Batzen elkartearen babespean, hiru asteko egonaldia egitera ekartzen ditu proiektuak estatubatuar euskal gazteak Goierrira. Herri proiektu bat da, eta 2023ko eta 2024ko edizioek arrakasta handia izan zutelarik, 2025ean ekimenarekin lanean jarraituko dugu. Proiektua, Goierrin gauzatzen da, eta hiru asteko egonaldia izango da aurten ere bai. Hauek euskara eta euskal kulturan murgiltzeko eta, horrela, euren arbasoen lurraldea hobeto ezagutzeko aukera izango dute euskara, historia, dantza, euskal kirola, musika eta mitologiaren alorrean.
Okasio berriez jositako edizio honi ekin diote aurten, eta helburuak argiak dira: familien eta euskal jatorria duten nerabeen arteko loturak sortu eta sendotu. Horregatik, Goierriko hainbat udalerritako familiei deialdia zabaldu nahi diete euskal estatubatuar bat etxean hiru astetan zehar jasotzeko. Euskal Diasporako gazteekin harremanak sortzeko aukera paregabea da etxekoentzat; ahaztuko ez duten esperientzia.
Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako eta Bizkaiko Aldundiak, Goieki, Maizpide eta NABOren (North American Basque Organization ) babesa du. Handik datozen gazteek, 16 eta 25 bitartean dituzte, euskal arbasoak dituzte eta askorentzat lehen aldia izango da Euskal Herrian.
Ekainaren 28an hasi eta uztailaren 20ra arte luzatuko da hiru asteko edizioa 2025ean. Aurreko urtean bezala, astean zehar Maizpide euskara barnertegian, euskara eskolak jasoko dituzte, eta asteburuetan familiekin egoteko aukera izango dute. Astean zehar, euskara eskolez gain, hainbat irteera eta tailer ere antolatuko dira; hala nola: Bizkaiara irteera, Nafarroara irteera, Iparraldera, Sukaldaritza tailerra, Herriko Kirol tailerra eta abar. Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera ere, Euskal Dantzen Udako ikastaroan parte hartuko dute Beasaineko Igartza Jauregian.
Gazte bat hiru astetan zehar etxean sartzeko gaitasuna duten familiak bilatzen dira. Aurreko edizioetako familiek ere parte hartzeko aukera izango dute, eta bi parte-hartzaile hartu ahal izango dira etxebizitzako. Goierriko udalerrietako familiak lirateke “Ateak Ireki 2025”rako aproposenak (hurbiltasunagatik, gehienbat), baina hemendik at interesaturikoren bat egonez gero, gustura asko hartuko dituzte.
Familientzat izena emateko epea zabalik dago ondorengo webgunean: ateakireki.eus Gauzak horrela, harremanetan jartzera gonbidatzen ditugu familiak ateakireki@ateakireki.eus posta elektronikoaren bitartez.