euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Hiru euskal sortzaile Poloniara: Musika, dantza eta Twitter izango dira Wroclawrekiko zubi (Berrian)

2015/05/27

Bigarren urtez, hiru euskal sortzailek Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistiko bana egiteko aukera izango dute uda partean, Donostia 2016k eta Etxepare Euskal Institutuak elkarrekin sustatutako deialdiaren bitartez. Wroklaw ere Europako kultur hiriburu izango da hurrengo urtean. Aurten hautatutako artistak Ainara LeGardon musikaria, Jaime de los Rios artista eta Eneko Gil dantzaria dira.

Lotura: Berria

Gorka Erostarbe. Bilbon sortua, euskal folk-rockaren erreferente bilakatu da Ainara LeGardon. Zuzenekoen intentsitateagatik ezaguna da, eta artista entzutetsu askorekin izan da oholtzaren gainean, hala nola Thalia Zedek, Dayna Kurtz, The Walkabouts, Bonnie Prince Billy & Matt Seeney, Giant Sand edota Damien Juradorekin. Donostia eta Wroclaw hirietako soinuak jasoko ditu «gidoi entzungarri bat sortzeko» LeGardonek; ondoren, haren interpretazioa eskainiko du, eta esperientzia testu batean jasoko du.

Proiektuak hainbat geltokiren arteko bidaia egingo du: hasteko, bi hirietako soinuak jasoko ditu artistak; soinu bereziak sortuko dituzten objektuak bilatuko ditu hirietan. Bide osoan zehar, oso presente izango ditu hirien arteko loturak eta elkarguneak, tokian tokiko ohiturak. Donostiako eta Wroclaweko egungo zein iraganeko historiaren eta biztanleen inguruan hausnartuko du artistak, tokiko objektu eta grabazioen bidez soinu lanak gorpuzteko.

Donostian jaiotakoa da Jaime de los Rios, 1982an. Artea eta zientzia uztartu ohi ditu bere ibilbide profesionalean, ingeniari elektroniko eta bitarteko berrien artista da aldi berean. Artea eta zientzia oinarri zituen ARTEK(Lab) laborategiaren sortzailea izan zen. De los Riosek zubi digital, kolektibo eta irekia sortuko du bi hirien artean, Twitter plataforma oinarri hartuta. #DSS2016 edota #wroclaw2016 traolak erabiltzen dituen oro proiektuko protagonista aktibo izango da, obraren sortzaile. Txioa argazki batez laguntzen badu, argazki hori konposizioaren parte bilakatuko da, eta eskertza moduan erabiltzaileak beste txio bat jasoko du bueltan euskaraz hitz batekin, polonierazko itzulpenarekin.

Eneko Gil dantzariak (Errenteria, 1985) Bruno Schulz idazle, margolari eta artista grafikoaren bizitza eta obra gorpuztuko ditu euskal eta poloniar dantza tradizionala/garaikidea uztartuko dituen dantza solo batean.

Ekainaren 15ean joatekoak

Hiru sortzaileak hasiak dira harremanetan jartzen Poloniako hiriko artista, elkarte eta herritarrekin, Wroclawera bisita egin aurretik. Ekainaren 15ean joango dira hirurak, eta uztailaren 4-5ean itzultzea dute aurreikusita. Aurrerago ezagutaraziko duten egun batean aurkeztuko dituzte lanon emaitzak Donostian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia