euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Iñaki Zapirain: «Korrika bada aitzakia ikasleen euskararen erabilera sustatzeko» (Berrian)

2024/02/07

Zapirain Korrikaren unitate didaktikoak sortzeaz arduratu da; uste du baliagarriak direla Korrikaren inguruko ezagutza transmititzeko eta ikasleak kontzientziatzeko.

Lotura: Berria

Irati Urdalleta Lete. Korrikari buruzko edukiak ikasleekin lantzeko ikasmateriala landu dute AEK-k eta Ikastolen Elkarteak; hain zuzen ere, lau unitate didaktiko ondu dituzte, Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko ikasleentzat. Iñaki Zapirain (Errenteria, Gipuzkoa, 1982) arduratu da proiektuaz, baina tartean «jende asko» ibili dela dio. Bereziki nabarmendu du Ane Beltranek egindako lana. Lan horren emaitza, Harro, Herri, Orro eta Korri unitateak, eskuragarri daude www.korrika.eus webgunean.

Korrikaren unitate didaktikoak aurkeztu dituzue. Zein eduki jarri dituzue eskura?

Eduki guztiak Korrikarekin lotutakoak dira. Ahalegintzen gara zenbait jarduera proposatzen, Korrikako aldi bakoitzak leloaren eta omenduaren bidez kontatu nahi duenaren ingurukoak. Jarduera gehienetan, gogoetarako galderak egiten zaizkie ikasleei hasiera batean, eta zerbait gauzatu behar izaten dute ondoren. Formatuari dagokionez, azken hiru aldietan unitateak modu digitalean egin ditugu.

Zenbateko garrantzia du haurrekin eta gazteekin Korrikaren inguruko transmisioa egiteak?

Uste dut, euskarak duen egoera ikusita, Korrika badela aitzakia euskararen erabilera sustatzeko eta modu ludiko batean jarduera batzuk ikasleei proposatzeko, hau da, ez Korrika ezagutzeko bakarrik, baizik eta euskara ere sartzeko. Gainera, aurtengo Harro Herri leloak horretarako aitzakia paregabea eskaintzen du; jardueren helburua bada harrotasuna sentitzea euskaldun izateagatik. Gainera, Azterketak Euskaraz kolektiboa omendua izateak laguntzen du ikasleek ezagut dezaten Euskal Herria bere osotasunean zer den, Iparraldean zein egoera duten eta zein garrantzitsua den elkartasuna adieraztea. Uste dut ikasle askok ez dutela Iparraldeko egoera hori ezagutzen, eta aukera ematen digu gaia mahai gainean jartzeko eta horretaz hausnartzeko. 

Aurrez ere landu izan dituzue Korrikaren unitate didaktikoak ikasleekin. Zer-nolako erreakzioak egoten dira ikasleen artean?

Jarduera gehienak ludikotasunarekin lotuta daude, eta oso gustura hartzen duten materiala da, nahiko dibertigarriak baitira. Horrelako edukiak modu ludiko batean lantzeak eragin positiboagoa dauka Euskara irakasgaian soziolinguistikaz hizketan aritzeak baino. 

Unitate didaktikoak AEK-k eta Ikastolen Elkarteak sortutakoak dira, baina Euskal Herri osoko ikastetxeetara zabaltzen dituzue. Zein erantzun jasotzen duzue?

Orokorrean, oso positiboa. Material oso osatua da, jarduera asko daude adin tarte bakoitzerako, eta oso zaila izaten da sekuentzia osoa jarraitzea eta jarduera guztiak egitea. Baina beti aipatzen dugu jarduerek hurrenkera eta lotura bat duten arren modu soltean ere egin daitezkeela.

Zein berrikuntza dituzte aurtengo unitateek?

Aldi guztietan saiatzen gara berrikuntzak txertatzen. Adibidez, Harro Herri leloan oinarrituta, ikasleei proposatzen zaie aho korapiloak sortzea eta hizkuntzarekin jolastea. Gainera, aurtengo iruditeriak sekretu asko dauzka, ze leloaren hondoan agertzen den irudi horretan, euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako ikono pila bat daude. Ikasleei proposatzen diegu hondo hori aztertzea, ikono horiek identifikatzea eta beraiek ere mural bat sortzea. Omenduekin lotuta, Iparraldeko egoera zein den aztertzeko lanketa egingo da geletan, eta ikasleei eskatuko zaie gutunak idazteko Azterketak Euskaraz kolektibokoei.

«Uste dut ikasle askok ez dutela Iparraldeko egoera ezagutzen, eta aukera dugu horren inguruan hausnartzeko».

Nabarmendu duzue edukiak zenbait irakasgaitan landu daitezkeela, ez Euskara irakasgaian soilik. Nola?

Gida didaktiko guztietan badago jardueren aurkibide bat, eta horietako bakoitzean taula bat dago; taula horietan adierazten da zein izan daitekeen jarduera hori gauzatzeko arduraduna: gelako tutorea izan daiteke, Plastikako irakaslea, Musikakoa, Gorputz Hezkuntzakoa... Euskararen erabilera sustatzea ez dugu Euskara arloaren gain bakarrik utzi behar, gainontzeko irakasle guztiek ere eragin beharko genuke. Horregatik ahalegintzen gara zenbait ikasgaitan landu ahal izateko jarduerak proposatzen. Gure aholkua zera da, irakasle taldeak ikustea zein material dagoen, eta bakoitzak ikus dezala zer egin dezakeen.

Irakasleei ere gidalerroak eman dizkiezue, beraz.

Webgunean unitate didaktikoen atalean ikasten dena ikasleei zuzendutakoa da. Harro eta Herri unitateak ikasgelako arbelean proiektatzeko dira, eta ikasle helduenen kasuan, zuzenean sar daitezke webgunean. Hori osatzeko, gida didaktikoak ere badaude saretik deskargatzeko moduan; horiek irakasleentzat dira, eta jarduera bakoitza gauzatzeko behar dituzten irizpideak agertzen dira horietan. 

Gainera, adin bakoitzera egokitutako proposamena egin duzue.

Bai. Guk buruan adin tarte bat daukagu jarduerak proposatzeko garaian, baina jarduera askotan ohar gisa adierazi dugu pixka bat konplikatu nahi izanez gero helduagokoen unitate didaktikoko zein jarduera egin dezaketen, edo alderantziz. Egokitzapenak egin daitezke.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia