euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Ingelesera eraman dute Atxagaren 'Nevadako egunak' (El Diario Vascon)

2017/06/29

Ostegun honetan jarri dute salgai 'Nevada days', idazle asteasuarraren beste zenbait lan ere ingeleseratu dituen Margaret Jull Costak itzulia

Lotura: El Diario Vasco

M. Imaz. Bernardo Atxagaren beste liburu askorekin gertatzen den bezala, ez da erraza 'Nevadako egunak' sailkatzea, irakurketan aurrera egin ahala era batera hasten denak beste tankera bat hartzen baitu irakurlearen begien aurrean, haren gozamenerako. 2013an argitaratu zuen Atxagak, Pamiela argilatxearen eskutik, familiarekin batera 2007-2008 ikasturtean Nevadako hiriburu Renon igaro zuen boladaren kronika gisara.

Kronika bezala hasten da, gero nobela edo auskalo generoen arteko zein aurkikuntza eder bilakatzeko, urruti-urrutiko 'Obabakoak' bat izango balitz bezala. 2014 urtean, lan hibridotzat jo daitekeen horri esker Euskadi Literatura Saria eman zioten Atxagari. "Hitzaren magia dario Bernardo Atxagaren prosari liburu honetan", nabarmendu zuten ordukoan saria esleitu zioten adituek.

Orduz geroztik, beste hizkuntza batzuetako hitzetan isuri da Atxagaren prosaren magia. Itzulia izan da hain zuzen gaztelaniara ('Días de Nevada'), esloveniera ('Dnevi Nevade') eta frantsesera ('Séjour au Nevada'). Orain iritsi da munduko ate gehienak zabaltzen dituen ingelesera, 'Nevada Days' izenburuarekin. MacLehose Press argitaletxeak argitaratu du, eta ostegun honetatik aurrera dago eskuragarri paperezko bertsioa. Itzulpena, berriz, lehendik ere Atxagaren zenbait lan ingeleseratu dituen Margaret Jull Costak egin du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia