euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Gipuzkoa Bouaren brontzezko eskultura inauguratu dute Donostiako portuan (Aranzadi.eus-en)

2025/04/13

Donostiako portuak gure memoria demokratikoa berreskuratzeko txoko berri bat du gaurtik aurrera; izan ere, Gipuzkoa BOUA birsortzen duen brontzezko eskultura jarri dute. Eskulturak 2,70 metroko luzera eta 40 cm-ko zabalera du eta Enrique Lekuona ontzigintzako ingeniariak diseinatu zuen Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin Juan Pardo ikerlariak emandako itsasontziaren jatorrizko planoak oinarritzat hartuta.

Lotura: Aranzadi Zientzia Elkartea

Eskultura Eibarko Alfa Arte enpresak, sorkuntza-lan eskultorikoetan espezializatutakoak, urtu du brontzean. Oxidazio naturalari esker, material horrek antzinako patina eskuratuko du. Eskultura horrek Gipuzkoa BOUAren oinarrizko ezaugarriak eta bolumena erreproduzitzen ditu: kroskoa, GIPUZKOA izena brankan eta artilleriako elementuak. Alboan, azalpenak jasotzen dituen plaka bat jarri dute. Eskulturaren kokapena portuko paisaiarekin mimetizatzen da. Hain zuzen ere, uhartera joateko ontziratzeko lekuan dagoen etxolaren eta portuaren sarrerako ikurrinaren mastaren ondoko urbanizazioko idulkian dago eskultura.

Ekitaldia Matxitxako Elkarteak antolatu du eta Donostiako alkate Eneko Goiak, Eusko Jaurlaritzako sailburu Amaia Barredok, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak eta Matxitxako Kultur Elkarteko kideek hartu dute bertan parte.

Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi duenez, eskultura "gure hiriak gure historia ez ahazteko duen borondatea islatzen duten hiri-elementuen bidez Donostian eraikitzen ari garen memoriaren maparen parte da". Goiak adierazi duenez, Eusko Itsas Gudarosteak "rol heroikoa izan zuen Espainiako Gerra Zibilean, eta eskultura honen bidez gure historiaren orrialde eder eta tragiko hori idatzi zutenen oroimena eta izena ohoratu nahi ditugu".

Matxitxako Elkartearen ordezkari gisa Oihane Pardok adierazi duenez, "garrantzitsua da bizipen horiek familia-inguruneetan transmititzea eta mugarri hauek gure memoria historikoan duten garrantzia azpimarratzea. Horietako bat da, hain zuzen ere, Gipuzkoa Bouaren eskultura hau, beharrezkoa baita Eusko Itsas Gudarostea osatu zuten kideek erakutsitako duintasuna gure hiri-inguruneetan ainguratuta geratzea". Halaber, Matxitxako Elkarteko kide guztiek 25 urte hauetan zehar modu altruistan egindako jardueren ibilbidearen errepasoa egin du.

Bestalde, eskerrak eman dizkie euskal erakundeei emandako babesagatik, eta Eusko Itsas Gudarostean egondakoen lekukotza jaso beharra dagoela azpimarratu du, belaunaldi berriek jakin dezaten demokrazia eta giza eskubideak defendatzen eta diktadurei aurre egiten.

Ekitaldian zuzeneko senitartekoek ere parte hartu dute, hala nola Coro Sanchezek, tripulatzaile baten alabak. Modu hunkigarrian, erbestealdiaren eta Frankismoaren garaipenaren ondoren, aita etxean beti garaitua ikusi izan zutela gogorarazi du. “Aita hil ondoren, Nestor Basterretxeak Matxitxakon jarritako monumentuaren inauguraziora joan eta hunkitu egin nintzen ekitaldi hartan bertan zeuden Eusko Itsas Gudarosteko kide gutxi haien duintasuna handitu egin zela ikusita. Pena handia eman zidan aita aitortza-ekitaldi hartan egon ez izanak".

Miren Egia, Eusko Itsas Gudarosteko buru izandako Joaquin Egiaren alaba, Ingalaterratik etorri da ekitaldira (herrialde hartara erbesteratu zen familia), eta frankisten aurka borrokatu eta ondoren aliatuei Alemania naziaren aurka lagundu izanagatik duen harrotasuna azpimarratu nahi izan du.

Aurreskua eta lore-eskaintza egin ondoren, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako sailburuak hartu du hitza, eta honako hau adierazi: "gure kostaldeko portuek, funtzio ekonomiko eta soziala izateaz gain, mantentzeko betebeharra dugun ondare historikoa ere badute, eta are gehiago kasu honetan, herri gisa dugun memoria demokratikoari lotuta dagoena".

Ekitaldia Eider Mendozak itxi du, eta gogorarazi du historia irabazleek idatzi ohi dutela – frankismoa ez zen salbuespena izan –. Horregatik, azpimarratu du garrantzitsua dela memoria historiko demokratikoa eraikitzen jarraitzea, gure herriaren "iraganaren argazki osoa" izateko eta, horrela, Gipuzkoako eta Euskal Herriko gizartean "benetako kultura demokratikoa" errotzen laguntzeko. "Administrazio publikoentzat betebeharra da memorian sakontzea, ondoren transmititzeko, eta, gainera, modu zintzoan egitea", adierazi du. Adierazi duenez, Gipuzkoa Bouak eta Euskadiko Itsas Armadak, oro har, eta 900 boluntario inguruk "gure herriarentzat sinbolismo eta duintasun handieneko gertakarietako batzuk" osatu zituzten Gerra Zibilaren bilakaeran. "Gaur egungoa bezalako garai batean, korronte autoritario eta populistek mundu osoan aurrera egiten duten bitartean, euskal autogobernua eta demokrazia defendatu zuten pertsonen adibidea inspirazio-iturri da gizarte osoarentzat. Eskultura hau, boluntario haien oroimena gordetzeaz gain, demokraziaren eta gure askatasunen aldeko alegatua da ", nabarmendu du.

Donostia Ereski Abesbatzak hainbat abesti eskaini ditu ekitaldian zehar.

Eusko Itsas Gudarostea

Eusko Itsas Gudarostea Jose Antonio Agirre Lehendakaria buru zela eratu zuen Eusko Jaurlaritzak 1936ko urrian. Haren helburua itsasoko trafikoa eta arrantza babestea eta euskal uretatik minak kentzea zen. Horrela, Eusko Jaurlaritzak bere kostaldea eta biztanleak babesten zituen matxinatutako bandoaren erasoetatik.

Eusko Itsas Gudarosteko ontziteriaren zatirik handiena itsas zabaleko 9 bakailao-ontzik osatzen zuten, eta horiei artilleria gehitu zitzaien, 101 milimetroko kanoiekin. Bizkaia, Araba, Nabarra, Gipuzkoa, Goizeko, Iparreko, Donostia, Gasteiz eta Iruña izenak jarri zizkieten itsasontziei. Horiei unitate armatu txikiak gehitu zitzaizkien, eta oso erabilgarriak izan ziren minaketari gisa prestatutako 27 arrantza-ontzi txikiak. Itsasontzi haiek Bilboko portuko sarbideak garbi mantendu zituzten.

Itsas Gudarostean, 600 lagun inguruk hartu zuten parte eta haietako komandanteak merkataritza-nabigaziotik iritsitakoak ziren. Gerora, ontzi-teniente gisa prestatu zituzten. Prestakuntza eta borroka-izaera handia erakutsi zuten, eta matxinatuentzako kargamentua zeramaten Alemaniako merkantzia-ontziak atzeman zituzten bidean. Artilleriako arrantza-ontzi horiei bou esaten zitzaien.

Bou horiek hainbat misiotan parte hartu zuten, euskal portuetara hornigaiak eramaten zituzten merkataritza-ontzien eskolta gisa, eta etenik gabe lan egin zuten portuetako sarbideetan (Bilbokoa, esaterako) minak kentzen.

Eusko Itsas Gudarostearen lehen borrokaldia 1936ko azaroaren 15ean gertatu zen, eta Velasco destruktore frankistari egin behar izan zioten aurre (atzera egin beharra izan zuen). Bestalde, Eusko Itsas Gudarosteak parte hartu zuen borroka garrantzitsuena 1937ko martxoaren 5ean gertatu zen. Ordu hartan, hiru bouk, Bizkaiak, Nabarrak eta Gipuzkoak, Canarias gurutzaontzi frankistari aurre egin behar izan zioten Matxitxakoko itsas guduan. Borroka haren ondorioz, Matxitxakoko itsas gudu ospetsu hartan (hortik jaso du Elkarte honek izena), Nabarra itsasontzia hondoratu zen.

Matxitxako Elkartea

25 urtez, Eusko Itsas Gudarosteko kideen eta haien senideen idatzizko dokumentazioa, argazkiak eta ahozko testigantzak biltzen aritu da Elkartea buru-belarri eta Juan Pardok, Elkarteko kideak, esparru horren inguruko erreferentziazko argitalpenak egin zituen. Bestalde, oroitzapenezko eta erreparazioko ekitaldiak egin dituzte Bermeon, Plentzian, Lemoizen, Portugaleten, Ibarrangelun, Getarian, Pasaian, Zumaian, Mutrikun eta beste toki batzuetan. Gainera, unitate didaktikoak eta dokumentalak ere argitaratu dituzte. Ekimen horietako bat da, hain zuzen ere, Bermeon ikusgai dagoen eskultura, Nestor Basterretxeak egindakoa. Hala, Gipuzkoa Bouaren eskultura berri honek gure euskal kostaldeko beste memoria-gune bat sortuko du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia