Imanol Magro Eizmendi. Finalerako sailkatu zenetik, zoroen pare dabil Iker Irribarria (Arama, Gipuzkoa, 1996) elkarrizketa eta konpromisoekin. Hori gutxi ez, eta azterketa garaia etorri zaio gainera; ingeniaritza ikasten du, eta ez da gustura gelditu. «Uste eta nahi baino okerrago joan dira. Oso zaila da honaino iritsi eta bi gauzetan kontzentratzea. Ez da erraza, baina ez dago besterik. Espero dut pixkanaka urtea aurten ateratzea». Ezohiko heldutasuna dario bere adinerako.
Zer moduz daramazu finalaren inguruko guztia: hedabideak, sarrerak...
Ondo eramatea besterik ez da geratzen. Jendeak eta hedabideek presioa sartzen dute, eta onena hortik aparte mantentzen saiatzea da, baina ez da erraza
Lo egiteko arazorik edo?
Finalarengatik ez, behintzat. Nik partidaren ondoren izaten ditut arazoak, tentsioaren erruz, baina aurretik ez.
Ikusmin handia sortu da zure inguruan. Nabaritzen al duzu?
Bai. Ni ere harrituta nago, eta sinetsi eta neureganatzeko nago oraindik. Baina, tira, hau hobeto hartzen da, kolpe gogor bat baino.
Presio berezirik sumatzen al duzu horregatik?
Bai. Hedabideetatik urrunduz gero, hobeto doa dena, baina ezin zara guztitik aldendu. Presioa hor dago, eta badakit helduko dela. Baina, beste alde batetik, zerbait ona dela ere iruditzen zait; final bat da.
19 urte bakarrik dituzu. Etxean zer esaten dute gurasoek eta?
Hankak lurrean edukitzeko, baina haiek ere sinesteko daudela uste dut. Denok gozatzen ari gara, gurasoak, familia, aitona-amonak eta lagunak. Egia esatea nahi baduzu, honi buruz gehiegi hitz egiten dugu etxean. Askotan, beste gairik ez dago une honetan. Egunkaria irakurri... edozer egiten duzula agertzen da. Astunegia ere egiten da.
Kirolean arrakasta hain gazte iristen denean garrantzitsuak dira etxekoak.
Haiek lagundu naute honaino ailegatzen, eta hau haiekin gozatzea baino gauza handiagorik ez dago. Guztiontzat gurasoak bakarrak dira, eta haiek hemeretzi urtean egin duten lana ikaragarria da.
Pilota munduan, berriz, zein ari zaizu laguntzen?
Jokin Etxanizek debutatu aurretik eta entrenamenduetan ikaragarri lagundu nau. Sekulako pazientzia du nirekin. Eta, azken hilabeteetan, Jon Apezetxea. Aipatzekoa da finalerdietan, Bengoetxearen aurka, nirekin egin zuen lana, nola lasaitu ninduen unerik zailenean...
Hitz egitean helduagoa dirudizu. Esan al dizute noizbait?
Bai, baina oraindik ume bat naizela uste dut. Jarraitu dezatela hori esaten nahi badute. Baina, tira, kantxan edo aldagelan beste batzuk gara. Aldagelan, sekulako harrikada dudala esaten didate!
Nori esker zara pilotari?
Aita eta amari esker, eta aitonari esker ere bai. Nire atzetik egon dira beti, eta naizena haiei esker da.
Iazko martxoan egin zenuen debuta. Dena ez al doa oso bizkor?
Nik ere pentsatu izan dut agian azkarregi goazela. Debutatu, eta, segituan, 2. Mailako finalera; gero, binakako txapelketa; lau t'erdikoa, eta, orain, buruz buru egiten ari naizena. Niretzat sorpresa ikaragarria da, baina sorpresa hauek hobeak dira beste aldekoak baino.
Egon al zara noizbait buruz buruko final batean?
Bai, iaz Olaizola eta Urrutikoetxearen aurretik jokatzea egokitu zitzaidan. Badakit zer den, gauza ikaragarria, eta oraindik ez dugu estimatzen zer egin dugun. Denbora beharko dugu horretarako.
Esan balizute «Iker, hurrengo urtean zu hemen».
Sinatuko nuen.
Eta sinetsi?
Orain gaudela ez dugu sinesten, bada, pentsa orduan.
Garai onak eta txarrak aipatu dituzu. Zuk jada eskuko ebakuntza bat egina duzu, 17 urterekin, fibrosi bat kentzeko. Zure ezker eskuan orbaina garbi ikus daiteke oraindik. Zer gogoratzen duzu hartaz?
Garai gogorrak izan ziren, eta pilotari eta pertsona izaten lagundu zidaten. Orain, gerta dakidakeen edozein gauzak ez dirudi hain larria harekin alderatuta. Horrelako gauzak gertatu egiten dira, eta lesioak ere kirolaren zati bat dira.
Zenbat denbora egon zinen jokatu gabe? Pilota amaitu zela pentsatu al zenuen?
Bost edo sei hilabete, eta gogorra da. «Bukatu da» pentsatu nuen noizbait. Baina ez ebakuntza egin zidatenean, berriz jokatzen hasi nintzenean baizik. Sekulako mina nuen, baina egunero entrenatu eta eskuak egiten... lortu nuen jartzea. Pilotalekura etortzen nintzenean, behin baino gehiagotan bururatu zitzaidan uzteko aukera. Familia hor egon zen: inoiz ez zaitu bakarrik uzten. Haien eta nire lanarekin lortu genuen berriro hastea.
Debuta kolokan ikusi al zenuen?
Debuta beti izaten da buruan; ametsa da, eta uste dut eskuko lesioak nire debuta pixka bat atzeratu egin zuela, eta gorakada ere bai. Sei hilabete denbora asko da, eta garai txarrean izan zen, 17 urterekin... Salto gogor bat dago.
Nola iritsi zen debutaren albistea?
Albiste ikaragarria izan zen; aitari deitu nion, eta ez zuen sinesten. «Baina, nola? Zer egin gara, erotu?». Sorpresaz hartu genuen. Debuta uda aldera izango zela esan zidaten lehenbizi, eta, azkenean, martxoan izan zen.
Urte arrakastatsua izan duzu.
Ikaragarria izan da. Jokoan jauzia egin dudala iruditzen zait, eta final batera iristea ikaragarria da. Jauzi handia egin dut, baina handiagoa eman dezakedala uste dut.
Zertan egin duzu hobera urte honetan?
Fisikoki, mentalki eta pilotari gisa gora egin dudala uste dut. Lehen urtea oso garrantzitsua izaten da, eta kudeatzen jakin behar da. Baina esana dut: oraindik 19 urte ditugu, ume batzuk gara, eta ez dugu ezer egin.
Non dituzu ahulguneak?
Denek ikusi dituzte, eta antzematekoak dira. Eskuinarekin jauzia egin dut, baina oraindik handiagoa egin behar dut, eta, batez ere, hanketan.
Zein izan da unerik gozoena?
Hiru partida dauzkat oroimenean: binakakoan Ezkurdia-Barriolaren aurka irabazitakoa, Merinorekin, eta Olaizola II.a eta Bengoetxeari irabazitakoak.
Ikusi al dituzu berriz?
Bai, Bengoetxearena gauean bertan, eta Olaizolarena ere bai. Gustatzen zait ikustea; asko ikasten da partidak ikusiz.
«Hori ni al naiz?» pentsatu al zenuen?
Ez, ez... [barrez] «Ederra preparatu duk, ederra preparatu duk...» pentsatu nuen. Baina, tira, nik uste dut txapelketa honetan zortea izan dudala, eta urte osoan ere bai, lesiorik ez baitut izan.
Eskuak beldurra ematen al dizu?
Zaintzen dut. Nahiz eta minik ez eduki, Logroñora joaten naiz, masajistarengana, eta ez despistatzeko esaten dit, orbaina hor egongo dela bizi guztirako eta segitu egin behar dela lanean. Baina, tira, ezin zara horretan pentsatzen aritu beti, bestela beldurrak sartzen dira, eta hala ezin da jokatu.
Finalekoa erabateko ezustekoa izango zela pentsatzen dut.
Nola esperoko nuen? Pentsa, niretzat sorpresa izan zen Lehen Mailan jokatuko nuela aditzea [atariko bat jokatu zuen]. Inork ez zuen xentimorik ematen nire alde, eta, orain, jendeak faborito jartzen nau finalerako, baina badakit ez dela hala.
Urrutikoetxearen jokoa aztertzen hasi al zara?
Ez, badakigu zenbat jokatzen duen. Ikusi baino ez dago zer-nolako urtea egin duen. Hiru txapelak irabazi ditu, eta, orain, laugarrena lor dezake. Halakorik lortu duenik ba al dago historian? Horrekin dena esanda dago. Azken urtean errege izan da.
Belaunaldi aldaketa iritsi al da? Aurreko belaunaldikoek ba al dute zeresanik?
Dudarik ere ez izan, final batengatik ez da belaunaldi aldaketarik gertatzen. Ailegatzea gauza bat da, eta mantentzea, beste bat. Belaunaldi aldaketa iritsiko da, gauza naturala delako, baina oraindik Irujo eta Olaizola II.a dira erregeak. Bi urte barru, eta finaletara gazteak iristen jarraitzen badugu, agian esango dizut aldaketa egon dela, baina hori urrun dago.
Inoizko txapeldun gazteena izan zaitezke.
Ez nago horri begira; nahikoa lan dut Urrutikoetxearekin. Halakoetan pentsatzeak presioa handitzen dizute, eta nik gozatzera joan behar dut. Final bat ez da egunero jokatzen...
Bidea egiteko du oraindik
Iker Irribarriaren ingurukoek haren bertuteak aztertu dituzte, eta haren ezker kolpe ikusgarriaren gakoak aletu. Buruz burukoan maila handia eman du, baina argi dute 19 urte dituenez hobekuntza tarte handia duela. Binaka eta arlo fisikoan egin behar du gora; bereziki, hanketan.
2016-05-25 / Imanol Magro Eizmendi. Lehenbizikoz ikusi nuenean, 8 edo 9 urte izango zituen. Ordiziako festetan izan zen; Txapagain klubean zegoen, eta Jokin Altunaren aurka jokatu zuen finalean. Ikusten zen gaztetxo ezker hark jokatzen zuela. Gero, urte askotan egin zuten topo. Batek indarra zuen, eta besteak, trebezia; eta ezker hobea zuenak irabazten zuen», hartu du gogoan Xalton Zabalak, Amezketako Zazpi Iturri taldeko entrenatzaileak. «Gero, Berria Txapelketan beste talde bateko pilotari bat sartzeko aukera izan genuen. Ordiziako ordezkariarekin harremanetan jarri, eta gurekin jokatu zuen Irribarriak. Altuna-Irribarria izan zen bikotea, kadeteetan. Txapeldun izan ginen, eta gure bikote onena izan zen. Aurkariek, asko jota, zortzi tanto egin zizkieten».
Gero hasi zen Irribarria Zazpi Iturrirekin entrenatzen, Aspen profesionaletara pasatuko ziren pilotari askorekin: Altuna bera, Jaka, Tolosa... «Aurrelari izatera pasatu nahi zuen, eta hala egin genuen. Mutil handia da, indartsua, baina zeharka ibiltzea kostatzen zitzaion. Ez zen oinekin zalaparta egiten duten horietakoa». 17 urterekin hasi ziren eskuko arazo larriak, ebakuntza eta guzti. Zabalak gertutik bizi izan zuen. «Ia urtea egin zuen geldirik. Tratamendua hasi, eta itzuli zenerako... Baina Iker langilea da, eta ez zuen patxada galdu. Eskuak egin eta egin ibili zen, beste eskuarekin sakatzen... eta jarri zen. Lesioarengatik ez balitz, gazteago egingo zuen debuta profesionaletan».
Ordurako, Asperekin ere bazebilen, eta Jokin Etxanizekin egin zuen topo. «Ikusten zen kolpe bereziko pilotaria dela. Orain, baina, kontrola du. Gantxoa eta kontrola hobetu ditu gehien. Lehen, bolea zuen; orain, gantxoa», laburbildu du Aspeko kirol zuzendariak. Baina kontrolak zer esan nahi du, zehazki? Etxanizek azalpen akademikoa eman du. «Zenbat aldiz gozatzen dituen pilotakadak. Gerria sartu, asko gozatu... hori guztia. Rezustak eta Zabaletak Irribarriak baino kolpe gehiago dute, nire ustez, baina hark pilotakadak gehiago gozatzen ditu. Eta gainera buruz buru, mugimenduan edo sotamanoz sartuz. Hori lortzea oso zaila da».
Txapelketan asko hitz egin da pilotei buruz, eta, hori ikusita, Etxanizek bere gaztearen ahala azpimarratu du. «Txorakeria asko esan dira. Aurkarien pilotekin ere Ikerrek gehiago eman dio. Badirudi pilotarengatik iritsi dela finalera. Kontua da orain pilota zazpian jartzeko kapaza den bat iritsi dela, eta besteak, agian, bost t'erdiraino. Horrelako kasu gutxi daude: Irujo on bat... Gainera, sasoi onean dago, konfiantzaz. Hurrengo urtean, agian, ez da hala ariko, baina orain berak du kolpe biziena».
Indarra garrantzitsua da, baina ez dena. Kolpea askatzeko mugimendua kate bat da, oinetan hasi eta eskumuturrean bukatzen dena. Horrek ere badu bere sekretua. «Oinak indar handiz itsasten ditu lurrera», nabarmendu du Justo Lillo prestatzaile fisikoak. «Pilota astintzeko garaian oinak lurrean jartzeko modua ezin hobea da. Kolpea hor jaiotzen da», azaldu du. Hiru urte inguru dira Lillorekin lanean hasi zela, eta haren tonu fisikoan nabari da. Irribarria diziplinatua da, eta prestatzailea oso pozik dago harekin. «Badaki lan fisikoa oso garrantzitsua dela. Ez dago haren atzetik ibili beharrik. Astelehenetan goiz sartzen da klasera, eta aurretik entrenatzen da. Goizeko zortzietan, bakarrik...». Lillok dioenez, Irribarria dirudien baino azkarragoa da, eta, erreakzio ahalmena hobetzen badu, jauzi handia egin dezake defentsan.
Oraindik, baina, 19 urte ditu, eta zaildu beharra dauka. «Gutxienez, hiru edo lau urteko bilakaera falta zaio, eta, indarraren kasuan, 28 urtera arte luzatu daiteke», aurreratu du Lillok. «Gorputzaren goiko aldea ondo landua du, baina behekoa asko gara dezake. Hankak asko indartu ditzake oraindik; hortik etorriko zaio erreakzio ahalmena. Hauspoa ere hobetu dezake; 86 kilo ditu, eta mugitu egin behar dira».
Hobetzeko, binaka
Hobekuntza fisikoa... eta teknikoa. «Pilota jotzeko mugimendua oso ondo egiten du, baina zeharka ibiltzea gehiago kostatzen zaio. Hor du non hobetua, adibidez, mugikortasunean. Finalean ere ikusi beharko, orain arte jotzearekin bakarrik aski izan baitu. Final hau irabazten badu, txapel asko jantziko ditu. Galtzen badu, berriz, zalantzak-eta sor daitezke», aletu du Zabalak. Entrenatzaileak beste xehetasun bat gehitu dio azalpenari: «Kontrarioari gutxiegi begiratzen dio».
Etxanizek ere ikusten du non hobetu. «Erasoari dagokionez, batez ere, binakako jokoan. Airez sartzean, eraginkorragoa izaten ikasi behar du. Defentsan ere egin dezake gora. Inoiz ez da izango sekulako abiadura duen horietako bat, Altuna bezala, baina, kokapena hobetuta, sendoago defendatuko luke. Eta, noski, ahal fisikoa: 19 urte ditu, eta hor lanean jarraitu beharra dauka». Eta finalerako? «Lasai dago, errealista da, egoera ondo ulertzen du. Orain arte, dena ondo irten zaio, eta bere maila eman du. Berea ematen badu, irabaz dezake, baina ezin da ahaztu zein mailatako aurkaria duen».