euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Euskal literaturaren azken 40 urteak generoka aztertzen dituen 'Egungo euskal literaturaren historia' bilduma bukatu dute (Berrian)

2017/12/22

Literaturaren erradiografia gaurkotua. Euskal literaturaren azken 40 urteak generoka aztertzen dituen 'Egungo euskal literaturaren historia' bilduma bukatu du Laida taldeak

Lotura: Berria

Ainhoa Larrabe Arnaiz. «Even-Zoharrek dio herri bat egiteko herri horrek beharrezkoak dituela mugarri sinbolikoak, eta hori eskaini nahi dugu guk lan honekin: mugarri sinboliko bat». Itamar Even-Zohar ikerlari israeldarraren hitzak bere eginez aurkeztu du Jon Kortazar EHUko Euskal Literaturako katedradunak Egungo euskal literaturaren historia egitasmo editoriala. 1975etik gaur egunera bitartean euskal literaturak izan duen bilakaera aztertzen duen liburu bilduma bukatu du aurten EHUko Laida literatura eta identitatea ikerketa taldeak: zortzi literatura genero aztertzen dituzten zortzi liburuki argitaratu ditu 2007tik hona. Bada, Egungo euskal literaturaren historia goiburupean bildu du uzta. Atzo egin zuten aurkezpena, Bilboko Bizkaia aretoan. Kortazar egitasmoaren zuzendariarekin batera izan ziren aurkezpenean Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Jon Zarate EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektorea.

Mugarria izan nahi du lanak, Kortazarren hitzetan. «1975. eta 2010. urteen bitarteko euskal literaturaren historia egin nahi izan dugu, genero literarioak kontuan hartuz. Egitasmoak gure garaiko euskal literaturak eman duen guztiaren historia dinamikoa eta gaurkotua egin nahi izan du». Ale bakoitzean genero literario bat aztertu dute, eta, azken 40 urteetan bakoitzak izan duen garapena jasotzeaz gain, obra garrantzitsuenen azterketa ere egin dutela azaldu du Kortazarrek. Orotara, 130 argitalpen aztertu dituzte bilduman. «Liburuki bakoitzak bi atal ditu: batetik, aztertutako aldian generoak izan duen garapenari buruzko sarrera bat; eta, bestetik, aldi horretan izan diren sorkuntza garrantzitsuenen analisia ere egin da».

Lorpenetan egin du indar EHUko irakasleak. «Egungo euskal literaturaren ikuspegi zabal eta sakona da egin dena, eta, gainera, ikerlari gazteek parte hartu dute egitasmoaren sorkuntzan. Hori oso garrantzitsua izan da». Askoren artean, Amaia Serrano, Iratxe Retolaza, Angel Erro, Harkaitz Cano, Ibon Egaña, Ur Apalategi eta Iratxe Martin ikerlariek parte hartu dute idazlanen sorkuntzan. Ingelesezko bertsioa ere argitaratu du Renoko Unibertsitateko Basque Studies Centerrek (AEB), Contemporary Basque Literature izenburupean.

Gizartearen kontakizuna 

Literaturaz gain, gizartea ere aztertzen du lanak. Kortazar: «Literaturaren historia bat egitea garaiak literaturari buruz egiten duen irakurketaren historia egitea dela esan ohi da, ez dugula literaturaren historia bat egiten, gure irakurketen historia baino. Eta hortxe datza gure asmo nagusia». Ideiarekin bat egin du Zupiriak ere. Azken hamarkadetako kronika gisa aurkeztu du egitasmoa. «Azken 40 urteetako errelatoa biltzen du lanak. Literaturaren munduan izan diren joerak azaltzeaz gain, gure gizartean azken urteetan gertatutakoa ere azaltzen du, eta nolako eragina izan duen idazleengan».

Azken hamarkadetan jazotakoari buruzko perspektiba hartzeko baliagarria dela uste du sailburuak. «Duela 40 urtetik hona sortu diren literatura sorkuntzen garapenaz gain, ikerlarien areagotzearen erakusle ere bada bilduma. Gauza asko falta diren arren, herri honek irabazi duen zerbait da, eta hori aitortu egin behar da».

Egungo euskal komikiaren historia liburuak itxi du Egungo euskal literaturaren historia bilduma. Joan den azaroan argitaratu zuten zortzigarren liburukia. 1983tik 2013ra bitarteko 11 komiki aztertu zituzten bertan, Antton Olariagak eta Arantxa Urretabizkaiak sortutako Albaniaren konkista-tik, Maite Gurrutxagak eta Dejabu Panpin Lorategiak sortutako Habiak lanera artekoak denak.

Aleka sortutako uzta 

Egitasmoa duela hamar urte hasi zen, ordea; zehazki, 2007an argitaratu zuten bildumaren lehen alea: Egungo euskal eleberriaren historia. 1975. eta 2000. urteen arteko hogei euskal eleberri aztertu zituzten bertan, Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez (1983) eleberritik Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion (1999) lanera bitartekoak denak. Poesia ardatz hartu zuten bigarren liburukian. 1978tik 2001era bitarteko 23 poesia lan esanguratsuenak jaso dituzte Egungo euskal poesia historikoa alean. 2008an argitaratu zen, eta Bernardo Atxaga, Juan Mari Lekuona eta Kirmen Uriberen lanak aztertu dira bertan, besteak beste.

2009an argitaratu zuten zinemaren eta nobelaren arteko harremanari buruzkoa: Euskal nobela eta zinema. 1985ean ekoitzi zen Zergatik panpox? filmetik hasi eta Unai Elorriagaren SPrako tranbia nobelan oinarritutako Un poco de chocolate (2008) pelikula bitarteko lanen garapena eta azterketa egin dute bertan.

Egungo euskal ipuingintzaren historia eta Euskal haur eta gazte literaturaren historia argitaratu zituzten 2011n. 1983tik 2003ra bitartean kaleratutako 21 ipuin liburu aztertu dituzte lehenean, Joseba Sarrionandiaren Narrazioak ardatz hartuta. Haur eta gazte literaturari buruzko alea osatzeko, aldiz, 1980tik aurrera sortutako hamazazpi argitalpen aztertu dituzte.

Egungo euskal antzerkiaren historia eta Egungo euskal saiakeraren historia kaleratu zituzten gero. Euskal saiakerari buruzko alea osatzeko, hamabi saiakera aztertu dituzte, 1985etik 2009ra bitartekoak. Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa (1985) da lanik zaharrena, eta Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak garaikideena.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia