Iker Tubia. Pantailak atzean utzi eta karrikak berreskuratzeko unea da. Hortaz, urte eta erdi luzez mugatutako Mintzapraktika egitasmoa lehengoratzeko ahalegina eginen du Euskaltzaleen Topaguneak. Mintzapoza aldarrikatuko dute ikasturte honetan, mintzalagunen artean elkartzeak eta euskaraz aritzeko espazioak sortzeak horixe ematen baitie. Euskal Herriko herri askotan antolatzen dira mintzapraktika taldeak, eta urria hondarrera arte izena emateko aukera dago.
Jarduera moldatzera behartu zituen pandemiak 2020ko martxoan, eta etengabe aritu dira erakundeetatik ezartzen ziren neurri murriztaileen arabera moldatzen. Ikasturte honetan, baina, arazo gutxiago izanen dituztela aurreikusi dute Topaguneko kideek, eta lehengo formak berreskuratu nahi dituzte. «Osasun neurriak errespetatu beharko ditugu, eta taldeek erabakiko dute nola elkartu. Gehienak terrazetan elkartzen dira; eta ekainean hasi ginen elkartzen terrazetan, kopuruak kontuan izanda. Orain ez dago halako mugarik, taldeak ez direlako izaten zortzi pertsona baino gehiagokoak», azaldu du Maite Agirre Mintzapraktika Sareko koordinatzaileak.
Aurten kalean jarduera gehiago antolatu nahi dituzte, orain arte mugaturik egon direlako. «Gu normalean herrietako kaleetan ibiltzen gara, herriko paisaia euskalduntzen dugu, eta herriko euskararen erabileran eragiten dugu», kontatu du. Mintzapoza tonbola ari dira antolatzen egunotan, proiektua eta kanpaina ahalik eta gehien zabaltzeko. Gainera, 40-50 urteko jendea ere erakarri nahi dute: «Askotan ematen du mintzalaguna bakarrik dela euskara ikasten ari direnentzat edo erretiratuentzat; baina, adin horretako jendeak ere eragin handia du hizkuntzaren erabileran eta transmisioan».
Mintzalagunak adiskide
Askotarikoa izan daiteke mintzalagunen profila. Karlos Goñi eta Edurne Gonzalez mintzalagunak dira, eta egoera ezberdina bizi badute ere, biak sartu ziren euskara praktikatzeko asmoz, eta biak geratu dira hortik harago doalako proiektua. Euskaltegian bukatuta, Goñi ohartu zen ez zuela euskaraz aritzeko gunerik inguruan. «Hizkuntza ez bada praktikatzen, galtzen joaten da. Gainera, jende euskalduna ezagutzeko aukera paregabea zen egitasmoa», kontatu du. Duela hamabi urte hasi zen, Iruñean, eta gogotsu dabil oraindik ere. «Ez duzu jendea ezagutzen, baina giro ona sortu zen berehala».
Mintzalagunek nahi dutena egin dezakete; egiten duten horretan euskara erabiltzea da baldintza bakarra. Goñi mendizalea denez, mintzalagunekin batera mendi taldea osatzea proposatu zion Topaguneak. Hala egin zuten; hilean behin egiten dute mendi irtenaldia, eta hogei lagun inguruko taldea biltzen da.
Gonzalez euskara ikasten ari da, eta ikasketak laguntzeko modu bat izan zen duela bi urte mintzapraktika egitasmoan sartzea. «Niretzat izugarria da, beste mundu bat ireki zidan. Ikasteko hasi nintzen, baina asko eman dit alor sozialean ere. Jende ezberdina biltzen gara, eta oso gustura aritzen gara». Astero egiten zuten hitzordua solastatzeko; askotan ibiltzera ateratzen ziren. Azkenean, mendi taldean parte hartzen bukatu zuen.
Erosotasuna da Gonzalezek nabarmendu duena: «Denetarik dago: ikastoletan ikasitakoak edo euskara ikasten ari garenak. Niretzat oso erosoa da haiekin mintzatzea; hasieran oso urduri zaude, lotsati, badakizulako noiz sartzen duzun hanka, baina haiek eroso egiten dute egoera». Ez hori bakarrik; halako batean kide zirenak lagun bihurtzen dira. «Hasieran ezezagunak dira, gero lagunak. Pandemiaren aurretik udan pare bat irtenaldi egiten genituen. Asteko hitzordutik kanpo ere joaten gara antzokira edo beste mendi irteera batetara», kontatu du Goñik. Whatsappean jarraitzen baitu mintzapraktikak.
Izurriak ez ditu gelditu
Pandemiaren ondoren indarberriturik dago Goñiren mendi taldea. «Batzuk beldurtu ziren, eta utzi zuten. Baina jende berria animatu da; jendeak ateratzeko eta kirola egiteko beharra du, eta euskaraz bada, hobeki». Aurten jende gehiago joanen da mendira hilean behin egiten duten irteeran. Ez da talde guzien egoera, aitzitik. «Pandemia garaian mintzalagun kopurua dezente jaitsi da», ohartarazi du Agirrek. Horregatik egin zuten aurrera, ahal zuten moduan. Banan-banan hitz egin zuten mintzalagunekin, beharrak identifikatzeko. Interneten aurkitu zuten aterpea hasieran; jende asko euskaraz aritzeko gunerik gabe gelditu zen une hartan: «Gauza asko eskaini ziren online; euskalgintzak sekulako lana egin zuen».
Gero kalean elkartzeko aukera zegoen, baina muga handiekin. Beldurrak ere bazirela kontatu du Agirrek: «Itxialditik irtetean batzuentzat tabernak ez ziren gune seguruak, eta espazioak eskaini genizkien: euskara elkarteak, liburutegiak...». Erronka horiek gaindituta, Agirrek esan du lehengo mintzapraktiken antzekoagoak diren saioak nahi dituztela ikasturte honetan: «Ez dezagun galdu astero elkartzeko genuen poztasuna, hori delako honen arrakastaren gakoa».