euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Garazi Murua: «Oso harro eta eskertuta nago izan dudan kirol ibilbidearekin» (Berrian)

2024/06/15

Garazi Muruak gogobeteta hartuko du erretiroa. Liga bat irabazteaz gain, tinko egin du lan emakumeen futbolaren ikusgaitasunaren eta garapenaren alde. «Aurrerapausoak handiak izan dira, baina bizkorrago eman zitezkeen», nabarmendu du.

Lotura: Berria

Ainara Arratibel Gascon. Igandean jokatuko du profesional gisa azken partida Garazi Murua Athleticeko jokalariak (Getxo, Bizkaia, 1995). San Mamesen izango da, Sevillaren kontra. Erdiko atzelaria bi urte egon da bizkarreko lesio batetik osatzen. Orain ez du minik, baina deliberatu du abagunea dela beste batzuei lekua uzteko.

Duela egun batzuk jakinarazi zenuen futbola utziko duzula. Nola zaude?

Ondo, lasai. Aste hauek emozio handikoak izaten ari dira. Baina azken momentu hauetaz disfrutatzen ari naiz, eta, nola ez, igandeko San Mameseko partidari begira nago. Urduri xamar nago, normala denez; baina, oso gogotsu denboraldia amaitzeko, eta kluba, taldea eta nire jendea ondo agurtzeko. Ea garaipen bat lor dezakegun.

Gogorragoa izan da azken bi urteetan bizi izan duzuna, futbola uzteko erabakia hartzea baino?

Egia esan, bai. Bizkarreko minarekin jokatzen aritu nintzen, nire gorputzak nahikoa zela esan zuen arte. Osatzeko prozesua luzea eta gogorra izan zen. Gainera, osatu ostean, ikusi dut gauzak ez direla berberak, eta ez dudala jokatzeko aukerarik izan. Egoera aztertuta, erabaki dut abagunea dela nire tokia beste batzuek hartzeko, eta beste erronka batzuetan murgiltzeko.

Eta buruan izan duzu, Athleticen ez bada ere, futbolean jarraitzea?

Oraindik gaztea naiz, 29 urte baino ez ditut, eta uste dut jarraitzeko moduan nengoela. Baina, esan bezala, azken bi urteak oso gogorrak izan dira. Gainera, ez nuen neure burua Athleticetik kanpo ikusten. Beraz, aukera izanda ere, erabaki hau hartu dut. Pixkanaka barneratu dut guztia.

Jokatzeko aukerarik eduki ez izanaren arantza geratu zaizu?

Zu kanpoan zaudenean, taldeak aurrera egiten du, zu gabe lehiatzen da, eta belaunaldi berriak indartsu datoz. Asteburu honetan, zelaian jokatuz utzi ahal izango dut futbola, eta, niretzat, hori oso garrantzitsua da. Une hori bizi eta gozatu nahi dut. Momentu onekin eta goxoekin geratu nahi dut. 14 urte egin ditut Athleticen, eta, azken bi urteak gogorrak izan diren arren, bizipen oso politak eta positiboak izan ditut. Horietan dut jarria arreta.

Hamalau urte egin dituzu Athleticen, lehen taldearekin 178 partida jokatu dituzu, eta zortzi gol sartu. Datuei asko begiratzen dieten horietakoa zara?

Egia esan, ez. Izan ere, nire txikitako ametsetatik harago joan naiz. Lehen Mailan jokatzearekin eta Athleticen elastikoa jartzearekin egiten nuen amets, eta hori baino askoz ere gauza gehiago lortu ditut. Oso harro eta eskertuta nago izan dudan kirol ibilbidearekin, eta futbolak eta Athleticek eman dizkidan aukerekin. Horrekin geratzen naiz. Une zail eta gogorretatik ere asko ikasi dut.

Pertsona eta kirolari moduan, zer ikasi duzu azken bi urteetan?

Gauzak beti ez direla ateratzen zuk nahi duzun moduan, bizitzako une zailetan ere surf egiten jakin behar dela, eta ondo dagoela laguntza eskatzea.

Nola gogoratzen du Lezamara iritsi zinen eguna? Egun hauetan asko oroitu zara egun hartaz?

Egia esan, bai. 14 urterekin teknifikazioan ibili nintzen, eta 15ekin sartu nintzen klubean. Urduri nengoela dut gogoan, baina baita ilusio eta emozio handiarekin ere. Sekulakoa zen Lezaman entrenatzea eta Athleticen kirol arropa jartzea. 

Juan Luis Fuentesek eman zizun lehen taldera igotzeko aukera. Esanahi handiko pertsona izan zen zuretzat, ezta?

Dudarik gabe. Igotzeko aukera emateaz gain, lehen taldean egonkortzeko aukera eman zidan. Konfiantza handia izan zuen nigan. Halako pertsonek ahalbidetu dute nire kirol ibilbidea.

Lehen taldera igo eta hurrengo denboraldian Liga irabazi zenuten, eta, ostean, Txapeldunen Ligan aritu zineten.

Nire kirol ibilbideko garairik politenak izan ziren. Izugarria da Athletici eta zaleei titulu bat eskaintzeko aukera izatea. Ez ginen faborito, eta liga oso gogorra izan zen. Azken 10-11 jardunaldietan, Bartzelona puntu batera izan genuen. Bederatzi urte ziren Athleticek liga irabazten ez zuela, eta, batez ere jokalari beteranoentzat, oso titulu desiratua izan zen. Hala ospatu genuen.

«Nire kirol ibilbideko unerik politenak izan ziren Liga irabaztea eta Txapeldunen Liga jokatzea. Izugarria da Athletici eta zaleei titulu bat eskaintzeko aukera izatea»

Alde handia dago egun lehen taldera igotzen direnen eta bere garaian igotzen zinetenen artean?

Emakumeen futbolak izandako bilakaerari esker, nabaritzen da harrobian talde gehiago daudela, gehiago entrenatzen dela bai zelaian eta bai gimnasioan, eta saltoa txikiagoa dela. Alde horretatik, baikor naiz Athleticekin. Etorkizun oparoa du. Denboraldi hau ona izan da, baina etorkizuna are hobeagoa izango dela uste dut, eta ikusiko dugula berriz ere talde hau txapeldun. Lan oso ona ari dira egiten harrobian.

Egun errazagoa da Lehen Mailara igotzea?

Esango nuke desberdina dela. Argi dago baliabide gehiago dagoela. Baina, aldi berean, esan bezala, gero eta neskato gehiago daude futbolean jokatzen, eta, alde horretatik, lehia handiagoa da. Hori ona da emakumeen futbolaren garapenerako.

Multzoko gazteenei zer mezu eman diezu?

Gomendio gutxi. Orain haien txanda da. Etorkizuna haiena da, eta disfruta dezatela beren kirol ibilbideaz. Espero dut tituluak irabaztea, eta emakumeen futbola hobetzeko eta garatzeko lan hori hartzea. 

Yulema Corres, Eunate Arraiza eta zu joan ostean, nork hartu du orain lidergoa aldagelan?

Egia esan, ez dakit. Baina lider onak eta baliotsuak daude, eta joango dira agertzen. Naturalki gertatzen da hori. Gu iritsi ginenean ere beste batzuen lekua hartu genuen.

Zer esango zenieke Corresi eta Arraizari?

Ohore bat izan dela nire kirol ibilbidea haiekin partekatzea eta amaitzea. Erreferente dira bai Athleticen, bai emakumezkoen futbolean.

Beti engaiatu izan zara emakumeen futbolaren garapenean. Zer ahogozo utzi dizu lan horrek?

Hala da. Beti eman dut nire onena, eta saiatu naiz bai zelaian, baita zelaitik kanpo ere, emakumeen futbola bultzatzen. Haren garapenean nire ekarpen xumea egin dut. Nik eta nire belaunaldikoek bidearen zati garrantzitsu bat eginda topatu genuen. Gure aurrekoek, inolako baliabiderik eta aitortzarik gabe jorratu zuten bidea, eta, horri esker, egoera hobea topatu genuen. Gu lekuko hori hartzen saiatu gara, eta bidea egiten jarraitu dugu: hitzarmen kolektiboa, ligaren profesionalizazioa, telebisten kontua... Hori hala izanda ere, uste dut aurrerapausoak azkarrago eman zitezkeela. Baina beti jarri dizkigute trabak. Hori dela eta, garrantzitsua iruditzen zait datorren belaunaldiak lekukoa hartzea eta haiek ere borroka egitea. Denen esku hartzea behar da: klubena, erakundeena... Baina futbolarien bultzada da garrantzitsuena. Belaunaldi berri horretan, gainera, oso lider eta erreferente onak ikusten ditut horretarako.

«Ligak aurrerapauso bat eman du baliabide aldetik. Belar artifizialeko zelaiak kendu behar ditu, eta zaleei erraztasunak eman partidei kasu egiteko eta haiek ikustera joateko»

Zure ustez, hurrengo zer urrats egin behar du ezinbestean?

Alde batetik, pendiente dago bigarren lan hitzarmena sinatzea. Beste alde batetik, Ligak aurrerapauso bat eman behar duela baliabide aldetik. Belar artifizialeko zelaiak kendu egin behar dituzte, eta zaleei erraztasunak eman behar dizkiete partidak jarraitzeko eta ikustera joateko. Horrekin batera, eman beharreko beste pauso bat izango da emakumezkoen taldeek modu erregularrean jokatzea estadio handietan.

Hemendik aurrera, zer asmo duzu?

Orain arte goi mailako kirola eta ikasketak uztartu ditut—Zuzenbide eta Ekonomia lizentziaduna da—, eta exijentzia handia da. Gurpil zoro horretatik atera, eta atseden pixka bat hartu nahi dut. Ondoren, hausnartzeko denbora bat hartuko dut, eta, zer aukera ditudan ikusirik, erabaki bat hartu. Irailean, gainera, masterreko praktikak ditut. Ikusiko dut kirol munduari lotuta jarraitzen dudan. Baina lasai nago, gogoa dudalako neure burua erronka berrietan ikusteko. Emakume kirolarien eskubideen munduak asko erakartzen nau. Ziurra da, ordea, harmailetatik gertu jarraituko diodala taldeari, eta hor izango nautela behar dutenerako.

MOTZEAN

Zer eman dizu futbolak?
Aukera asko, bai mundua, bai jendea ezagutzeko. Nire ametsak betetzeko modua ere eman dit.
Eta kendu?
Goi mailako kirolak beti eskatzen ditu sakrifizioak, eta horien artean dago, adibidez, lagunekin egingo zenituzkeen plan batzuk ez egitea.
Zer da zuretzat Lezama? 
Nire etxea da. Hor hazi eta hezi naiz kirolari eta pertsona moduan.
Eta San Mames?
Jokalekurik ederrena. Momentu ahaztezinak bizi izan ditugu han: Txapeldunen Liga jokatzea, ikusle marka gainditu genuen eguna... Emakumezkoen taldeak etxeko partidak bertan jokatzeak izan behar du helburua.
Taldekide bat?
Asko aukeratu beharko nituzke, eta, beraz, multzoarekin geratzen naiz. Beti diogun moduan, lagun talde edo familia bat bezalakoa gara, urte asko daramatzagu elkarrekin, eta beti gaude elkarri laguntzeko prest.
Entrenatzaile bat?
Guztiekin ikasi ditut gauzak. Baina, agian, hauek aukeratuko nituzke: Juan Luis Fuentes, lehen mailan jokatzeko aukera eman baitzidan; eta Edurne Burgoa eta Ibon Mendibe, haiek ekarri baininduten Athleticera.
Partida bat?
Txapeldunen Ligako partida Fortuna Hjorringen kontra, eta ikusle marka gainditu zen eguna Atletico Madrilen aurka. Azken partida horretan izugarri hunkitu nintzen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia