Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek misio komertzial eta instituzional bat egingo du Txinara bihartik (urtarrilak 16) aurrera. Bidaia horretan, euskal ordezkaritza Txinan ezarpenak dituzten euskal enpresekin elkartuko da eta Batz konpainiak irekiko duen fabrika berriaren inaugurazioan parte hartuko du. Gainera, bisitak iraungo duen bost egunetan, ordezkaritzak bilerak egingo ditu Jiangsu eskualdeko gobernuarekin eta zonalde hartako enpresa ganberarekin, berau baita Txinako handiena 170.000tik gora enpresarekin.
Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Saileko Industria sailburuorde Javier Zarraonandia, Nazioartekotzeko zuzendari Ainhoa Ondarzabal eta SPRI Taldeko (Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentzia) zuzendari nagusi Alexander Arriola buru dituen ordezkaritza hori astelehen honetan elkartuko da Beijingen Fagor Automation-ekin eta energia berriztagarrien sektoreko Gamesa euskal enpresarekin, Txina inbertsio handiak egiten ari baita sektore horretan. Jardunaldian zehar lan-mahai bat egingo da Fagor Automotion, Gamesa, Iraeta eta Hine euskal enpresekin.
Asteartean, euskal ordezkaritza Zhejiang probintziara abiatuko da, Maier enpresaren fabrika bisitatzeko. Maier-ek Txinan duen bi produkzio-ezarpenetako bat da, tokiko konpainia batekin joint venture baten bidez sortu duena. Fabrika horretan automoziorako barneko eta kanpoko piezak diseinatzen eta fabrikatzen dira. Arratsaldean, Urola enpresaren fabrika bisitatuko du, zeinak esneki, garbigarri eta lubrifikagarrien merkatuan lan egiten baitu. Fabrika horrek ere bazkide txinatar bat du, Giant Holding, hots, jasogailu eta igogailu fabrikatzaile garrantzitsuenetako bat
Asteazkenean, ordezkaritza Jiangsu probintziara joango da, Txinan kokatutako euskal enpresa gehien dauden zonaldera. Guztira 43 ezarpen daude, bai produkziokoak eta bai merkataritzakoak. Probintzia horretan bisitatuko ditu, batetik, Copreci enpresak Kunshan hirian duen fabrika, zeinak etxeko labeentzako balbulak egiten baititu, eta, bestetik, Gestamp enpresaren trokelgintza fabrika berria: GGM Gestool China. Jardunaldia osatzeko, ordezkaritzak konferentzia batean parte hartuko du Mondragon Taldeko zuzendaritza-karguekin batera, Kunshan-eko industria-parkean.
Ostegunean, lan-programak izaera instituzionalagoa hartuko du, ordezkaritzak Jiangsu probintziako (Euskadirekin senidetuta dagoena 2010etik) agintariak bisitatuko dituelako. Euskal ordezkariek Jiangsu-ko gobernuko Kanpo Gaietako Saileko ordezkariarekin bazkalduko dute, hots, Euskadirekiko harreman instituzionalaren solaskide eta harreman komertzialaren sustatzailearekin. Topaketan Jiangsu Federation of Industry & Commerce organismoak ere parte hartuko du. Irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, gobernuaren menpe dagoena, Jiangsu probintziako erakunde industrial eta komertzialek osatzen dutena eta 170.000tik gora enpresa biltzen dituena.
2015eko irailean SPRI Taldeko zuzendariak hitzarmen bat sinatu zuen erakunde horrekin, zeinaren helburua baita merkataritza, enpresa eta erakunde arloetako truke eta lankidetza harremanak indartzea, enpresa harremanak sortzea, negozio eta inbertsio bateratuak sustatzea, lankidetza proiektuak garatzea, enpresa eta erakundeen arteko harremanak sortzea eta azokak, mintegiak, kongresuak, hitzaldiak eta enpresa eta sektorekako misioak antolatzea.
Osteguneko jardunaldia amaitzeko, ordezkaritzak Nanjing hirian kokatutako Huawei enpresaren zentroa bisitatuko du. Informazio eta komunikazio konponbideen arloan mundu mailako liderra den enpresa hori Zamudioko Zientzia eta Teknologi Parkean dago kokatuta.
Misioa ostiralean amaituko da, Batz enpresak Kunshan-en irekiko duen fabrika berriaren inaugurazioarekin; euskal konpainiak Txinan duen laugarrena da, eta beronekin osatuko da Batzek industria-parke horretan estanpazio prozesuetarako duen beste fabrika. Produkzio-planta berriak 4.200 metro koadro eraiki ditu. Iluntzean, topaketa bat egingo da Txinan kokatuta dauden euskal enpresekin.
Gaur egun, 133 euskal enpresa daude Txinan (Hong Kong eta Taiwan eskualde administratiboak barne), zeintzuek 222 ezarpen baitituzte, bai produkziokoak eta bai merkataritzakoak. Gehienak herrialdeko kostan kokatuta daude, bereziki Shangain eta Jiangsun. Han dauden konpainien ia erdiak makina eta ekipo mekanikoen sektorekoak dira.
Eusko Jaurlaritza (SPRI Taldearen bitartez) Txinan izan zen 2015eko irailean, han kokatutako euskal enpresekin harremanetan jartzeko eta Jiangsu eskualdeko enpresa ganberarekin hitzarmena sinatzeko. Bidaia honek duen helburu berarekin egin zen 2015ekoa ere: bertatik bertara ezagutzea han dauden euskal enpresen egoera, jakitea zein egoera bizi duten Txinaren bilakaera ekonomikoa aldatu denetik, eta Euskadi eta Txinaren arteko harreman instituzionalak garatzen jarraitzea.