Maider Iantzi. Habanako Unibertsitateko abesbatza aditu daiteke sareetan ‘Habanera’ kantatzen, euskaraz, euskaldunen pare. Abestiaren atzeko istorioaren bila Borja Arbelaitzen atea jo dugu. Kubako hiriburutik erantzun digu, bertan ari baita duela urte eta erditik Unibertsitatean euskara eta euskal kulturako eskolak ematen.
Klaseez gain, bestelako ekintzak ere antolatzen ditu inguruan euskara eta euskal kultura sustatzeko. Lan egiten duen Arteen eta Letren Fakultatean badira beste bi irakurletza edo katedra, katalana eta galiziera, eta elkarlanean aritzen saiatzen dira. Hortik sortu zen Galeuska ekimena.
Joan den asteazkenean, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunean, ekitaldi bat egin zuten, aspaldi buruan zuten ideia bat gauzatuz: Habanako Unibertsitateko abesbatzak ‘Habanera’ kantatzea. Xabier Leteren abestiaren lehen estrofa euskaraz abestu zuten, eta beste zati batzuk katalanez eta galegoz kantatu zituzten.
Oihartzuna
«Oso polita izan zen. Hiru irakurleok asko hunkitu ginen, baita abeslariak eta publiko osoa ere», adierazi du Arbelaitzek. Asteazkenean, lotaratu aitzinetik bideoa partekatu zuten sareetan, eta esnatzerako konturatu zen dezenteko oihartzuna izan zuela. Geroztik egunero ari da erantzunak eta ‘atsegin dut’ mezuak jasotzen.
Lehenengo aldia da abesbatza horretako kideek euskarazko kanta bat kantatzen dutena. «Nirekin harremanetan jarri ziren abesbatzan badelako nire ikasle izandako bat eta beste neska bat Euskal Herrian jaio eta hazia. Aita kubatarra du eta orain Kuban bizi da».
Badakite Euskal Herrian abesbatzen tradizio eta kultura handia dagoela, eta lotura egin nahi dute bertako abesbatza sarearekin edo abesbatzaren batekin. «Euskal Herriko abesbatzek jakin dezatela Habanako Unibertsitatean oso interesatuak daudela harremanetan jartzeko».
«Asko gustatu zaie lehen esperimentu hau eta, noski, kanta gehiago abesteko prest daude. Partiturak behar dituzke, eta inork bidali nahi badizkie ongi etorriak izango dira», azaldu du euskara irakurleak.
Harremana sendotzen bada, batek daki, euskal abesbatzaren bat joan daiteke Habanara, edo haiek gurera etorri.
Lotura
Publiko guztiarentzat izan zen ederra ‘Habanera’ hura. Kide euskaldunak ezagutzen zuen kantua, eta berak aurkeztu zuen euskaraz eta gaztelaniaz, baina gainontzeko kideek ez zuten ezagutzen.
«Oso kezkatuak zeuden ea ongi ahoskatzen zuten, ea ulertzen zitzaien... Euskaldunak balira bezala egin zuten. Leteren kantua entzun, eta oso ondo jarraitu zuten doinua ere», baloratu du Borja Arbelaitzek.
Unibertsitatean egiten duen lanaz gehiago kontatzeko eskatu diogu. «Euskara eskola oso oinarrizkoak ematen ditut. Euskal kulturaren ingurukoak ere bai: ezaugarri nagusiak azaltzen ditut, historia, musika, literatura... Galiziera eta katalanaren katedrak ondoan ditut eta askoz errazagoa da haientzat, behintzat hizkuntzak ulertzeko gai badira. Euskara askoz arrotzagoa zaie, baina euskal hizkuntzaren eta Euskal Herriaren ezaugarriak ezagutzen hasten direnean, oso bitxia gertatzen zaie, eta batzuk engantxatzen dira».
Ikasleen artean aunitzek Euskal Herriarekin lotura dute, arbasoak hemen sortuak direlako edo euskaldunen bat ezagutzen dutelako. Irakasleak erantsi duenez, «momentu honetan jende asko ari da Kubatik emigratzen, krisi ekonomiko gogorra sufritzen ari direlako. Batzuek Euskal Herrira joan nahi dute, eta aurretik gehiago ezagutu nahi dute, herria eta euskara bera».
Harremanetan jarri Euskal Herriko abesbatzekin
Urte eta erdi darama Borja Arbelaitzek Habanako Unibersitatean lanean. «Irakurletza 2016an jarri zen martxan. Nire aurretik Joseba Sarrionandia izan zen bertako irakurle. Pandemiak galarazi zuen ia hiru urtez eskolak ematea, eta orain tokatzen ari zait berriz eraikitzen hastea».
Ikasle talde txikiak dira. Gehienak Unibertsitatekoak dira, beste edozein hautazko ikasgairen moduan euskara aukeratzen dutenak, kuriositateagatik, Euskal Herriarekin lotura bat dutelako edo beste motibo batengatik. Baditu Unibertsitatetik kanpoko herritar arruntak ere.
Habanako Unibertsitateko Abesbatzari eskerrak eman nahi dizkio Arbelaitzek, eta dei egin nahi die Euskal Herriko abesbatzei interesik badute haiekin harremanetan jartzeko. «Lotura eraikitzen badugu, gauza ederrak sor daitezke». Haiek hagitz prest daude, eta lan polita egiteko gai dira, bideoan ikusten den bezala.