Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzeko ituna sinatuko dute.
Akordioan zehaztu dute lankidetza hezkuntzan, hizkuntza gaitasunean, euskararen erabileran, gogoeta eta ikasketa alorrean, ikerketa soziolinguistikoan eta Europa mailan hizkuntza politika garatzeko prozesuetan oinarrituko dela.
Itunean alor bakoitzeko neurriak agertzen dira, baina sinatu arte ez dute zabalduko akordioaren eduki osoa, Eusko jaurlaritzak jakitera eman duenez.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Nafarroako Euskarabideak eta Euskararen Erakunde Publikoak izango dira sinatzaileak.
Lehenengo aldia da hiru erakunde horiek ezaugarri hauek dituen itun bat sinatzen dutela euskara sustatzeko asmoz.