Joan-etorriko egitasmo honek helburu bikoitza du: batetik, kultur eragileak elkartzea, esperimentatzea eta elkarrengandik ikastea. Bestetik, bi lurraldeetako sorkuntzaren kalitatea eta izaera berritzailea plazaratzeko kultur proposamen zehatzak lankidetzan garatzea.
Ekimenak, kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, diziplina anitzeko eskaintza zabala aurreikusten du. Halaber, kultur eragileen arteko lankidetza, eta artista, sortzaile eta kultur industrien sarea sustatuko da hainbat alorretako hamaika proiektu baino gehiago jasoko dituen egitarau aberats baten bitartez. Kultur egitasmo hau bi urteren buruan bi lurraldeen artean landutako harremanaren emaitza da. Izan ere, 2021an eta 2022an Lehendakaritza, Flandriako Kantzilergoa eta Kultura Saila eta Flanders Arts Institute-ekin elkarlanean Euskadi eta Flandriara lan-bisita bana antolatu ziren. Gainera, aurten, bi lurraldeen arteko kultur-lankidetza sustatzeko deialdi bana atera zuten Eusko Jaurlaritzak eta Flandriako gobernuak. Hortaz, hautatutako proiektu gehienak lan-bisita haien ondorio dira.
Nahiz eta dagoeneko programa abian den, datorren urtera begira egitaraua zabaltzea aurreikusten da, eta gaur aurkeztu direnak programaren baitako lehen egitasmoak dira. Programazioa eskuragarri dago.