euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

"Frantziak ezin du onartu Euskal Herriaren ezagupena, ez linguistikoa, ez lurraldearena, bere batasun eta “berdintasun” ereduaren kontra doalako" (Enbatan)

2016/11/14

Hauteskundeetatik hauteskunde arteko tarteak hartu ohi ditugu ziklo gisa, agintaldi batean egin denari begiratu eta heldu den agintaldian etor daitekeenaz solasean hasten gara, zerbait aldatzen balitz bezala…

Lotura: Eneko Bidegain, Enbatan

Eneko Bidegain. 2017ko udaberrian hauteskundeak dira Frantzian, presidentea eta diputatuak hautatuko baitira. Ustekabe handirik ez bada bederen, Errepublikanoek irabaziko dituzte, Alderdi Sozialistaren irabazteko aukerak lurra baino beherago baitaude eta Fronte Nazionalak nekez lor bailezake bigarren itzulian nagusitzea.

Nicolas Sarkozyk badu aski lan, eta beraz Alain Juppé izan liteke Frantziako presidente bihurtzeko aukera handienak dituena.

Gero etorriko dira diputatu bozak, eta logikoki Juppéren alderdiak irabaziko lituzke.

Horrek zer aldatuko du Euskal Herriarentzat?Egoerak hobera eginen du ala txarrera? Ala ez da biziki aldatuko?

Aski zaio begiratzea 1981etik honako ibilbideari. Hauteskunde gehienetan itxaropen izpi bat sortu da, eta itxaropen hori beti zapuztu da. Euskal departamendua sortu beharra zuen Mitterrandek, eta azkenean deus. Lionel Jospinek ere erakutsi zuen urratsak egiteko borondatea, eta azkenean deus. Nicolas Sarkozy ere ibili zen Euskal Herrian: euskal departamenduaren eta abarren kontra agertu zen, baina beste aterabide batzuk iradoki zituen. François Hollandek ez zuen euskal departamendua hitzeman, baina Euskal Herriaren egoera hobetuko zelako itxaropena sortu zuen.

Azken bost urteetan zer egin du Frantziako Gobernuak? Deus ere ez du egin euskararen egoera hobetzeari begira.

Hizkuntza gutxituen euroagiriarekin aritu dira katzakan, baina beti bezala, erresistentziak handiagoak izan dira (aitortu behar da, Frantziak izenpetu zituen artikulu bakarrekin, euroagiri hori aukera baino gehiago, muga izan daitekeela euskararentzat).

Gatazka armatuaren konponbidean ere ez du urratsik egin; Espainiaren politikara lerrokatu da. Christine Taubira justizia ministroak jarrera irekia erakutsi zuen presoen hurbiltzeari begira, baina horiek hitzak baizik ez ziren izan. Gobernutik kendu zuten, eta geroztik gai hori izozkailuan dago.

Frantziak beti horrela egiten du… Beti iduri du badela ministro bat besteak baino irekiago, baina beti nagusitzen da estatu logika. Frantziak ezin du onartu Euskal Herriaren ezagupena, ez linguistikoa, ez lurraldearena, hori bera Frantziaren batasun eta “berdintasun” (uniformitate) ereduaren kontra doalako.

Orduan, presio soziala lasaitzeko asmoz, artetan sortzen ditu sasi-egitura batzuk, ez daukatenak ez baliabiderik, ez eskumenik, Euskal Herriaren beharrei erantzuteko. Hori egin zuen Garapen Kontseiluarekin, Hautetsien Kontseiluarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin.

Ipar Euskal Herriko arlo sozioekonomiko, politiko eta kulturalaren indarrak egitura horietara bideratzen dira, eta zenbait urteren buruan ohartzen dira egitura horiek zein mugatuak diren.

Horrelako zerbait gerta daiteke Helep izeneko herri elkargo berriarekin ere. Prefetaren proposamena gogoz kontra onarturik, lurralde elkargoaren sustatzaile nagusiak buru-belarri sartu dira Helep horren aldeko kanpainan, eta nornahik uste du Ipar Euskal Herriak azkenean lortuko duela autonomia edo berezko erakundea, heldu den urtarrilean.

Egin lezake bide bat, baina berehala ikusiko du zein hesik inguratzen duen. Tresna hor izanen da, dena den. Ipar Euskal Herriko herri guztiak ordezkatuak izanen dira hautetsien bidez, eta estrategia batekin jokatuz, bilatu beharko ditu bidexkak, hesi horien gainetik, Euskal Herria euskaldunago eta batuagoa egiteko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia