euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Hassanna Aalia (Mendebaldeko Sahara, 1988) eta Kateryna Kirsanova (Ukrainia, 1986) izan dira Donostian festa hasierako protagonistak (Berrian)

2016/08/19

Errefuxiatuen gaia nabarmendu nahi izan dute aurten piratek. Hala, Hassanna Aalia (Mendebaldeko Sahara, 1988) eta Kateryna Kirsanova (Ukrainia, 1986) izan dira Matti.

Lotura: Berria

Lide Ferreira. Piratek Matti irudikatuko zenutela esan zizuetenean, nola hartu zenuten albistea?
Hassanna Aalia (H.A.): Izugarrizko poza hartu nuen, eta baiezkoa eman nuen berehala. Egun zehatz batzuetan zeregin batzuk izango genituela esan ziguten, baina gu egunero hemendik ibiliko ginela esan genien!

Ohore bat izaten ari da niretzat, baina baita ardura handia ere, milaka errefuxiatuen ordezkari naizelako. Horiek guztiak Europako Batasuneko politikak pairatzen ari dira, eta asko gatazkak bizitzen ari dira itsaso eta mugatan.
Kateryna Kirsanova (K.K.): Nik ere pozik hartu nuen albistea. Gainera, nire arazoa bakarrik ez da, eta baliagarria iruditu zitzaidan ni bezalako besteek bizi dutena ordezkatzea. Festa giroa eta poza izaten ari da nagusi, baina sentimendu ugari nahasten zaizkit.

Piraten mugimendua ezagutzen zenuten?
K.K. : Bi urte daramatzat Euskal Herrian bizitzen, eta iaz ezagutu nituen lehen aldiz. Flamenka gunean nengoela, lagun batek azaldu zidan Piratek egiten zutena.
H.A. : Nire kasuan, bost urte daramatzat dagoeneko hemen; beraz, aurretik ezagutzen nuen mugimendua. Ia urtero kontzerturen batean egon izan naiz, lagunekin une politak igarotzen.

Nolakoak dira jaiak zuen herrialdeetan?
K.K. : Donostiarekin alderatuta, oso ezberdinak. Piraten oinarrietako bat parte hartzea da, eta Ukrainian ez dago halakorik. Beste batzuek antolatzen duten bitartean, guk egin dezakegun bakarra da jarduerak ikustea.
H.A. : Festa batzuk poztasunarekin bizi izan ditugu. Dakizuen bezala, Sahara bi zatitan banatuta dago: eremu okupatua, eta errefuxiatuen eremua. Ni okupatutako gunean bizi nintzen, eta bertan jaiak antolatzen saiatzen ginen. Baina, adibidez, debekatzen ziguten abesti iraultzaileak kantatzea. Eta, duela gutxi arte, hassani hizkuntza ere ezin genuen erabili. Hala ere, errefuxiatuen kanpamentuen eremuan ere egon izan naiz, eta bertan jaiak askatasunez bizitzeko aukera izan dut.

Hemen parada izan duzue piraten txupinazoan parte hartzeko. Nolakoa izan da une hori?
K.K. : Oso hunkigarria izan zen. Jendetza zegoen La Flamenkan, eta beraien artean oso lasai eta gustura sentitu nintzen. Hemen ez naiz epaitua sentitzen.
H.A. : Urduri egon ginen euskaraz hitz egin behar genuelako. Baina momentu oso berezia izan zen. Milaka pertsonen babesa dugu, ez gara bakarrik sentitzen; eta hori txupinazoan ikusi genuen. Jendea guregana etorri zen, animoak ematera eta euren babesa adieraztera.

Errefuxiatu zareten heinean, nolakoa izan zen zuen bidaia?
H.A. : Beste errefuxiatuek egin behar dituzten bidaia zailekin alderatuta, nirea erraza eta erosoa izan zen. Formakuntza proiektu bati esker iritsi nintzen, hiru hilabetez hemen egoteko. Azkenean, geratzea erabaki nuen. Euskal Herrian beti sentitu naiz euskaldun.
K.K. : Autobus txiki batean egin genuen bidaia; gogorra izan zen. Iritsi ginenean, poliziarengana joateko asmoa genuen, baina bertan aurkezten bagenuen geure burua, Ukrainiara bueltatuko ginela esan ziguten. Horrela eman genituen zortzi hilabete, beldurrez, neska batek izapideekin lagundu zigun arte. Ordutik, dena aldatu da. Orain oso lasai gaude, ikasten eta pixkanaka lan egiten.

Euskal Herrian geratzeko asmoa duzue?
K.K. : Nire herrira itzuli nahi dut, baina, orain, Ukrainiako poliziaren babesik ez dugu, eta mehatxupean bizi gara.
H.A. : Hasieran, ez nuen geratzeko asmorik, nire herrialdea maite dudalako eta bertan familia osoa dudalako. Baina hemen ez naiz inoiz atzerritar bat sentitu, eta gustura nago. Beraz, une honetan, ez dut Euskal Herria ezergatik aldatzen. Etorkizunean, Sahara aske batera itzultzea espero dut.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia