Miel Anjel Elustondo. Gabi de la Maza Alonso (Barakaldo, 1956). Elektronika ikasketak egin zituen lehenik, irakasle-ikasketak gero, Plentziako Euskal Girotze Barnetegian egin ditu urterik gehienak. Ikasleak motibatu nahirik hasi zen kantua baliatzen, eta teknologia berrien bidean, euskarazko 2.300 kantu karaokean jartzera heldu da. “Jaso dezala eskua Youtuben Txantxangorriaren karaokerako euskal kantaren bat sekula erabili ez duenak”, Itsaso Zubiria Etxeberriaren galdera aurtengo ARGIA Sarien banaketaren kronikan.
-37 urtez irakasle izana, erretiroa hartu berri zaitugu.
Urriaren 3an jubilatu nintzen. Espainiako Estatuak Euskadiri transferitutako irakasleetakoa naiz, Eusko Jaurlaritzak lehen oposizio deialdia egin aurretik irakasle plaza ateratakoa. Pentsioa ere, adibide baterako, Espainiako Gizarte Segurantzatik gabe, Espainiako Estatuko aurrekontuetatik jasotzen dut nik. Lehen Hezkuntzako irakasle izan nintzen hamaika urtez, zazpi, Gorlizeko eskolan. Zortzigarren ikasturtea hastera zihoanean, eskola-idazkariak iragarki bat jarri zuen taulan: Plentziako Euskal Girotze Barnetegian lan egiteko eskaintza, plaza bakarra. Barne-lehiaketa bidez ebaztekoa zen, eta hura irabaziz gero, galtzen nuen ordu arteko Lehen Hezkuntzakoa.
-Lehiaketa irabazi zenuen, Euskal Girotze Barnetegian hasi zinen lanean.
26 urte egin ditut barnetegiko lanean. Plentziakoan, hemezortzi urtez. Barnetegien programa Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak abiarazi zuen, A, B eta D irakastereduak martxan jarri eta gero, ikasleek aisialdian euskaraz aritzeko aukera izan zezaten. Hezkuntza Saileko Euskara zerbitzuan ziren orduan Mikel Zalbide, Joxemari Berasategi, Ibon Olaziregi, Iñaki Artola… eta Agustin Mujika Takolo-k, barnetegi proiektua aurkeztu zien. Jaurlaritzak onartu, eta lehen barnetegia gauzatu zuten, Euban. B ereduko ikasleei zuzendua zen orduan, eta hamabi egun irauten zuen egonaldiak. Bost urte Euban, eta Plentziara ekarri zuten 1990ean. Hurrengo urtean hasi nintzen ni bertan.
-Baziren beste barnetegi batzuk ere.
Bai. Tartean, Alkizakoa eta Gaztelukoa sortu ziren. Ondoren, Aubixakoa, Elgoibarren, eta Segurakoa eta Barriakoa ireki zituzten, zeinek bere ezaugarriak zituela, adin eta ereduetan. Prozesu bat gertatu zen, jakina, A ereduko ikastetxeak gero eta gutxiago ziren, B eta D eredukoak gero eta gehiago. Gaur egun, adin eta eredu guztiak hartzen dituzte barnetegiek. Gogoeta egin eta ondorio horrexetara heldu ginen bost barnetegiok, estu koordinatuta lan eginda.
-Euskararen erabilera sustatzea da barnetegien asmoa, inondik ere. Hor sartzen da euskarazko kantuen karaokea?
Hasieran, euskararen erabilera zen helburua, baina orain are gehiago da motibazioa lantzea momentuko erabilera handitzea baino. Lan-hipotesi horretara iritsi ginen, eredu batekoek eta bestekoek problematika ezberdinak zituztela konturatuta. Kantuei dagokienez, barnetegietan hainbat jardueraz betetzen genuen eguna: ikasleek bata bestearen atzetik burutzen zituzten jarduerak, arnasa hartzeko astirik ere ez zuten. Pressing estua jotzen genuen, eta ikasleek euskaraz egin zezaten lortzen genuen, gu ondoan gintuztenean. Gu urrundu orduko, pressing-a arinduz gero, euskararen erabilerak behera egiten zuen.
-Jarduera horien artean zen euskaraz kantatzea.
Bai. Kantutegia egiten genuen, 30 kantaz osatua, eta ikasleek kanta haiek egunero aditzen eta kantatzen zituzten. Megafonian ere ipintzen genituen. Intuitiboki bada ere, pentsatzen genuen kantuak ikasleentzat euskararen erreferentzia izan zitezkeela, beraiek bizi ziren giroan, kantua aditu eta barnetegian izandako bizipen positiboren batekin lotuko zutela. Hari horretatik tiraka heldu ginen motibazioa lantzera, momentuko erabilera bultzatzera baino. Motibazioak erabilera dakar, seguru. Motibaziorik gabe ez da erabilerarik.
-Nola lantzen zenuten motibazio hori?
Ikaslearen eta ikasle-taldearen interesak identifikatu behar genituen, talde barruko dinamikak azalera ekarri jolas bidez: nesken eta mutilen arteko harremanen nolakoa, liderrak, ikasle isolatu edota baztertuen kasua… Talde-dinamikako estrategiak erabili eta jolasak burutzen genituen. Ondoren, jolasean gertatutakoak kontuan hartu eta talde barruko harremanak aztertzen genituen. Intentsitate handiko momentuak izaten ziren, eta haietan euskaraz aritzen ziren ikasleak, batzuetan taldeak kohesionatu egiten ziren… Esperientzia positiboak lantzen genituen, euskaraz, ikasleek ere euskara bizipen positibo batekin lotu zezaten. Emozioarekin jokatzen ari ginen, jakina.
-Horrek zer du ikustekorik zure kantu eta karaokearekin?
Kantuek emozionatu egiten gaituzte. Sentimenduz beteta daude. Jakinaren gainean erabiltzen genituen kantuak, bagenekien-eta ikasle horrek, barnetegitik irtendakoan, euskarazko kantua entzun eta esperientzia positiboarekin lotuko zuela. Oso kantu ezagunak erabiltzen genituen, erakargarriak, hainbat urtetan iraun dutenak.
-Adibidez?
Hertzainak-en Aitormena, adibidez, hogei urtean egon zen gure kantutegian. Itoizen Lau teilatu –baina EH Sukarraren bertsioa gustatzen zitzaien ikasleei–, Xalbadorren heriotzean… 1991tik hona, asko. Hasieran, binilozko diskoak ibiltzen genituen. Goizean, eguraldiari begiratzen genion, biltzen genituen ikasleak, albisteak aipatzen genizkien, eta kantu saioa egiten genuen, ikasleak eroso jezarrita eta kantutegia eskuetan zutela. Jartzen genuen musika, eta kantatu egiten genuen. Tartean, mikrofonoa ere pasatzen genuen ikasleen artean, eurek kantatzeko. Azkenean, 180 kantu inkunableren zerrenda osatu genuen.
-180 inkunable?
Bai. Mp3a sartu zen garai berean, ETB Kanturik onena saioa egiten hasi zen eta hantxe atera ziren Xalbadorren heriotzean, Lau teilatu, Aitormena… eta programaren amaieran jendeak gehien bozkatutako kantuen bertsioen bilduma publikatu zuten. Zenbait bertsio ez zitzaizkidan batere gustatzen. Nahiago nituen originalak. “Neuk egingo dut originalen bilduma mp3 formatuan”. Eta telebistako programan aukeratu zituzten haiek hartu eta mp3an sartzen hasi nintzen. Baina haiek sartuagatik ere, espazio handia nuen CD-an. “91z gero barnetegian ibili ditugun kantak erantsiko ditut”. Eta haiek ere ipini nituen, eta ondoren, neure gustukoak ere bai, CD hura bete arte. Azkenean, 180 kanta. Inkunableak, nire ustez, euskal kantarik onenak. Diskoa osatu eta barnetegira etortzen ziren ikasleen irakasleei ematen genien opari, eskolan kantatzen segi zezaten.
-Ordukoa da zure karaokea?
2004 inguruan hasi nintzen kantak karaokean ipintzen, nola egin ikasi nuenean. Informatika eta teknologia berrien sasoia zen, ikus-entzunezkoak furian zeuden. Ikasi nuen eta 25 kanta ipini nituen karaokean, barnetegian erabiltzeko asmotan. Baliabideak ere bagenituen, eta bideogintzan ere trebatuta geunden, hasieratik bertatik barnetegian egindako egonaldiaren bideoa osatu eta oparitzen genien-eta ikasleei. Lehenengo, mahai analogikoa eta monitoreak erabiltzen genituen. Gero, ordenagailuz hasi ginen.
-Jendeak ez ohi du teknologiari etekina ateratzeko abilidaderik. Zuk ez bezala.
Hori ere esan behar nuen: batxilergoa ez ezik, elektronika ikasketak ere egin nituen. Gure etxean leku guztietan ikusi ahal dituzu telebista pantaila, ordenagailua eta beste. Teknologia berriak heldu zirenean, oso gustura hartu nuen mundu hura. Euskal musika ere, gustukoa…
-Noizdanik?
Gaztetxotan, Beatles, Bob Dylan, Neil Young, Victor Jara, Joan Manuel Serrat… horiek denak entzuten nituen. Hamasei-hamazazpi urterekin, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Imanol –batez ere–, sartu zitzaizkidan, artean euskaraz ez nekienean.
-Euskaraz ez zenekien?
Ez, baina ordurako Bilboko Jatorki abesbatzan kantatzen nuen. Txikitan, 11 urterekin, institutuko koruan kantatu nuen. Timoteo Urrengoetxea zen zuzendari. Agur jaunak, Boga-boga… orduan ikasi nituen. Gero etorri zen euskaraz ikastea, Lanbide Heziketa egiten ari nintzenean. Bilbon, Santutxuko Karmelora hasi nintzen, gauez. Goizez, Elektronika ikasketak egiten nituen. Arratsalde beranduan, batxilergoko seigarren maila Txurdinagako institutuan. Gaueko hamarretan handik irten eta Karmelora, euskaraz ikastera, koadrilarekin. Bittor izeneko karmeldarra genuen irakasle, Mañarikoa ei zen.
-Orduan ikasi zenuen euskaraz.
Han jaso nituen lehen eskolak. Gero, soldadutzara joan beharra etorri zen, eta han ere euskaraz ikasten segitu nuen, Xabier Gereñoren euskara metodoarekin. Leonen (Espainia) izan nintzen soldadu, eta konpainian Bilboko hemeretzi gazte ginen. Egun batean, armairuak miatu zizkiguten, eta hamazazpi lagunek Gereñoren metodoa geneukan. Hamazazpik! Kar, kar… Soldadutzatik itzulita, taxi lanean hasi nintzen Bilbon, aldi berean irakasle-ikasketak egiten nituela.
-Hara!
Bai, bai… 22 urterekin, izen-ematea egitera joan, eta zientzietako adarrean eman nuen izena. Idazkaritzatik irten eta eskaileretan behera nindoala, Juan Luis Goikoetxearekin egin nuen topo. Han eta hemen elkar ikusiak ginen, mugida abertzaleetan. Oso baldar hitz egiten nuen euskaraz garai hartan, baina ulertu, aldiz, dena edo gehiena. Eta Juan Luisek: “Zertan matrikulatu zara?”. “Zientzietan”, nik. Urte hartan euskal filologia adarra zabaltzekoak ziren Bilboko irakasle eskolan, eta ikasle ehizan zebilen. “Matrikula zaitez euskal filologian, jendea behar dugu. Ostantzean ez dute zabalduko”. Eta euskara mailarik ez neukan arren, idazkaritzara berarekin joan eta matrikula aldatu nuen. Euskal filologian nintzen.
-Horrek euskara hobetzea ekarriko zizun, jakina.
Dudarik gabe. Gauez egiten nuen taxi lana. Askotan, geltokian, zain, eta bertan prestatzen nituen ahozko azterketak. Euskaraz ondo zekien lagunen bati esan ikasgaia zintan grabatzeko, eta taxian entzuten nuen, belarria lantzeko. Eta musika ere bai. Hirugarren mailara iritsi nintzenean, praktikak egiteko garaian, zenbait teknikari etorri ziren hezkuntza ordezkaritzatik, eskoletan euskara irakatsiko zuten irakasle bila. Tituludunak nahi zituzten, aurreko urteetan titulurik gabeko hainbat jende ibili zen-eta erakusten.
-EAEko autonomia hasierako garaia da hori.
1980ko kontuak. Orduan hasi nintzen eskolan, irakasle espezifiko, euskara erakusten Plentzian. Ondoko urtean, ikasketak amaitu eta Arrieta-Libaoko eskolara bidali ninduten, Sollube magalean. Francoren garaiaz geroko lehen irakasle euskalduna izan nintzen. Hiru urte egin nituen han, adin guztietako ikasleak nituela: 3 urtekoak txikienak, 14 urtekoak nagusienak. Hogeita bat ikasle. Lehenengo hilabetean, gogorra izan zen, baina, harrezkero, zoragarria. Arrietatik Gorlizko eskolara jo nuen, eta barnetegira gero. Horixe izan da nire ibilbidea.
-Karaokea fortunatu artean, esan beharko dugu.
2.300 kanta muntatu ditut orain artean. Argazkiak erabiltzen ditudanean, hiru bat ordu ematen ditut kanta bat osatzen. Bideo-klipa baldin bada, letra erantsi beste lanik ez badu, ordu bat-edo nahikoa dut. Rap-a baldin bada, hiru ordu. Irudiak, berriz, nireak dira, edo interneten bilduak. Photoshop-a ere erabiltzen dut, argazkiak lantzeko, dela koloreak aldatzeko edota bizpahirurekin muntaia antolatzeko. Azkena, Kantuzaleak elkartekoek bidalitako bat egin dut, Nafarroan egingo duten Kantu Zaharren Eguna dela eta.
-Noizkoa da Txantxangorria ataria?
2004an ireki nuen webgunea. 2008an, berriz, ikasturte amaierako talde batek barnetegian esan zidan: “Zergatik ez dituzu zure karaoke hauek Youtube-ra igotzen?”. Gogoan hartu nuen ideia, eta Youtubeko kanala ireki nuen: Arratsalde honetan kanta igo nuen lehena. Eta, ondoren, urte hartako kanta bildumakoak igotzen hasi nintzen Youtube-ra. Laster, jendea kanta jakinak eskatzen hasi zen eta, horrekin batera, aukeran nituen beste batzuk ere igotzen hasi nintzen. Azkenean, dinamika horretan sartu nintzen, gure “inkunableen” zerrendatik tiraka. Horrekin batera, nobedadeak. Hala ere, hor bada kontu bat: 2005ean belauneko ebakuntza egin zidaten, eta hainbat denbora eman behar izan nuen geldirik. Etxeko biniloak hartu, barnetegikoak, Irale-koak… denak hartu eta digitalizatu egin nituen, etxean, aparatu guztiak jarrita: audio, platera, audio nahasketa-mahaia ordenagailuari konektatuta… eta eskueran neukan euskal musika guztia digitalizatu nuen.
-Sekulako lana.
Sei hilabeteko baja izan nuen, eta horixe egin nuen denbora horretan. Eta horretan ari naiz oraindik. Euskal musikaren arkeologiak asko motibatzen nau. Baita nobedadeak ere. Kantari askorekin harremanetan naiz Facebook bidez, eta horrek ere asko laguntzen dit.