euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Garazi Martin, Danimarkan dagoen laudiotarra: «Gaizki ikusita dago behar baino ordu gehiago lan egitea» (Berrian)

2020/06/16

EHUn biologia ikasketak egindakoa da Martin. Ikerketan murgiltzeko grinak Kopenhagera eraman zuen azaroan. Geroztik, genetikari lotutako proiektu batean lanean dabil bertan.

Lotura: Berria

Peru Azpillaga. Holofood izeneko ikerketa proiektu batean parte hartzen ari da Garazi Martin (Laudio, Araba, 1993). EHUn Biologia ikasketak amaitu ostean, biodibertsitate eta ekologia ikerketak egiten aritu da saguzarrekin. Orain ordea, Kopenhagera (Danimarka) lekualdatu da Europako Batasunak finantzaturiko genetikaren arloko ikerketa batean parte hartzeko.

Ikerketa arloan egiten duzu zuk lan. Nolatan amaitu duzu Kopenhagen?

Hemengo unibertsitateak laborategian lan egiteko eskaintza bat atera zuen. Nik ikerketa dut gustuko, eta Euskal Herrian, zoritxarrez, ez da erraza horrelako aukera bat lortzea. Horregatik, ez nuen askorik pentsatu eskaintza onartzeko orduan.

Zertan datza proiektua?

Holofood du izena. Helburua janariaren ekoizpena efizienteagoa bilakatzea da. Horretarako, oiloen eta izokinen genetika aztertzen gabiltza. Zera aztertu nahi dugu: zelan haien elikagaiak hobetuz gero, haragiaren kalitatea ere hobetu daitekeen.

Nolakoa da bertako unibertsitatea hemengoekin alderatuz?

Nik uste dut guztiz desberdina dela. Adibidez, gure departamentuan, denok batera bazkaltzeko mahai bat dugu, eta ping-pongean aritzeko mahaiak. Hasieran, arraroa egiten zitzaidan hemen aritzea, jendeak etxeko zapatilak eramaten dituelako departamentuan ibiltzeko, eta zure txakurra edota katua lanera ekartzeko aukera ere badago. Bestalde, egia da hemen asko ikertzen dela. Danimarkak inbertsio handia egiten du ikerketaren arloan, eta, beraz, punta-puntako instalazioak dituzte; mota guztietako ikerketak daude martxan.

Danimarkak Europako iparraldeko herrialdeetako ohiko ezaugarriak betetzen dituela esango zenuke?

Nik baietz esango nuke. Bizi kalitate ona dutela esaten da, eta lanaren aldetik, gutxienez, hala da. Oso gaizki ikusita dago behar baino ordu gehiago lan egitea. Hori argi esaten dizute hasieratik. Gainera, atsedena eta langileen ongizatea ere asko bermatzen da. Gero tenperaturari erreparatuz, klima hotzagoa izango zela uste nuen. Hala ere, egia da negua luze egiten dela, eta kostatu egiten da ohitzea. Era berean, zaila da ere jendearekin erlazio bat sortzea ere; are gehiago hizkuntzaren trabarengatik.

Zaila da, beraz, bertako jendearekin harremanetan jartzea?

Bai, nahiko desberdina da. Nik hemengo erlazio gehienak lanean egin ditut. Kanpotarrak gara ia guztiak, eta bertan ingelesez egiten dugu. Daniera ikasten ere hasia naiz, baina oso hizkuntza zaila da. Gero aisialdia, batik bat, etxeetan egotera dago bideratuta. Nik faltan sumatzen dut jendearekin harremanetan jartzea kalean.

Nolako hiria da Kopenhage?

Hiri handia da. Erabat laua da, eta bizikleta erabiltzen dute denek. Bestalde, turistikoki ez dago oso masifikatuta. Batez ere, Gabonetan pilatzen da jende gehien, garai horretan egiten diren merkatuek sona handia dutelako. Iparraldeko herrialdeetan bezala, bizitza nahiko garestia da, baina hemengo soldatak handiak direnez, proportzionalki, ez nuke esango Euskal Herrian baino garestiagoa denik.

Zer-nolako eragina izan du osasun krisiak bertan?

Martxoan unibertsitatea itxi zuten, eta etxetik ibili gara lanean. Hala ere, gure ikerketa geldirik egon da ia bi hilabetez. Neurriei lotuz, hemen ez da konfinamendu zorrotzik ezarri. Kalera ateratzeko aukera izan dugu, eta dendetan normaltasuna mantendu da. Gainera, hemen jendeak kasu asko egiten dio gobernuak esandakoari, eta esango nuke distantzia soziala osasun krisirik gabe errespetatzen dutela; beraz, ez da arraroa izan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia