euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Euskara sustatzeko ituna sinatu dute Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko EEPk (Berrian)

2017/07/03

Lankidetzarako bost arlo zehaztu dituzte hiru erakundeek, eta Europako finantzaketa lortzeko bidea ere hasi dute.

Lotura: Berria

Garikoitz Goikoetxea. Alde biko hitzarmenak izan dituzte erakundeek orain arte, Eusko Jaurlaritza erdian zela; batetik, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta, bestetik, Jaurlaritzak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak. Hiruren artean sinatu dute orain itun bat.

Iruñean egin dute ekitaldia, Nafarroako Jauregian. Jaurlaritzaren izenean, Bingen Zupiria Hizkuntza Politikarako sailburuak izenpetu du hitzarmena; Nafarroako Gobernuaren aldetik, Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak; eta, EEPren partetik, Mathieu Berge presidenteak.

Ituna oso garrantzitsua dela nabarmendu dute hirurek, eta ezinbesteko jo dute lankidetzan aritzea. Ollo kontseilariak adierazi du horrelako itunek erakusten dutela "erakundeen arteko harreman normalizatua". Eta hau erantsi du: "Beti izan behar genuen harreman normalizatua".

Bost ildo jaso dituzte itunean:

1. Heziketa. Batetik, irakasleen eta ikasleen mugikortasuna; Iparraldean euskaraz eskolak emateko irakasle faltari erantzungo diote horren bidez, esaterako. Iparraldeko hogei bat ikasle Hegoaldeko unibertsitateetan hasiko dira, ikasketak euskaraz egiteko; eta Hegoaldeko beste hainbeste Bordeleko Unibertsitatera joango dira karrera amaitzera eta frantsesa hobetzera, Iparraldeko hezkuntza publikoan aritzeko. Helduen euskalduntzearekin lotutako gauzak ere badira.

2. Erabilera. Aisialdiko jarduerak eta neska-mutilen truke programak sustatuko dituzte. Eremu digitalean ere indar egin nahi dute.

3. Gogoeta. Euskararen egoerari buruz "gogoeta egiteko eta ezagutza partekatzeko" eremuak sortuko dituzte.

4. Ikerketa. Azterketa soziolinguistikoen datuak bateratuko dituzte, eta "beste ikerketa bide batzuk" proposatu.

5. Europa. Finantzaketa lortzeko bidea hasi dute, bereziki POCTEFA programa berriak aipatuz.

Hitzarmenak ez du aurrekontu zehatzik; azaldu dute hiru erakundeek orain dituzten baliabideekin garatuko dutela ituna.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia