Agenda / Erredakzioa. Pintaketa faxistak agertu dira gaur Madrilgo Euskal Etxearen fatxadan. Espainiako Falangeren gazteek sinatutako mezuotan "ETA kanpora" irakurri daiteke, besteak beste.
Horrez gain, uztarria eta geziak (Falangeren ikurra) eta buruan tiroa jaso duen gorpu baten silueta ere marraztu dituzte.
Hain justu, "euskal presoen hurbilketa eta giza eskubideen errespetua" eskatzen duen "Acercar, convivir" izeneko (hurbildu, elkarrekin bizi) ekimenaren aurkezpena dute ostegun honetan Madrilgo Euskal Etxean, eta horrekin lotu dute erasoa.
Pintaketak agertu eta gutxira honako mezuak zituzten kartel antifaxistekin estali dituzte: "Faxistak auzoetatik kanpora", "Eraso faxisten aurrean, inpunitaterik ez. Ez dira pasatuko" eta "Antifaxismorik gabe ez dago demokraziarik" zioten leloekin.
Madrilgo garbiketa zerbitzuak gaur bertan ezabatuko ditu pintaketak.