euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Euskal Pirinioak: lurralde homogeneoa, baina errealitate ezberdinak; baldintza sozio-ekonomikoen azterketa (Argia.com-en)

2015/06/10

"Angelu itsua, politika. ekonomia eta historia" izeneko bere blogean "Euskal Pirinioak: lurralde homogeneoa, baina errealitate ezberdinak" deitu posta idatzi berri du Urko Apaolazak historialari eta kazetari hernaniarrak, Pirinio inguruko 155 udalerriren baldintza sozio-ekonomikoak aztertuz Kattalin Sainte-Marie soziologoak egin eta maiatzaren 20an Ainhize-Monjolosen Laborantza Ganberak aurkeztu duen ikerlana komentatuz.

Lotura: Argia.com

euskal_pirineoak_populazioa

Urko Apaolaza Avila. Pirinio inguruko 155 udalerriren baldintza sozio-ekonomikoak aztertu ditu Kattalin Sainte-Marie soziologoak. Bi estaturen administraziopean bizitzeak diferentziak sortzen dituela ondorioztatu du.

Maiatzaren 20an aurkeztu zuen Sainte-Mariek bere ikerketa Ainhize-Monjolosen Laborantza Ganbarak duen egoitzan. Gaindegiak bere webgunean argitaratu berri du ikerlan osoa (pdf) eta ondorioak argiak dira: Pirinioak lurralde homogeneoa diren arren, Nafarroa Garaiko eta Iparraldeko errealitateak oso bestelakoak dira muga administratiboen ondorioz. Mendebalde urbanoago eta Ekialde urrunagoaren arteko aldea ere nabarmena da, azkenekoaren despopulazioak eraginda.

Sainte-Marie soziologoa da eta Lurralde Garapen eta Antolaketari buruzko masterra egiten ari da Paueko Unibertsitatean –bere berri gehiago nahi duenak gazteen prekarietateari buruzko LARRUN irakurri besterik ez du–. Hiru hilabetez aritu da aztertzen Pirinioetako herrien egoera sozio-ekonomikoa, Gaindegiaren laguntzaz.

Ikerketari heltzeko lehenik eta behin “Euskal Pirinioak” zer diren definitu behar izan du. Hala, Euskal Irratiak sarean egindako elkarrizketa honetan azaldu duenez Udalbiltzak badu definizio bat eginda diru-laguntzak banatzeko orduan, baina “nik herri gehiago sartu ditut, lurraldea zabaldu dut”. Gaindegiak aholkaturik hainbat parametro kontuan eduki ditu horretarako (urbanizazio maila, lehen sektorearen garrantzia…) eta 155 udalerri hartu ditu lurraldearen barne, Imotzetik Eskiulara eta Senperetik Gazteluberrira.

Zaraitzu, Erronkari eta Larraine “egoera txarrenean”

Pirinioetan, mendialdeko eta periferiako beste lurralde askoren gisan, zailtasunak dituzte “baztertutako eremuak” izateagatik. Hala ere, egileak diferentziak aurkitu ditu. Ipar Euskal Herriko “herri eragileak” –eskualdeetako herri nagusienak edo dinamikoenak– txikiagoak eta ugariagoak dira, aldiz Nafarroa Garaikoak kontzentratuagoak daude. Lehenengo kasua egokiagoa ei da Pirinioak bizirik mantentzeko, hara nola azaltzen duen Sainte-Mariek ikerlanean:

“Egoera hori bi administrazioen lurralde antolaketa ezberdinaren adierazle da. Hain zuzen ere, Iparraldean udalerri ttipi baina gotor gehiago bultzatzen direla ikusten da, Nafarroan aldiz handi bakar batzuk antolatzen direlarik, baliabide guztiak han jarriz eta beste udalerrietako jendea hara joatea bultzatuz”.

euskal_pirineoak

Ondorioz, hobekien kokaturik dauden eta egoera ekonomiko hoberena duten udalerri gehienak Iparraldean daude, baita Bortzirietan eta Agoitz inguruan (ikusi goiko mapan gune gorriak). Aldiz, “egoera txarrenean” aurkitzen dira batez ere ekialdeko zonaldeak, Zaraitzu, Erronkari eta Larraine batez ere.

Bailara horietan turismoarekiko eta lehen sektorearekiko menpekotasun handia dute eta herri eragileetatik urrun daude; horrek “zurrunbilo” batean sartzen ditu (despopulazioa, bigarren sektoreko enpresarik ez…) eta bazterketara eraman.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia