euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Jean Louis Davantek jasoko du Manuel Lekuona saria (Berrian)

2016/10/10

Jean-Louis Davant (Ürrüstoi-Larrabile, Zuberoa, 1935) filologo eta euskaltzaleak eskuratu du 2016ko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria.

Lotura: Berria

Mikel Lizarralde. Epaimahaiak nabarmendu du euskararen eta euskal kulturaren eremuan egin duen ahalegina, eta haren ekarpena azpimarratzekoa eta goraipatzekoa izan dela esan du: "Bat egiten du Manuel Lekuonak euskara eta euskal kultura indarberritzeko izan zituen kezkekin", eta belaundaldi oso baten erreferente bilakatu da. Izan ere, "Zuberoako errealitatea argi islatzen du berak, eta bere lana Euskal Herri osoari eskaini izan dio beti, katea eten ez dezan lagunduz". Epaimahaiak azpimarratu nahi izan ditu Arantzazuko bilkuran eginiko ekarpenak, eta 1960ko hamarkadan euskararen batasunaren zorua adosten saiatu zen Ipar Euskal Herriko azken lekukoa dela esan du. Halaber, ezaguna da pastoralgintzan egin duen ekarpen oparoa eta zabala.

Irabazlearen hautaketan, herritarrek eta epaimahai instituzionalak hartu dute parte. Eusko Ikaskuntzaren bazkideen bozkak %30eko pisua izan du azken emaitzan, Euskal Komunitate Globalarenak %10a, eta falta den %60a epaimahai instituzionalaren esku geratu da. Azken horri dagokionez, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskaltzaindia, Aranzadi Zientzia Elkartea, Labayru Ikastegia, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, Vianako Printzea Erakundea eta Eusko Ikaskuntzak berak osatu dute.

Sari-emate ekitaldia 2017ko lehenengo hiruhilekoan egingo dute.

Irabazlearen ibilbide profesionala

Jean-Louis Davantek Laborantza ikasketak egin zituen Angerseko Mendebaldeko Unibertsitate Katolikoan. 1957an eskuratu zuen Agronomia Ingeniari titulua. 1961ean, Piarres Xarritonen zuzendaritzapean, Hazparneko Laborantza Eskolaren sortzaileetarikoa izan eta bertan hasi zen lanean. Agronomia eskolak ematen jardun zuen 1995ean erretiroa hartu arte.

1960an Enbata talde abertzalearen bultzatzaileetariko bat izan zen, Piarres Larzabal eta beste askorekin. Ondoren, Euskal Herriko Alderdi Sozialista (EHAS) (1975) eta Euskal Batasuna (1986) alderdien sorreran parte hartu zuen.

Herri Ekintza kristau taldeko burua izan zen, orobat, 1962-1969 bitartean. 1968an Fededunak taldearen sorreran parte hartu zuen, Piarres Xarritton, Jean Hiriart-Urruti eta hainbat lagunekin.

1963an, Baionako Euskal Idazkaritza Elkartearen kide izan zen, euskara idatziaren batasunari bidea bilatzeko. Baionako Biltzarraren Erabakiak 1964an aurkeztu zituzten, Piarres Lafitte euskaltzainaren zuzendaritzapean. Euskaltzaindiak, Arantzazuko Biltzarrean (1968) Baionako erabakiak ontzat eman zituen, Koldo Mitxelenaren txostena bere egitean. Euskaltzaindian, izan ere, bereziki onomastikaren eta hiztegigintzaren alorretan aritu da 1978tik.

1984tik aurrera Hazparnen AEKko irakasle izan zen, gau eskolak ematen, eta Euskal Pen Klub berreginaren buru aritu zen beranduago. Halaber, Sü Azia elkarteko kide da.

1980an literaturaren bidean sartu zen, bereziki olerkian. Euskaraz genero guztiak landu ditu: eleberria, saiakera eta poesia. Haur literaturako hainbat ipuin itzuli ditu.

Pastoral askoren egile da, hurrengo izenburu eta antzezlekuak izan dituztenak: Abadia Ürrüstoi (Maule, 1990), Eüskaldünak iraultzan (Gotaine-Irabarne, 1993), Agirre Presidenta (Arrokiaga, 1995), Xiberoko Makia (Sohüta, 2001), Antso Handia (Maule, 2004),Xiberoko Jauna (Ezpeize-Ündüreine, 2008) eta René Cassin (Sohüta, 2013).

1957az geroztik egunkari eta aldizkari askotan argitaratu ditu bere artikuluak, euskaraz zein frantsesez.Branka (1971), Zuzen (1972), Zabal (1973-1976) etaZehatz (1977-1980) aldizkarietako zuzendaritzakide izateaz gain, beste hainbat agerkaritan idatzi ditu artikuluak: Gazte, Herria, Enbata, Euskaldunak, Egia, Herriz-Herri, Jakin, Argia, Euskaldunon Egunkaria, Gara, Egin, Maiatz, Nabarralde, Le Journal du Pays Basque...

2010ean Euskaltzaindiak euskaltzain emeritua izendatu zuen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia