euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Euskaltzaindiak, sarrerak bikoiztu, eta sarera eroan du bere hiztegia (Berrian)

2016/10/07


Paperean erosi, edo webgunean kontsultatu daiteke Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bigarren argitaraldia. 37.884 sarreraren eta 6.944 azpisarreraren definizioak jaso dituzte, corpusetatik hartutako adibideekin
 

Lotura: Berria

Ibai Maruri Bilbao. Paperean aurrekoa baino zabalago dator, bi liburukirekin. 2012ko lehen argitaraldian zituen sarreren bikoitza du oraingoan: 20.000 inguru ziren orduan, eta 37.884 sarrera eta 6.944 azpisarrera bildu dituzte bigarren argitaraldian. Baina Euskaltzaindiaren Hiztegiak duen berrikuntza nagusia euskarrian dago. Dagoeneko akademiaren webgunean ipini dute, kontsultak egiteko gertu. «Aspaldiko gogoa eta ametsa bete dugu, eta gure lexikografia proposamena gizarteratzen dugu berriro», nabarmendu zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak atzo, Bilboko BBK aretoan egindako aurkezpenean. «Modernoagoa, aberatsagoa eta erabilgarriagoa izango da».

Euskara-euskara hiztegia da. Artikulu bakoitzean hainbat informazio ageri da: deskribatzen duen sarreraren edo azpisarreraren kategoria gramatikalak, adierak beren definizioekin, joskera adibideak eta, dagokionean, euskalki eta erregistro markak, jakite arloenak, eta erabilerarako beste zenbait ohar. Hitzen artean kidetasunen bat dagoela adierazteko, erreferentzia gurutzatuak ere ezarri dituzte.

Euskaltzainburuaren esanetan, akademiak «berebiziko lana egin du luzaroan erreferentzialtasuna izan duen Hiztegi Batua osorik ager dadin, adieraz eta adibidez hornitua». Euskaltzaindia «beste aldi batean» dagoela uste du, «etengabeko prozesu batean osatuko baitu Euskaltzaindiaren Hiztegia, hainbat etorritatik datozkiokeen iturriak aintzat hartuz». Izan ere, hiztegia berritu eta gaurkotzeko akademiak aurretik zituen tresnak erabili dituzte oinarri modura: Orotariko Euskal Hiztegia, euskarazko testu zaharretan erabilitako euskararen adibideak aurkitzeko; XX. mendeko Euskararen Corpus Estatistikoa, joan den mendean hizkuntza zelan erabili zen aztertzeko; eta, Lexikoaren Behatokiaren Corpusa, egungo argitalpenetan hitzak zelan idazten diren eta zein esanahi duten jakiteko.

Kontsulta Internetez egingo duenak, bada, sarrera bakoitzetik baliabide horietara zuzenean sartzeko aukera ere izango du. «Iturri guztien kontsulta integrala egin ahal izango da sarean, klik bakarrean. Euskaltzaindiaren baliabide lexikografiko guztiak eskuragarri eta bateratuta eskainiko dira modu horretara», azpimarratu du Euskaltzaindiaren Hiztegia egitasmoaren zuzendari Andoni Sagarnak. Interneteko hiztegietan ez dela oso ohikoa izaten nabarmendu du.

Miriam Urkia Hiztegi Batuko lantaldeko arduradunak finkatu ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak dituen bi helburuak: «Hitzek zer esan nahi duten azaltzea, eta nola erabili behar diren arautzea». Ohiko erabiltzaileek horretarako joko dute hiztegira. Baina sareko edizioan betiko kontsulta moduaz gain, bilaketa aurreratua egiteko aukera ere eskainiko da. Urkiak berak ipini ditu adibideak.

Kasurako, goiz hitza bilatuz gero, hiru sarrera agertzen dira: bakoitzak bere definizioa du. «Lehena izen bat da, eta azalpenean honako hau esaten digu: 'Gauerditik eguerdi arteko denbora-bitartea, bereziki egunsentitik eguerdi artekoa'. Bukaeran esaera zahar bat ageri da, dagoenean hala agertuko da eta». «Goiz gorri, arrats euri». Azpisarrerak ere baditu goiz berbaren bilaketak, hau da, hitz elkartuak eta esapideak. Horietako bitan ipini du arreta Urkiak: «Ikus daiteke goiz alba edo goiz-alba idatz daitekeela, hau da, bereizita edo gidoiarekin. Biak onartzen ditu Euskaltzaindiak. Era berean, goiz-arrats gidoiarekin idatzi behar dela esaten du, eta, bere bigarren adieran, izenari dagokionean, pl irakur daiteke, hau da, beti pluralean erabili behar dela: goiz-arratsetako freskura edo goiz-arratsetako otoitzak esan behar da, adibideetan agertzen den modura».

Esanahiak eta arauak

Idazkera zuzenerako arauak nola aurki daitezkeen erakusteko, beste kasu bat aipatu du. «Isolatu hitza bilatuz gero, fisikarako soilik erabili daitekeela zehazten du. Beraz, nahiz eta gaur egun oso hedatua dagoen, gainontzeko kasuetan banatu edo bakartu erabili beharko da. Hau da, modu zuzena 'gela batean bakartu zuten' esatea da».

Bilaketa aurreratuak hiztegia kontsultatzeko modua aldatuko duela uste du Urkiak. Adibidez, hiztegiak jaso dituen aditz guztiak eskatu ahal izango zaizkio. Eta era berean bilaketa bat baino gehiago eginda, zubererak dituen lokailuak zein diren ere begiratu ahal izango da: alabadere, berain, bestainez etapuru. «Informazio hau erabiltzaile arruntak ez du bilatuko, baina mundu berri bat irekiko dio aparteko interesa duenari edo ikerketaren bat egiten ari denari».

Bilaketekin batera, sareko hiztegiak egunero hitz bat proposatuko du. Haren aldamenean, hamar hitzik bilatuenen zerrenda ere agertuko da. Epe ertainera hiztegiaren aplikazioa sortzea ere badute gogoan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia