Jon Olano. ETAri eta Frantziako nahiz Espainiako gobernueien plazamendu zuzena. Hori izan da Frantziako Asanbleako Victor Hugo aretoan egin duten konferentzia humanitarioaren emaitza. Bertan aurkeztu dute 110 lagun eta eragilek sinatutako manifestu bat, armagabetzea eta gatazkaren ondorioak konpontzea helburu.
Euskal Herriko bakearen aldeko manifestua irakurri du Serge Portelli epaile eta Versaillesko dei gorteko lehendakariak: "Europa mendebaldeko azken gatazka politikoa bere amaierara iristen ari da". Eskari ugari egin ditu: ETAri, armak uzteko, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei, horretarako baldintzak ezartzeko; desarmatzea "molde adostu eta kontrolatuan burutuko dela bermatuko duen espazio egokia" jar dezaten galdegin diete. "Bakerako bidea ez da aldebakartasunean egiten ahal. Estatuen inplikazioa beharrezkoa da".
Gainera, presoak hurbildu eta gaixo larriak askatzea galdegin du, biktimak aitortzeaz gain: "Oinarrizko eskubideen errespetuz, presoei legearen baitako zigorren malgutzea aplikatzea eta eri direnen askatzea ere aldarrikatzen dugu". Biktimentzat, berriz, "kalte-ordaina eta asistentzia eskuratzeko pisuzko neurriak hartuak izan daitezen" eskatu dute. Finean, Espainiako eta Frantziako gobernuei gatazkaren konponbidean "zinez inplikatzea" galdegin diete.
Patrick Bartholomew Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohi eta Aieteko adierazpenaren izenpetzaileak egin du konferentziaren itxiera hitzartzea. Itxaropen mezu bat zabaldu nahi izan du: "Paris esperentzaren hiriburu izendatzen dugu gaur". Esan duenez, bakerako bidean, beharrezkoa dira "denbora, gogoa eta asmo ona".
Michel Tubiana, LDH Giza Eskubideen Ligako ohorezko lehendakariak egin du hitzaldien sintesia: "Denen borondatea bada demokrazia ezartzea, garaipenak ez du zentzurik". Laburtu duenez, ezin da jokatu "ezer gertatu ez balitz bezala", ezta "alde bateko egia sinetsi" ere. Eskerrak eman dizkie biktimei testigantzengatik, eta, horien harira, azpimarratu du ez direla torturak, hilketak eta, oro har, indarkeria ahaztu behar.
Estatuei ere zuzendu zaie: "Har ditzatela behar diren neurriak, garaipen nahirik gabe".