euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Eusko Jaurlaritza eta Peruko gobernua Hizkuntz Politika kontuetan lankide izango dira (Irekian)

2015/05/27

Eusko Jaurlaritza Peruko Gobernuko Interkulturalitateko ministrorde Patricia Balbuenarekin eta Hizkuntza Indigenen zuzendari José Antonio Vásquez-ekin elkartu zen atzo Liman. Bileraren helburua bi instituzioen arteko harremanak estutzea eta etorkizunean elkarlanean aritzeko bideak zabaltzea izan zen. Eusko Jaurlaritzako ordezkari gisa Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta Joseba Lozano, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, bertaratu ziren.

Lotura: Irekia

Balbuena Palacios ministrordeak berak deitutako bilera honetan euskararen biziberritzea izan zuten hizpide. Izan ere, aniztasun linguistikoa (47 hizkuntza dituzte bertan) sustatu eta berreskuratu nahi dute Perun. Hori da beraien helburua. Eta lan honetan, euskal eredua eredugarria da beraientzat. Honenbestez, bilerak hizkuntza politikaren gaineko informazioa eta usteak trukatzeko balio izan zuen. Perutarren interesari erantzunez, hizkuntza politika kontuetan kooperazio eta kolaboraziorako balioko duen akordio bat gauzatzeko prozesua martxan jartzea erabaki zen. “Oso interesgarria izan da bilera. Positiboa eta aberasgarria, zalantza gabe”, azaldu zuen bileratik ateratzerakoan Patxi Baztarrikak.

Atzoko bilera Eusko Jaurlaritza Perun egiten ari den bidaiaren agendaren parte bat besterik ez da. Izan ere, Eusko Jaurlaritza Peruko Kultura Ministerioak antolatutako Kultura eta Hizkuntza Aniztasunaren Astean parte hartzera gonbidatu zuten. Bertan, Patxi Baztarrika sailburuordeak Hizkuntza Politiken Nazioarteko Sinposioaren (maiatzaren 25 eta 26an) amaiera hitzaldia eskaini zuen atzo. Sinposio hau Kultura eta Hizkuntza Aniztasunaren Astearen baitan ospatzen da.

Joseba Lozano zuzendariaren interbentzioaren ondoren (astelehenean eskaini zuen bere hitzaldia), atzo Patxi Baztarrikaren txanda izan zen. Sailburuordeak azken 30 urteotan euskararen biziberritzean izandako eboluzioa birpasatu zuen, urte hauetan zehar burututako hizkuntza politikak azpimarratuz.

Patxi Baztarrikak ondorengoa azaldu zuen bere amaiera hitzaldian: “Azken 30 urteotan Euskadin bizi izan dugun euskara biziberritzeko prozesua, hazkunde baten kronika da. Ezagutza tasak etengabe igo dira eta baita euskararen erabilera ere, nahiz eta ez den modu berean igo. Gaur egun, 5 urtetik gorako herritarren % 36,4k badaki euskaraz, eta duela 30 urte % 21,9k bakarrik. Aldi berean, duela 30 urte herritarren 2/3 ziren euskaraz ezer ere ez zekitenak, eta gaur egun % 44 dira erdaldun hutsak. Alegia, euskaldunen ehunekoak 14,5 puntuko hazkundea izan du 30 urteotan”.

Patxi Baztarrikak azaldu duenez, “gizartearen nahia da euskara biziberritzea eta honi esker izan da posible Euskadin bizi izan dugun prozesua. Bizikidetza, integrazioa eta gizartearen kohesioa da helburua”, Aldi berean, “gizarte eragile ezberdinen parte hartzea” goraipatu nahi izan zuen.

“Euskara hiru espazio juridiko administratibotan erabiltzen da eta hizkuntzaren biziberritze prozesua ere ezberdina izan da hiru gune horietan. Euskadikoa jarraitua eta nabarmena izan da. Nafarroako hazkundea, ordea, apalagoa izan da azken 30 urte hauetan. Baina Iparraldeko egoera kezkagarriagoa da, euskarak atzera egin baitu nabarmen”, azaldu zuen.

“Hizkuntza baten biziberritzea posiblea izateko hiru faktore eman behar dira gutxienez: hizkuntzaren estatus legal egoki bat; hizkuntza politika eraginkor bat eta gizartearen nahia. Azkeneko faktore hau da, zalantzarik gabe, garrantzitsuena. EAE-n hirurak eman dira eta, noski, honek zuzeneko eragina du biziberritzean”, bukatu du.

Gogora ekarri behar da ere Eusko Jaurlaritzak kolaborazio protokolo bat sinatu zuela urtarrilean Txileko CONADI-rekin (Corporación Nacional de Desarrollo Indígena).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia