euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Javier Arzuaga oñatiarra, fraide frantziskotar izana, Habanan bizi izandakoa, "Kubako iraultzako kapilaua" hil da (Argian)

2017/02/28

Oñatiko frantziskotar ohia Habanako La Cabaña presondegian zeudenak artatzen aritu zen 1959an: "Che justizia-egilea ezagutu nuen, edonor hiltzeko gauza zena", aitortu zion elkarrizketa honetan Miel A. Elustondori. Argia astekariak Elustondok 2010ean argitaraturiko elkarrizketa hau berreskuratu du Javier Arzuagaren heriotzaren gertatu ondoren, otsailaren 28an.

Lotura: Argia.eus

Habana. Casa Blanca auzoa. San Carlos de La Cabaña gotorlekua, XVIII. mendeko eraikuntza. Parke historikoa, hainbat museo ditu barruan. Gaueko 9etan, tiro burrunba, “9etako kanoikada”, garai batean ordu horretan ixten zirelako hiriko ateak. Oroigarri bat... Haren beste alderdia ezagutu zuen Javier Arzuagak.

Javier Arzuaga: "Che justizia-egilea ezagutu nuen, edonor hiltzeko gauza zena"

Miel Anjel Elustondo.

La Cabaña, kokagune turistikoa gaur egun. Zer duzu zuk La Cabañako gotorlekua?

Justizia iraultzailea… Horma... Heriotzara kondenatuak eta haien kapilaua, ni, ondoan.

Duela 50 urteko kontuak. Zu, frantziskotarra orduan, Habanan.

1952ko martxoan apaiztu, eta hilabetera Kubara destinatu ninduten. Urrian heldu nintzen Habanara. Lau urtez, irakasle izan nintzen frantziskotarren seminarioan, Santiago de las Vegasen, Habanako aireportua dagoen alderdian. Tira, 1956an, Casa Blancako parroko izendatu ninduten. Habanako auzoa da Casa Blanca, marinel auzoa, badiaz bestaldean dagoena. Auzo horretan zegoen, eta dago, La Cabaña, Jesusen Bihotzaren monumentutik harantz. Hiru urte eta hilabete batzuk egin nituen bertako parroko. Azkeneko sei hilabeteetan –edo 1959ko lehenengo dozena erdietan; nahi duzun moduan esan–, La Cabañako kartzelako presoei laguntzen jardun nuen. Batistaren poliziak izanak ziren, edo haren armadakoak, gehienak.

“Justizia iraultzailea” esan duzu arestian.

Hantxe antolatu zirelako justizia auzitegiak. Ernesto Che Guevara zen La Cabañako komandantea. Urte hartako otsailean ireki zen hormara bidea, eta hantxe harrapatu ninduen ni. Sei hilabete iraun nuen hango kapilau. Ez nuen uzteko aukerarik ere. Bertako parroko nintzen, bakarra, eta egiteko huraxe agindu zidaten: “La Cabañara joan behar duzu. Heriotzara kondenatuei lagundu behar diezu. Zu izango zara beste mundura bidean haiei argi berdea emango diena”.

Lehenago ere ezagutzen zenuen zuk La Cabañako kartzela…

Bai. Batista garaian ere joan izan nintzen hara. Batistaren koinatua zen hango komandantea, Fernandez Miranda. Presoak bisitatu nahi nituela esan berari, eta haren erantzuna: “Ez, ez, oker zaude, hemen ez dago presorik”. Behin ere ez nuen lortu Batistaren kontrako presorik ikustea La Cabañan.

Gero, aldiz, Batistaren aldekoak izan ziren preso. Haiek ikusi zenituen...

Fandangoaren buelta: 1959ko urtarrilaren 6an Che Guevara hango komandante! Bada, hari ere joan nintzaion, presoak zirela-eta. “Komandante, mesede eske natorkizu. Tropari meza esaten segitu nahiko nuke, eta kartzelan dauzkazuen presoei ere lagundu nahiko nieke”. Che Guevararen erantzuna: “Lehenengoari dagokionez, ezta pentsatu ere. Tropa kontu horiek, hemendik aurrera kito! Preso jendeaz, ingura ezazu Santa Barbararen kaperako giltza. Zeuretzat. Gau eta egun, nahi beste lan izango duzu”. Eta egia izan, ez nuen lan eskasiarik izan! Presondegira joaten hasi nintzen, presoak bisitan. Hura preso pila! 300 bat lagunentzako etzalekuak izango ziren La Cabañan, baina han 800 preso baino gehiago ere eduki zituzten. Ez dakit txandaka lan egiten zuten, ala bata bestearen gainean. Ez dakit, baina ez dudarik izan: han ez zen ezertarako lekurik.

Epaiketak ere izan ziren.

Sosa Blancorena eta! Nik ez nuen haren berririk epaitu zuten egunera arte. Kirol jauregian epaitu zuten, oraingo kirol hirian. Baina epaitu aurretik zegoen hura kondenatua, hura eta beste bi. Fidelek Santiago de Kuban lehen diskurtsoa egin zuenetik zeuden hirurak kondenatuta: “Hiru horiek fusilatu egingo ditugu!”, esan zuen orduan Fidelek. Baina epaiketa itxura hura egin nahi izan zuen. Epaiketa arratsaldean, goizean egin nuen topo Sosa Blancorekin, presondegian. Ordurako nik banekien epaiketa izango zela… eta epaitu aurretik ere kondenatuta zegoela, bai Sosa Blanco eta bai beste biak. Haien kontra deklaratu behar zuten lekukoak La Cabañara eraman zituzten, zer esan behar zuten buruz ondo ikasteko. Sierra Maestrako guajiroak ziren. Buruz ikasarazi zieten adierazi behar zutena! Epaiketa heldu zen, ordea, eta defentsaren abokatuak buelta eman zion fandangoari, ulertzen ez zuten hizkuntza batean galdezka hasi zitzaien-eta guajiro haiei. Eta guajiroak urduri, eta fiskalak urduri, eta denak urduri. Azkenean, non edo non auzitegi kanpotik telefonoa jo zuen Fidel Castrok, epaiketa bertan behera utzi zezaten. Telebistaren aurrean jarrita ari zen epaiketa ikusten, eta ondoan izan zituen Che, Camilo Cienfuegos eta Raul, anaia… Ondoren, goizeko ordu txikitan, San Franciscoren komentura etorri zitzaizkidan militarrak, bila. “Zer, fusilamendua?”. “Ez dakigu!”, esan zidaten. Ni hartu eta La Cabañara. Sosa Blancorengana eraman ninduten. Besoetara etorri zitzaidan: “Erreza dezagun”, esan zidan. “Goazen, ni aurretik, zu atzetik… Aita gurea, zeruetan zarena…” nik, eta berak ondoren: “Aita gurea, zeruetan zarena…”. Hiru aldiz ere errezatu genuen. Ondoren, egunsentiko argia. Fusilatu egin zuten.

(elkarrizketaren gainerakoa irakurtzeko jo goiko estekara)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia