Diasporaren artxiboa 2019an inauguratu zen. Zein da ekimen honen jatorria?
Proiektu honen jatorria 2018ko azaroan aurki dezakegu. Mar de Plata hirian, Iñigo Urkullu lehendakariak, Argentinako Euskal Aste Nazionala ospatzearekin batera, iragarri zuen Euskal Diasporaren Artxibo bat sortuko zela, Euskadiko Artxibo Historikoan kokatutako funts historiko bat, historian zehar euskal gizataldeen memoriari eta jarduerari buruzko dokumentazioa jasotzeko.
Beraz, ekimen honek diasporan jarritako ikuspegiarekin jaio zen. Katalogazio lanak 2019ko uztailean hasi ziren eta hurrengo hiru hilabeteetan konprobatu zen proiektu honek ibilbide interesgarri bat izan ahal zuela. Lehendakariaren hitzaldiaren urtebete geroago, Bilbon 2019ko urriaren 2tik 4ra egin zen Euskal Gizataldeen VII. Mundu Biltzarraren baitan, Euskal Diasporaren Artxiboa aurkeztu zen ofizialki.
Esan bezala, Diasporaren artxiboa Euskadiko Artxibo Historikoan gordetzen da, atal berezi gisa. Gainerako funtsen tratamendu bera jasotzen du: babesa, deskribapena eta zabalkundea.
Zer tamaina du bildumak, zer motatako funtsak eta materialak biltzen ditu?
Orain arte bilduman 7.950 sarrerak izan ditugu. Hauek hiru motatan banatzen dira: dokumentuak, objektuak eta liburuak/aldizkariak. Noski, sarrera bakoitzean dokumentu bat baino gehiago egon daitezke emaileek bereziki batuta ematen dizkigutenean. Bibliografiaren kasuan, sarrera bakoitzak ale errepikatuak izan ditzake.
Guztira, 6.962 sarrera dokumentalak izan ditugu orain arte, 227 objektuekin eta 955 aleak bibliografian. Material horiek guztiak artxiboaren 151 kutxetan gordeta daude edonork kontsultatzeko prest.
Materialen edukiari begiratuta, XX. eta XXI. mendeetako hamarkada guztietako informazioa aurki daiteke. Batez ere, gerra zibilaren, erbestearen, errefuxiatuen, euskal etxeen eta trantsizioaren informazioa duten dokumentuak katalogatu ditugu. Goi mailako politikarien eskutitzak, txostenak eta propaganda alde batetik, eta errefuxiatuen edo etorkinen kezkak eta egoera islatzen dituzten dokumentuak ditugu.
Material hauetatik abiatuta Euskal Herriaren bilakaera politiko eta soziala ikusi ahal da diasporaren ikuspuntutik. Azken kontu honek pilo bat aberastu dezake hamarkada horien ikerketa.
Zein da funts horien jatorria? Nola elikatzen da?
Normalean, bi jatorri mota daude. Alde batetik, euskal etxeen materialak jasotzen ditugu: ekitaldien kartelak, pegatinak, zapiak, kamisetak, gonbidapenak, etab. Beste aldetik, kazetariek eta ikertzaileek bere kabuz eta urtez urte pilatu dituzten dokumentuen dohaintzak dira.
Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza arduratzen da ekimen honetarako interesgarriak diren dokumentazio, argitalpen, objektu, ikus-entzunezko material, gutun edo argazkiak jasotzeaz.
Norbaitek materialak eman nahi baditu, ondorengo helbide elektroniko edo telefonoarekin kontaktuan jartzea eskatzen da: euskaletxeak@euskadi.eus / (+34) 945018127.
Artxiboak funtsezko lana egiten du Euskal Herriko migrazio-memoria berreskuratzeko. Zein da funts horiekiko interesa duen publikoaren profila?
Artxiboaren zeregina gure oroimen kolektiboa babestea eta eskura jartzea da, funtsen edukiera kontuan hartuta, hainbat publiko mota jasotzea espero dugu.
Migrazioaren gaian senide etorkinak izan dituzten pertsonek edo etorkin horien ondorengoak direnek interesa izan dezakete.
Gainera, funts hauek ikertzaileentzako, ikasleentzako edo beste arrazoi batengatik gai honek interesatzen zaion pertsonentzako aukera ederra da.
Zer gogoeta ekar ditzake ekimen honek egungo migrazio-eztabaidan?
Gogoetak pertsonalak dira, noski. Baina funtsen katalogazioa egiten, dokumentuak eta objektuak irakurtzen eta ikertzen ezinezkoa da gaur egun ikusten ari garen errefuxiatu krisiarekin antzekotasunak ez ikustea. Gerrak, jazarpenak, totalitarismoak eta txirotasunak nola milaka eta milaka pertsona migraziora bultzatu zituzten ikusten da.
Beste aldetik, bizimodu hobeago bat bilatzen duten etorkinen alde pertsonalago bat ikusi dezakegu. Adibidez, bere senideekin batzeko asmo biziak, lan berriak aurkitzeko desira, bere nortasuna mantentzeko egin zituzten ahaleginak eta bere seme-alabei nortasun hori helarazteko asmoa.
Azken finean, dokumentu, zenbakien eta egunkarien berrien atzetik pertsonak aurkitzen ziren gaur egun gertatzen den moduan, eta hemen egiten dugun lana norbaiti honetaz ohartarazten badio, zoragarria izango da.
Nola begiratzen dio etorkizunari Diasporaren Artxiboak? Zeintzuk dira berehalako erronkak?
Une honetan, artxibo-fondoa aberasten jarraitzea da helburu nagusia. Covid-19 dela eta, materialak eskuratzeko bidaiak eten egin dira eta proiektu berria denez, oraindik ez da guk nahi genuen beste ezaguna euskal etxe edo emaile potentzial guztien artean.
Beste aldetik, Diasporaren Artxiboa dela kontuan hartuta, digitalizazioa ezinbestekoa izango da hurrengo urteetan, artxiboaren ezagutza zabaltzeko eta beste hamaika herrialdetik informazioa bilatzen duten lagunei materialak irisgarri egiteko.
(2021eko otsailaren 5ean argitaratutako Berezia)