euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Euskarazko hedabideek zuzeneko telebista saioa egingo dute, Paristik (Berrian)

2017/12/05

BERRIAren webgunean ikusi ahalko da, 11:00etan. Manifestazioko irudiak emango dituzte

Lotura: Berria

Urtzi Urkizu. Orain presoak lelopean, manifestazioa egingo dute larunbatean Parisko karriketan. Mila hautetsik baino gehiagok eman diote sostengua Bakearen artisauen deialdiari, eta euskal presoei ohiko legeria ezartzeko eskatu dute. Mobilizazio garrantzitsua izan daiteke asteburu honetakoa, eta Frantziako hiriburuan gertatzen den guztiaren berri emango dute BERRIAk eta Ipar Euskal Herriko beste euskarazko hedabideek. Zuzeneko telebista saio berezia egingo dute elkarlanean sei hedabidek, Montparnassen jarritako platoan, 11:00etatik 15:15era. BERRIAren webgunean ikusi ahalko da programa, baita Ipar Euskal Herriko Hitza-ren webgunean, Euskal Irratien atarian, Kazetaren webgunean eta Kanaldude telebistakoan. Lurreko telebista digitalaren eta kableko telebista eskaintzaren bitartez —Hego Euskal Herrian— ere ikusteko modua izango da, Hamaika telebistan. 

Saio bereziko aurkezleak Nekane Zinkunegi eta Battit Crouspeyre izango dira. Analista lanean ariko dira Pantxika Arranbide eta Enekoiz Esnaola. BERRIAko kazetaria da Esnaola, eta, hain justu atzo, Luhuso. ETA-ren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua aurkeztu zuen Baionan. Armagabetzearen inguruko hainbat berritasun eta ahots bildu ditu lanean.

Manifestazioa hasi bitartean, parte hartuko duten pertsona ezagunak elkarrizketatuko dituzte platoan. Gainera, sei hedabideetako kazetariek zuzeneko konexioak egingo dituzte etengabe —aldibereko itzulpen sistema bat egongo da—. 12:30ean hasita, manifestazioko irudiak ikusiko dira, une oro. Bidean pertsona ezagunak eta ezezagunak elkarrizketatuko dituzte BERRIAko eta Ipar Euskal Herriko Hitza-ko Jon Olanok, Ekhi Erremundegik eta Eneko Etxegarari kazetariek.

Manifestazioko amaiera ekitaldia osorik ikusi ahalko da aipatutako webguneetan eta Hamaika telebistan. Baita ondorengo kontzertuak ere. Saioa 15:15 inguruan amaitzea espero dute.

BERRIAk webgunean zuzeneko kontakizuna egingo du, eguneko arreta ia guztia Parisko mobilizazioan jarrita.

Sare sozialetan, #ParisZuzenean traola erabiliko dute euskarazko komunikabideek.

Elkarlanaren fruituak

Parisko manifestazioaren saio komuna egiteko hemezortzi lagun inguru ariko dira lanean larunbatean. Ez da lehen aldia Ipar Euskal Herriko euskarazko komunikabideak elkarlanean aritzen direna. 2013tik 2015era, Ahoan bilorik gabeelkarrizketa saioa egin zuten elkarrekin. 2015ean, Ipar Euskal Herriko hedabideek Argia saria jaso zuten, hauteskundeetan elkarrekin egin zuten jarraipenagatik. Urte horretan, halaber, Korrikaren hasierari lotutako saio komuna egin zuten Urepeletik (Nafarroa Beherea) —orduan ETB ere batu zen elkarlanera—. Azaroaren hasieran mintegi bat egin zuten Kanbon (Lapurdi), etorkizuneko pausoak finkatzeko asmoz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia