematea maiz aipatu da, giro gatazkatsua. Beste egoera politiko bat zabalduta, esate baterako gatazka armatua gaindituta, aukera ikusten duzu aldaketak egiteko?

Premia ikusten dut. Borroka armatuarena horretan aitzakia izan da beste ezer baino gehiago. Nahiko autonomia badute kulturak eta euskalgintzak. Hemen kulturako jende gutxi egon da bateko eta besteko indar armatuen zerbitzuan. Hori aitzakia da, elkarrekin lan ez egiteko aitzakia. Orain estatu mailan den bezala, lehen ere askotan hemen hala izan da. Politikak indar gehiegi dauka, irentsi egiten du gizartea. Politikak presentzia handia dauka. Politika partidistaz ari naiz. Horren aurrean, guk geure indarren diagnosi bat egin behar dugu, eta bat egin. Geuk sortu alternatibak, proposamenak, estrategiak. Hurrengo salto kualitatibo handia hori izango da. Hori da nik katalanengandik miretsi izan dudana. Hori da bidea.

Salaketa hutsetik proposamenera pasatzea?

Etorkizunaren guraso baino gehiago, iraganaren haur gara. Instituzio prozesua euskalgintzarekiko liskar batean sortu zen. Hasiera hartan, egon zen sustituzio fase bat ere. Gauzak ez ziren ondo joan. Asko sentitu ginen mespretxatuak, aintzat hartu gabeak, urteetan lan egin ondoren. Kontu egin behar da instituzioen aurretik sortua dela euskara batua, euskalduntze-alfabetatzea, ikastolak... Eta gero ez da ondo egin bataren eta bestearen arteko lotura. Oraindik hori jasaten ari gara pixka bat. Etorkizunaren egile izan behar dugu, pentsatuz etorkizunak iragana baino handiagoa izan behar duela. Bestela, herri gisa galduta gaude. Hor uste dut beste planteamendu bat egin behar dugula; lehengo estrategiek ez dute balio. Aitzakiak aitzakia, beste fase batera pasatu behar dugu.

Euskaltzain oso zara 2007tik. Zer rol daukazu Euskaltzaindian?

Euskaltzaindian ere faseak egon dira. Euskaltzaindia bi gauza izan da hasieratik, Iker eta Jagon: corpusean lan egiten duena, baina baita ere estatusaren alde jokatzen duena. Babes handia eskaini zien horren inguruan sortu ziren alfabetatzeari, eta abarrei. Instituzioak etorri zirenean, Euskaltzaindiak corpusaren alderdia indartu zuen. Urte batzuk pasatu dira, eta zuzendaritza berria etorri zenean, konturatu zen corpusa ez dela %100, estatusak ere lekua behar duela, eta euskalgintzarekiko lotura. Nirea testuinguru horretan hartuko nuke: nirea ez da hiztegigintza eta gramatika. Beste alderdi batzuk edo euskalgintzarekiko harremanak nola landu, Euskaltzaindiaren lekua gizartean... Neure burua Jagon-en gehiago ikusten dut.

Bada jendea esaten duena Iker-era begiratu beharko lukeela akademiak. Esaterako, euskara biziberritzeari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Euskaltzaindiak, eta kexu batzuk ere sortu dira, hori ote den Euskaltzaindiaren rola.

Niretzat, bada. Akademia da, baina hizkuntza minorizatu baten akademia. Bere leku naturala euskalgintza du. Ez da akademia klasiko bakartu bat. Badakit horrela pentsatzen dutela batzuek. Nik esaten dut horretaz aparte Euskaltzaindiak bere jatorritik dauzkala Iker eta Jagon. Bi beso dauzkagunean, bati zergatik egin behar diogu uko? Nolabait euskalgintzaren ordezkari bagara eta euskalgintzarekin batera aurrera egin nahi badugu, estatusak berak inportantzia handia du. Ezin dugu estatusarena instituzioen esku bakarrik utzi. Guk ere zeresana badaukagu, Euskaltzaindiak eta euskalgintzak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia