euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

'Gure oroitzapenak' film koletktiboa: Sarrionandiaren hamabi aurpegi (Berrian)

2018/09/27

Joseba Sarrionandiaren unibertso literarioan oinarritutako film kolektibo bat osatu dute Euskal Herriko eta atzerriko hamabi zuzendarik. 'Gure oroitzapenak' Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dute gaur, Zinemira sailean.

Lotura: Berria

Maider Galardi F. Agirre. Poeta, idazlea, unibertsitateko irakaslea, euskaltzaina, erbesteratua, ETAko kide ohia... hamaika ertzetako bizia du Joseba Sarrionandiak (Iurreta, Bizkaia, 1958). «Urteetan izoztuta egon den aurpegi hori baina gehiago da Sarri, hamaika bisaia ditu», dio Lutxo Egia ekoizleak. Horiek denak jasotzeko, 11k ez, hamabi zinemagilek parte hartu dute Gure oroitzapenak filmean. «Sarrionandiaren unibertso literarioa» arakatzeko, hamabi proposamen ondu dituzte hemengo zein kanpoko zuzendariek. Horiek denak, ordea, «film bakarrean» josita daudela nabarmendu du Mikel Arredondo ekoizleak; bizi bakarra izan arren, «poliedrikoa» baitu ibilbidea Sarrionandiak.

«Fikziozko film luze kolektiboa». Hala definitu dute Egiak eta Arredondok gaur Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatuko duten lana. Orain bi urte hasi ziren proiektua ontzen, eta, «hilabeteetako maratoi azkarraren» ostean, «zinema proiektu bat, benetako pelikula bat» estreinatuko dute, Arredondoren esanetan. Adabaki Ekoizpenak etxeko kideak dira bera eta Egia, eta haiek jaso zuten proiektua abian jartzeko erronka. Ideia, ordea, Kuban egosi zen; gaur egun Sarrionandiaren bizileku den Habanan. «2016an sortu zen ideia hori, eta hemengo zenbait zinemagileri egin zieten proposamena, zergatik ez ote zuten eramaten idazlearen unibertso hori pantaila handira», azaldu du Egiak. Abiapuntua argia zen: «Ez genuen pelikula biografiko bat egin nahi, haren ibilbide literarioaren nondik norakoak jaso nahi genituen», gehitu du Arredondok.

Hasierako bilera hartan, film luzearen izenburua finkatu zuten, ezer gutxi gehiago: Gure oroitzapenak. Elkargune horretan izan ziren zenbait zinemagile, baina geroago finkatu zuten hamabi zuzendarien taldea: Oskar Alegria, Ozcan Alper, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Eugene Green, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz, Maider Oleaga, Carlos Quintela eta Maialen Sarasua arduratu dira lanaz. Bederatzi dira euskal sortzaileak. Alper, Green eta Quintela, berriz, atzerrikoak dira, nahiz eta guztiek duten nolabaiteko harremana Sarrionandiarekin.

Alper, esaterako, turkiarra da, eta idazlearen erreferentziak Kurdistango Diyarbakir herrira eraman ditu. Green, berriz, Parisen bizi da gaur egun, eta Quintelak bazuen Sarrionandiaren beraren berri, Habanan bizi baita. Edonola ere, artista bakoitzak askatasuna izan du poetaren literatura nahieran interpretatzeko: «Bakoitzak badu Sarrionandia irakurtzeko modu bat, eta, horregatik, zinemagile bakoitzak bere erara landu du», azaldu du Egiak. Argi zuten, hala ere, ez zutela hamabi pieza independenteko bilduma bat osatu nahi. Aitzitik, film luze eta osatu bat egitea izan da asmoa: «Hori izan da gure lana», esan du Egiak, «proiektuari forma eta batasuna ematea».

Gaiei eta estetikari arretaz segitu badiete ere, Arredondok azpimarratu du zinema zuzendariek mugarik gabe lan egin dutela: «Sarrionandiaren testuen gainean oso interpretazio libreak egin dituzte guztiek. Haietako batzuek argi zuten hasieratik zerekin egin nahi zuten lan. Beste batzuei guk egin dizkiegu proposamenak». Hala uste du Egiak ere: «Hamabi zinemagileek ekarritako gaiek oso argi definitzen dute Sarriren unibertsoa. Hamaika gai agertzen dira, norberak bere erara landuta».

Film bakoitza, unibertso bat

Poesia bat, irudi metaforiko bat, narrazio bat edo, besterik gabe, Sarrionandiaren bizipenen bat aitzakia hartuta osatu du zuzendari bakoitzak bere film pieza. Lehen laburrean, esaterako, mutiko kuadrilla bat ageri da harrapaketan jolasten itsas labarrean. Irudiek eta kontatzen den istorioak badu unibertso hori: itsasoa, gaztaroa, denboraren joana, erbestea... Sarrionandiarenak diren baliabide literarioak guztiak. Beste atal batean, berriz, Lehen Mundu Gerra garaiko Ipar Euskal Herriko alegiazko herri bat ageri da. Hala lantzen ditu zuzendariak guda, identitatea eta dolua, besteak beste. Kartzelak ere izan du pisua idazlearen ibilbidean, eta hori ere jaso dute zuzendariek zenbait piezatan: tortura, espetxealdia, bakartzea...

Gainera, filma osatzen duen iruditeria ez da Euskal Herrikoa soilik. Aitzitik, munduko hainbat txokotara eraman dituzte Sarrionandiaren hitzak. Lisboan, Parisen, Kurdistango Diyabakir herrian eta Habanan bertan kokatu dute idazlearen ondarea. Batzuetan, modu fidelean jorratu dituzte literatura obrak. Besteetan, berriz, inspirazio hutsa izan dira testu horiek zuzendarientzat. Lan horretan bidelagun izan dituzte ekoiztetxeko kideak: «Apenas errepikatu diren gaiak. Hori da Sarrik ematen duela aukera hori, hamaika modutan bere lana filmatzekoa», azaldu du Egiak. Hala ere, batzuetan, zuzendarien arteko zubi lana ere egin dute, eta proposamenak ere bota dituzte.

Filmak, gainera, badu ezaugarri berezi bat, Arredondok nabarmendu duenez: «Filmari osotasuna eman nahi genion, eta, horregatik, ez dugu jarri pieza bakoitza norena den. Ez dugu nahi ikusleak hori aurrez jakin dezan. Hamabi film labur izan arren, lan bakarra baita».

Prozesuaren garrantzia

Halako lan kolektibo bat egiteak, ordea, bazituen arrisku batzuk, eta zailtasunez jabetu dira Egia eta Arredondo: «200.000 euroko aurrekontua genuen hamabi zuzendarien eta gure artean banatzeko. Ez da lan makala izan». Azpimarratu dute, gainera, zuzendariek eskuzabal jokatu dutela: «Bakoitzak eskaini du bere lantalde teknikoa, eta sekulakoa da jarri duten indarra eta afektibitatea». Azaldu dute, gainera, Kubatik ere gertutik aztertu dutela prozesua. Egia: «Joseba Sarrionandiak izan du filmaren berri, jakina, eta ezin aipatu gabe utzi Angel Azkarraga Matxitxa-ren ekarpena. Berak eman zuen lehen bultzada». Josu Martinezen eta Elkarreko Anjel Valdesen lana ere goraipatu dute.

Bi urtez aritu dira filma josten, eta gaur Zinemaldian estreinatzea «nahikoa sari» badela dio Arredondok: «Proiektua aurkeztu zigutenean, bagenekien gogorra izango zela, baina opari bat izan da. Poz handia dugu».



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia