Ibai Atutxa (1984, Galdakao)
Euskal Filologia ikasketak egin zituen Deustuko unibertsitatean, eta gero, literatura konparatuari eta filosofia garaikideari buruzkoak Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Bi liburu argitaratu ditu, biak ere Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik: Tatxatuaren azpiko nazioaz (2010) eta Kanonaren gaineko nazioaz (2012). Hainbat literatura eta pentsamendu aldizkarirekin kolaboratu du, besteak beste 452ºf eta Lapiko kritikoarekin. Azken urteotan, New Yorkeko Columbia unibertsitatean aritu da, ikertzaile eta irakasle.
Danele Sarriugarte. Orain dela gutxi itzuli zara Euskal Herrira. Zer moduz?
Lur hartzea apur bat bortitza izan da, beti izaten den moduan. Azken batean, bost urte egin ditut New Yorken, eta han neuzkan bizitza egiteko behar nituen gauza guztiak; konplikatua izan da hori dena mugitzea.
Santutxura etorri zara.
New Yorken nengoela hasi nintzen pisua bilatzen eta beste Bilbo bat ezagutu nuen, zeren ni galdakoztarra naiz, eta alde egin nuenean behintzat, 22 urterekin, Galdakaon bizi zen norbaitentzat Bilbo zen asteburuko parranda, ez bizitzeko toki bat. Interneten begiratu eta hortxe hasi nintzen auzoak apur bat gehiago ezagutzen (ez naiz erdigunean bizitzekoa), eta halaxe etorri ginen hona.
Karmelan gaude orain, Karmelo ikastola zaharraren eraikinean Santutxuko bizilagunek martxan jarritako proiektuaren gune askean. Etorri aurretik ez zenuen horren berririk?
Azken hamar urteetan, eta batez ere azken bost urteotan, pantaila baten bitartez bizi izan dut Euskal Herria, eta beraz, ezagutzen nituen Bilbon gertatzen ziren gauza asko, baina ezin nituen mapan kokatu. Nik sarean ezagutu nuen garai hartan Karmelo deitzen zena eta sorpresa izan zen bat-batean etxera iritsi eta ikustea orain Karmela den hau nire etxe azpian zegoela.
Zer-nolako lotura daukazu Karmelarekin?
New Yorken, eskalatzen hasi nintzen rokodromoan, eta ikusi nuen hemen eskalada talde bat sortzen ari zirela, pila bat talde eta proiektu sortzen ari dira orain, eta orduan idatzi nien, eta galdetu ea rokoaren taldea irekia zen eta ea asanbladak irekiak ziren. Irekiak ziren biak, eta ordutik hona asanbladetara etorri naiz asteartetan eta izugarrizko esperientzia potentea izan da. Gainera, espazio honek urte eta piko egin du martxan, eta beraz, eskaintzen ditu aukerak denetatik egiteko.
Kanpotik zenekarren irudipena aldatu al da?
Hona heltzerakoan ulertu dut mundu guztiak ezagutzen duela mundu guztia, nik izan ezik. Ez da oztopo bat, hala ere. Etorri aurretik uste nuenarekin konparatuta, ikusi dut dena dela nahasiagoa eta inperfektuagoa. Azken batean, internet bidez edo prentsan jasotzen denak beti hartzen du halako ordena bat, eta ordena horrek beti hartzen du armonia bat, eta guztiak ematen du bikaina, eta etortzen zarenean errealitatea den modukoa da eta ezer ez da inoiz hain perfektua, baina uste dut gauzak gertatzen ari direla.
Irudipena daukat, krisiaren eta su-etenaren ondoren, paradigma batzuk zalantzan jarri zirela, eta beste diskurtso batzuk hasi zirela indarra hartzen, batez ere feminismoarekin lotutakoak, zorionez. Kanpotik iruditzen zitzaidan mugimendu sozialak ari zirela gero eta garrantzi handiagoa hartzen, eta orain iruditzen zait uste nuena baino potentzialitate handiagoa daukala horrek guztiak.
Zure lanera etorri nahi nuke. Nola bilakatzen da irakurlea literatur ikertzaile?
Zuk esan bezala, irakurlea nintzelako iritsi nintzen euskal filologiara. Mundu guztia ez da irakurle gisa iristen. Deustun ikasi nuen eta bere garaian bazeuden bi aukera, bata zen hizkuntzalaritzan berezitzea eta bestea literaturan. Gutxi ginen bigarren adar horretatik joan ginenak. Ikasketek beste modu batera irakurtzeko tresnak eman zizkidaten, baina egia da euskal filologia egin eta gero Euskal Herritik joan nintzela, behar nuelako, ez dakit oso ondo zergatik, ez dakit orain eta ez nekien orduan, baina argi neukan alde egin beharra neukala, eta garai bat kanpoan ibili eta gero erabaki nuen irakurle kritiko izateko jarrera horretara hurbildu nahi nuela berriz, eta halaxe iritsi nintzen Ingalaterratik Bartzelonara.
Lehenengo Ingalaterran egon zinen, beraz. Ikasbide handia izan al zen?
Ingalaterrak eta Londresek arnasa eman zidaten, distantzia, urrutitik begiratu nion nire buruari, hemen neukan lekuari, honek nigan zeukan eraginari. Bestalde, irakurketak ireki zitzaizkidan, guztiz. Gogoratzen dut Londresen arratsaldez egiten nuela lan, egunkariak banatzen, eta goizak libre nituela, eta British Library-an igarotzen nituela, justu etxe ondoan neukan-eta.
Eta Bartzelonan?
Bertan ezagutu nituen oraindik ere oinarri bezala erabiltzen ditudan teoria kritiko guztiak edo gehienak, forma sistematikoan eta gorpuztuan ezagutu ere. Hor ezagutu nuen literaturara hurbiltzeko beste modu bat. Bartzelonara iritsi nintzenean ipuin laburrak ikertu nahi nituen, hots, literaturaren hurbilketa nahiko ortodoxoa neukan buruan, eta Bartzelona bonba bat izan zen.
(segi irakurtzen Argia astekarian, elkarrizketa luzea da)