euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Euskal Herriko musikak sektoreko hainbat topagune profesionaletan izango du presentzia (Musika Bulegoan)

2017/09/05

Mercat de la Música Viva (Vic), Monkey Week (Sevilla), Womex (Polonia) eta BIME (Bilbo); horra hor Basque Music ekimenari esker aurten ere euskal musikaren eskaintza bilduko duten topaguneak.

Lotura: MusikaBulegoa.eus

Oraingoan ere, euskal talde eta artista ugari ikusi eta entzun ahal izango dira udazkeneko azoka eta jaialdietan, Basque Music plataformaren eskutik. Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskadiko Soinuak-ek bultzatutako plataforma da Basque Music.

Euskal musika Euskal Herritik kanpo zabaltzen laguntzeko helburua du Basque Music ekimenak, eta, horretarako, sektoreari zerbitzu emateaz arduratzen da: standak jartzeaz, materialak editatzeaz, sustapenaz, showcaseak antolatzeaz eta abar. Gainera, euskal taldeen zuzeneko partaidetza ere eskaintzen du, jaialdi eta topagune profesional bakoitzean nagusi den estiloaren arabera.

Datozen bi hilabeteetan lau hitzordu daude: Viceko Mercat de la Música Viva, Monkey Week, Womex eta Bime. Viceko Mercat de la Música Viva irailaren 13tik 17ra bitartean izango da. Azoka horren esparruan, eta Kataluniako profesionalei EH Sonaren 2017ko edizioa aurkeztu ondoren, Iparraldeko Ekiza kantariak joko du irailaren 15ean, 13:30ean.

Urrian, eta Sevillako Monkey Weeken baitan —urriaren 9tik 14ra—, Basque Musicek hiru talde aurkeztuko ditu: Willis DrummondNiña Coyote y Chico Tornado etaTooth. Hirurak ere talde ezagunak dira Euskal Herriko rock agertokian eta euren zuzeneko emanaldi indartsuak publiko berri baten aurrean aurkezteko aukera izango dute. Berrikuntza gisara, aurten hiru taldeok elkarrekin jotzeko lekua izango da.

Poloniako Womex musika jaialdiaren —Polonia, urriak 25-29— Womex Off atalean, besteak beste, euskal musika herrikoiaren figurarik garrantzitsuenetako batek hartuko du parte: Juan Mari Beltranek.

Eta, hil berberaren amaieran, urriaren 26an, Melenas eta Los Brazos taldeen emanaldiak egongo dira, BIME 2017 egitarauaren baitan. Horretaz gain, berariaz euskal profesionalei zuzendutako speedmeetings saioa ere izango da BIME pro atalean, estatuko eta nazioarteko beste profesional batzuei euren katalogoaren berri emateko helburuarekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia