Oier Araolaza. Otsailaren 16tik 22ra, astebetez Minnesotako St. Olaf College-an euskal dantza irakasten aritu gara Josu Garate eta Oier Araolaza. Dantza-eskolak goiz eta arratsaldez unibertsitateko hainbat talderi eskainita ondo hustu gara Minneapoliseko aireportutik Boiserako hegaldia hartu arteko astebete horretan. Baina zakua hustu adina bete dugu bertan ikusi, ikasi eta bizitakoekin. AEBtan barna, Minnesotan lehenengo eta Idahon ondoren egindako bidaiarekin kronikaren lehen atala da honakoa.
Anne, bibrazio onak
"Donostian, kalean, euskal dantza talde bat ikusteko aukera izan genuen. Ikusgarria iruditu zaitzaidan. Asko gozatu nuen haiek ikusten. Banekien euskal dantza pixka bat, Roo Lester-ekin zertxobait ikasita nuen, pare bat dantza. Ordutik buruan nuen euskal dantza berriz egitea gustatuko litzaidakeela". Anne von Bibra Whartonek ekarri gaitu Norfielthera (Minnesota, AEB).
Hungariako, Indonesiako, Eskandinaviako edo Balkanetako dantzetan jantzia da Anne von Bibra Wharton. Kaliforniako unibertsitatean egin zituen dantza ikasketak eta Dantza Etnologia espezializazio egin zuen gero. Alemaniako Frankonia eskualdeko tradiziozko dantzak ikertu ditu. XIX. mendean baltsak Europan barrena egindako ibilbidea aztertuz argitaratu berri den liburu baten editore lanetan aritu da.
20.000 biztanle baino ez ditu Northfield izeneko honek, baina Minneapolis-Saint Paul hiri bikiak eta beren 3 milioi biztanleak hiru ordu-laurdenera daude, beraz, hemengo eskala kontuan hartuta Princen jaioterrian gaudela esan dezakegu.
Hotza eta elurra. Horixe aurkitu dugu bazterrotan. Ez gara asko ibili kalean. Baina tarte txikietan inguruak ikustera egindako eskapadatxoetan hotza zer den sentitzeko aukera izan dugu.
Lautada erraldoi honen erdian, Cannon errekaren ertzean Nortfhfield herria sortu zuten Ingalaterra Berriko kolonoek 1856an. Norbegiar nekazari kolonoek inguruotan dagoen muino bakarra hautatu zuten 1874an unibertsitatea ezartzeko: Saint Olaf College.
Bertako irakasle da Anne von Bibra. Dantza irakaslea unibertsitatean. Euskal Herrian irudikatu ezina da hori. AEBtan, ostera, gradu mailako dantza ikasketak eskaintzen dituen unibertsitate batean herri-dantzak irakasten ditu von Bibrak eta berari bururatu zaio bi euskal dantzari gonbidatzea Minnesotara dantzan irakastera. Bera da bidaia honen erruduna beraz: Anne von Bibra. Anne, bibrazio onak.
Artajorran hobeto
Pilotari talde bat egokitu zaigu aldamenean Bilbotik Pariserako hegazkinean. Txandal uniformatua eta eskuan daramatzaten xisterek salatu dituzte. Iparraldekoak direla sumatu diegu. Parisera ote doaz partidaren bat jokatzera? Ez gara galdetzera ausartu. Gutxi espero genuen berriz elkar topo egingo genuenik eta ezin aurreikusi non batuko ginenik. Charles de Gaulle aireportuan hegazkinetik irten eta korrika hasi garenean ahaztu ditugu pilotariak. Parisko aireportu hau aldrebesa da zeharo. Ate eremu batetik bestera joateko autobusak hartu behar dira maiz eta autobusaren zain lehenengo, autobusa betetzeko zain gero eta autobusean bidaiatzen gero (Minnesotara autobusez al goaz?) denbora azkar doa. Bi autobus hartu behar izan ditugu eta tartean aduanak, kontrolak eta birkontrolak, yankiek beraien miaketak atzerrian ezarrita baitituzte. Zirkuitu amerikarra egin dugu Parisen beraz, hesi eta hesi artean korri eta korri eginez bidaide guztiak hegazkinean eserita zeudela iritsi gara bi dantzariak izerdi-patsetan eta eskerrak bost minutu itxaron diguten atea itxi aurretik, bestela kronika hemen bukatua zen.
Lautada zurituei tontotuta begira egin dugu Aireportutik Northfielderako bidea. Trasteak gelan utzi eta St. Olafera igo gara. Konturatu orduko txapinak jantzita Veselica taldeko dantzariekin dantzan ari gara. Anne von Bibrak zuzentzen duen unibertsitateko dantza taldea da Veselica. Talde honekin daukagu ezarrita egunotarako egiteko nagusia. Euskal dantzen programa bat eskaini nahi dute udaberriko jaialdian. 10-12 minutuko saioa. Aurreskua, zinta-dantza eta fandango eta arin-arina dantzatu nahi dituzte.
15 ordutik gorako bidaia egin dugu eta 30 ordutik gorako egun oso luze baten gaua da guretzat, baina arratsalde hasiera haientzat, eta burua zozotuta badugu ere, hankak soltatzen hasi eta mingainak ingelesez nola erantzuten duten frogatzeko unea da. "Hankak arinak eta burua arinago, Dantzan hobeto daki artajorran baino" kopla asmatu zuenak ikusiko bagintu orain "Hankak motel eta burua motelago, artajorran hobeto daki dantzan baino" kantatuko liguke.
Magoen eskolan dantzan
3000 ikasle inguru hartzen dituen campus txiki bezain polita du St. Olaf-ek. Harry Poterren Hogwartsenak diruditen lehen eraikinen inguruan joan dira eraikitzen tankera modernoagokoak, txikiak gehienak, bai alturan, bai zabaleran, eta arboladi eta elurrez estalitako belardi arteko paseo politek lotzen dituzte.
Biologia, kimika, ekonomia, matematika, zientzia politikoak, historia edo zuzenbidea moduko ―guretzat ohiko unibertsitate― ikasketak eskaintzen dira, baina baita ―guretzat unibertsitatean ez-ohiko zaizkigun― dantza, musika eta antzerkia. Irakastera etorri gara, baina ikastera ere bai, goi mailako hezkuntza eredu honek nola funtzionatzen duen ezagutu nahi baitugu.
Hemen egin behar dugun (euskal dantzaren irakaskuntza) lanak bi alderdi ditu. Batetik, Veselica dantza taldearentzat "Basque dance" emanaldi bat prestatzen arituko gara. Bestetik, unibertsitateko ohiko martxako zenbait klasetan euskal dantzari buruzko saioak eskainiko ditugu. Zenbaitetan Dance Majoreko eskoletan, alegia, unibertsitateko Dantza Graduko ikasketetako klaseetan arituko gara, adibidez ballet ikasgaian edo dantza modernokoan. Beste batzuetan dantza ikasgaiak dira, baina bertan diren ikasle guztiak ez daude dantzako gradua egiten, egon daitezke zuzenbidea edo biologia ikasten, eta dantza ikasgai bat edo batzuk hartu dituzte hautazkoen artean: bikote-dantzak, komunitate-dantzak, etab. Azkenik, dantzako klasea ez den ikasgela batean ere sartuko gara, hizkuntzalaritzarekin lotutako batean, berbazko eta gorputz hizkuntzak, lehen eta bigarren hizkuntzak, hizkuntzak eta identitatea, euskararen eta euskal dantzaren inguruan aritzeko.
Euskaldunon hizkuntzak
Ostiral goizean Maggiek egin digu harrera eta bere ikasgelan sartu gara. Maggie Broner, PhD, Professor of Spanish| Romance Languages jartzen du bezperan bidali digun emailean. "In this class we discuss issues of language (what it is and its modes) and language and identity. We also look at issues of language and ideology. It would be wonderful if my students could learn from your experience of dance, language, and identity". Ene ba, hau bai ez genuela espero. Gure gai faboritoa da eta!
Diasporakoekin gaudenean beti aipatzen dugu euskaldunon bost hizkuntzen ideia, euskaldunok gure artean komunikatzeko nagusiki bost hizkuntza darabiltzagula: euskara, gaztelera, frantsesa, ingelesa eta euskal dantza. Diasporako euskaldunekin elkar ulertzeko aukera onena bosgarrena gertatzen zaigu gehienetan. Ideia hori ulergaitza eta desegokia iruditzen zaio euskara euskal kulturaren eta identitatearen muin bakarra dela aldarrikatzen duten euskaldun askori, alegia, Euskal Herriko erdiguneko euskaldun moderno-usteko zenbaiti. Gure planean hurrengo kapitulurako, Boiserako kontuak ziren horiek. Ez genuen aurreikusi Minnesotan bidera aterako zitzaizkigunik, eta are gutxiago beraiek interesa agertuko zutenik horien inguruan.
Gustura aritu gara, zergatik ezkutatuko dugu. Euskal dantza eta euskaldunon gorputz hizkuntza, historikoki euskal identitatean dantzak izan duen garrantzia, gorputz-hizkuntzen gainbehera mendebaldeko zibilizazioetan XX. mendean... Baina hori guztia gutxi balitz, Broner doktoreak eta bere ikasle ongi iratzarriek jakin-min handia zuten "on the current linguistic situation in Spain and Euskadi". Izan ere, Spanish profesoreak adierazi digunez: "We study the language situation in Euskadi, Catalonia, and Galicia but it's always great to have personal views to compare with what "experts" write about it." Eta arbelean Euskal Herriko mapa handia jarri digu, Nafarroa, EAE eta Iparraldeko errealitate linguistikoak azaltzeko lagungarri izan genezan.
Txakurrak ortozik
Zergatik euskal dantza? Galdetu diogu Minnesotara ekarri gaituen Anne von Bibra gure anfitrioiari. "Teknikoki erronka izango zen zerbait eskaini nien taldeko dantzariei. Bestalde, beste dantza mota batzuetan dabiltzan ikasleei erakutsi nahi nien herri-dantzak ere izan daitezkeela erronka, iruditzen baitzait batzuetan ez dituztela apreziatzen, ez dietela folk dantzei baliorik ematen". Ameriketan ere txakurrak ortozik pentsatu dugu gure artean. Herri-dantzak, tradiziozko dantzak, folklore dantzak gutxietsiak hemen ere. Hala ere, pozik sentituko ginateke gutxietsiak euskal unibertsitateetan horrek esan nahiko balu bertan irakasten dela euskal dantza...
Goizeko 8:00etan sartu gara balleteko klasean. Helburua: ballet dantzari trebatu eta entrenatu hauek herri-dantzekin ere begirune apurtxo bat izan dezatela, aintzat hartzen ez badituzte ere ez ditzatela gutxietsi hain erraz. "Guk ez daukagu ballet formaziorik, euskal dantzan bakarrik trebatu gara" hasi gara deklaratzen. 1660ko Luis XIV eta Maria Teresa Espainiako erregeen alabaren arteko ezkontza Faisaien uhartean, Donibane Lohizuneko ezteiak eta euskal dantzarien emanaldiak, Dantza Akademiaren sorrera Parisko gortean, pas de basque eta saut de basquen jatorri ezezaguna, eta Auguste Vestrisen eta hark famatu zuen gabotaz bi hitz egin ondoren gorputzak mugitzen hasi gara.
Soka-dantzan berotu eta gabotaren bide malkartsuan murgildu gara: pas française, antrexat, tombe, frijat eta pas de basque edo gabota puntua barne. Ballet dantzari diziplinatuak harrabotsik atera gabe saiatu dira erronkari eusten, baina berehala hasi dira nabarmentzen arnas estu eta hanketako neke eta minak. "Zazpi, zortzi eta here we go! Go straight! Come back! Tombé to the side. Gora frijata! Antrexat errextak! Up! Up! Uuuuuup!!!! Gora bihotzak!". Sorry ballet dantzari finak, baina gaur egurra jasotzea tokatu zaizue, Lidya Grant-ek esango lizuekeen moduan: "Ametsak dituzue, fama nahi duzue. Baina fama ez dator dohain, ordaindu behar da. Eta hemen hasiko zarete ordaintzen, izerdiarekin". Kar, kar, kar.
Mozorroak dantzan
Dantza modernoa I klasean gaude. Egunen eta orduan kontzientzia galduta dugu. Ez dakigu ze egunetan bizi garen ere. Nahikoa lan badugu eguneroko dantza-eskolen egutegiari jarraitzen. Baina bat batean mugikorrean beste mundutik iritsitakoa dirudien irudia agertu zaigu. Mozorroak dantzan. Inauteriak dira, bete-betean. Eguen zuriz iritsi ginen Minnesotara eta bosgarren eguna dugu hemen, eta orain arte ez gara konturatu inauterietan gaudela. Inguruok ondo zurituta badaude ere inauterien arrastorik ez dugu sumatu. Bat-batean herrimiña, mozorroen oroimiña, zorakerian askatzea, dantza maskaratuen horditze eta trantzeen nostalgia sentitu ditugu. Hogeitaka dantzari ditugu aurrean, dantza modernoko klasera etorriak. Modernoa. Zer da modernoa?
"Bat-batean tristura bat sentitu dugu gure barnean. Inauteri festetan daude gure herrian. Eta gu urruti gaude. Herrimiña sentitzen dugu orain. Lagunduko diguzue oroimiña goxatzen? Lantz-en gaudela irudikatuko dugu eta zortzikoa dantzatuko dugu? Mozorroak dantzatzen dira. Mozorroak ez dira gu. Mozorro egiten garenean ez gara gehiago gu. Mozorroak dira. Eta lurrarekin dantzatuko dugu. 1-2-1-2-3. 1-2-1-2-3...". Eta horrela, tarte batez, gorputza entzun, joaldunak bagina bezala lurrarekin dantzatu, borobilean biratu, zortzikoarekin mozkortu eta inauteria amestu dugu dantzan.
Dantzari "modernoei" kosta zaie hasieran gorputzak askatzea eta musikaren ufaden mende kulunkatzea. Ez al da bitxia? Gorputz askeak zirelakoan, kate motzean lotuta aurkitu ditugu. Mozorroen dantza baino erraldoiena zirudien hark, baina trantze orotan bezala, gorputza buruaren katetik askatzean hasten da dantzan benetan, eta azken zortzikorako txatxoen arima askatzen sumatu dugu St. Olaf College honetako dantza-gelan. Dantza modernoa I deritzo, baina gaur ez-lekura bidaiatu dugu. Mike Milligan etorri zaigu bisitan gertuko Fargotik.
Lanak eta egunak
Aurrera doaz lanak eta egunak. Goizetan, unibertsitateko ohiko martxan eskaintzen diren dantza klaseetan gure saioak eskainiz eta arratsaldetan Veselica taldearekin euskal dantzen emanaldia prestatuz. Campusean eliza ere badago eta bertan euskal dantzen emanalditxo bat egiteko proposamena egin digute. Josu eta biok bakarrik aritzeko gutxitxo ginelakoan gure anfitrioiei laguntza eskatu diegu eta talde polita batu zaigu. Soka-dantza xume bat, irradaka txikia eta desafioarekin osatu dugu. Berehala klasean ginen berriz.
Klase bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz era bateko edo besteko errepertorioak eta proposamenak egiten ditugu. Adibidez, Art of Couple Dance class edo bikote-dantzen klasean ingurutxoa lantzeko baliatuko dugu eta Community Dance classean irradakatik abiatu eta soka-dantza eta ingurutxotik pasata dantza soltean bukatu dugu, korrotik pikutara hitzaldi-dantzatuaren eskema jarraituz. Bi klase horiek Anne von Bibrak berak ematen ditu ohiko martxan.
Saio solteen beste muturrean, Veselica taldearekin prestaketa eta jarraipen lan egituratua egiteko aukera izaten ari gara. Gainera, asteburuan ohiko eskoletatik jai dutenez goiz eta arratsaldez aritzeko aukera izan dugu.
Taldea oso heterogeneoa da. Alegia, bakoitza bere amarena dela, jatorriagatik (estatubatuarrak hango eta hemengoak dira eta gero badira mexikar, brasildar, txiletar zein paraguaitar eta asiar-indiar jatorrikoak ere), dantza prestakuntza aldetik, euskal dantzetako erritmo eta gorpuzkerekiko gertutasun/urruntasunaren aldetik, bakoitzaren motxilagatik... Lehen egunetan ez genuen talde senik antzematen eta taldean dantza egiten jartzea erronka latza izango genuela iruditzen zitzaigun. Baina azken egunotarako aldaketa ikusi dugu eta dantzak beraien gorputzetan sartu ahala taldea ere egituratzen ikusi dugu.
Anne von Bibrak zuzenduta, Veselicako dantzariek apirileko azken astean eskainiko dute emanaldia. Bertan euskal dantzekin 12 minutuko programa eskainiko dute. Soka-dantzan sartuko da taldea eszenatokian, sentzilloa dantzatuz eta zubiak eginez publikora begira kokatu arte. Aurreskuak eta atzeskuak agurra dantzatuko dute, aurrez aurre.
Segidan, Gipuzkoako zinta-dantzari helduko diote. Kapitainak buruzagi zortzikoa egingo du, taldeak errepikatuko du zortzikoa eta zintak lotu eta askatuko dituzte. Fandango bizi-bizi batekin eta azken kalejirarekin bukatuko da emanaldia.
Zinta-makilari eusten
"Nire aita iaz hil zen" kontatu digu Anne von Bibrak. Aita aipatuta dirdirka hasi zaizkio begiak Anneri. "Bera gure babesle handia zen. Ama ere halaxe da". Egunotan ia-egunero sumatu dugu Anne amarekin telefonoz hizketan eta gure saioen berri emanez. "Gurasoak Veselicaren ikuskizunen prestaketan laguntzera etortzen ziren. Emakume bakarreko ikuskizunak izaten dira hauek eta prestaketa guztiekin laguntzen zidaten. Orain laguntza gehiago dut Steven-ekin". Aitak bizi bitartean laguntzeaz gainera, dohaintza bat utzi dio dantza taldearen emanaldi berezi bat prestatzen laguntzeko. "Aparteko aukera zen kanpotik norbait ekartzeko". Eta horrela iritsi gara gu, Anne von Bibra-ren aitaren eskutik.
Aitaren hutsunea nabarituko du Annek aurtengo emanaldia prestatzeko. Ez dago bakarrik hala ere. Amaren babesa gertu du telefonoaren bestaldetik. Stevenen laguntza teknikoa ere ez da txikia. Profesionalki dantzari aritu zen Steven eta orain dantza emanaldien zuzendaritza teknikoaz arduratzen da St. Olaf-eko Dantza departamenduan. Argien diseinua berak egingo du eta bilera teknikoa egin dugu argiztapena prestatzeko. Zinta-dantzak irudikatzen duen bizitzaren zikloa bezala, sokaren eszenaratzea egunsentiko airearekin abiatu eta azken kalejira arrats gorrituz ixteko aukeraz mintzatu gara. Nahi genuke gure emanaldietan horrelako baliabide eta teknikariekin kontatu beti. Soinuaz ere Steven arduratuko da eta beharrezko tresnak ere prestatzen ari da. Hain zuzen ere tailerrean erakutsi digu azken egunotan egin duen tresna bikaina: zinta-dantzarako makila. Guk bidalitako neurri eta irudiekin egina, baina gurea baino arinagoa eta sendoagoa, eta mugitzeko gurpiltxoekin hornitua. Hegazkinean ez zaigulako kabitzen, bestela etxera ekarriko genuen. Zinta-makila eta teknikaria ere, deskuidatuz gero.
Euskal dantzen inguruko emanaldia egitea bururatu zitzaion lehen aldian Roori eskatu zion laguntza Annek, baina "Rook ezetz esan zidan". Roo da Anne von Bibraren mahaiari eusten dion azken hanka. Lester, Roo Lester da bera. Bidaia honetan jaso dugun beste oparietako bat, hain zuzen ere bera ezagutzea. Euskal dantzen enbaxadore amerikarra.
Euskal dantzen enbaxadore
"The steps in Hegi were challenge for people. Teaching it was exciting to me". Norfielthera iritsi garen egunetik gure ondoan da Roo Lester. Abegikor eta goxo, laguntzeko prest beti, diskretuki begira eta erne oharrak hartzen dantzan irakasten ari garen segundo bakoitzean. 50 urtez Ameriketako Estatu Batuetan euskal dantzak irakasten aritu da emakume hau: eskoletan eta nazioarteko folk dantzak lantzen dituzten taldeetan. Irakatsi dituen dantzen artean euskal dantzak ere izan dira maiz: "I taught international folk dances of which I included things like Hegi and Maiana, Bolant-dantzak, Lauetan Erdizka, Zazpi Jauziak, Jaurrieta, Txakolin...".
UCLAn dantza ikasketak egina, munduko hainbat txokotako dantza moldeetan trebatua, Candi de Alaizarekin ikasi zituen zenbait euskal dantza eta 1974an Euskal Herrian izan ziren biak euskal dantzetan gehiago trebatzen, eta euskal sukaldaritza eta euskal festak bertatik bertara gozatzen. Anne von Bibraren aspaldiko lagun eta kidea, Eskandinaviako dantza sorta batekin emanaldia prestatu zuen 2019an Veselica taldearentzat. "1974an hasi nintzen euskal dantzak irakasten eta 2023an oraindik dihardut. Aurten, urteberri eguneko festan senarra eta biok Hegi, Maiana eta Baztan-dantza dantzatu ditugu".
Euskal dantzak Ameriketan ezagutzera ematen mende erdiz lan itzela egin duen emakumea dugu Roo Lester. Ezustean ezagututa, bere testigantza jasotzeko aukera baliatu behar genuela iruditu zaigu eta elkarrizketa egitea proposatu diogu. Baietz esan digu, baina Candi de Alaizari aitortza egin beharko litzaiokeela azpimarratuz eta euskal dantzen inguruan Candi kide zuen Westwind International Folk Ensemblek prestatutako argitalpen txukun bat oparitu digu, diskoa eta guzti.
Hustuta eta beteta
Astebete ongi betea pasa dugu Minnesotako Northfielden St. Olaf College honetan. Azken unera arte Veselica dantza taldeko kideekin lanean aritu gara euskal dantzen ikuskizuna prestatzen. Taldeak barneratua du emanaldia, oinarriak ezarrita daude. Dantzari batzuk estilo polita erakusten hasita daude gainera. Hustu egin gara, baina bete ere bai. Ezagutzaz eta emozioz. Inor ez omen da profeta bere herrian, baina guk ez dugu profeta izan nahi, euskal dantza merezi duen neurrian jaso, balioa eman, ikertu eta transmititu dadila nahi dugu. Ameriketako bazter honetan eskaini dioten arreta bere jatorrizko herrian eskaintzea eskatzen dugu. Euskal dantza euskal hezkuntza sisteman eta euskal unibertsitateetan integratu dadila.
Despeditzen hasi eta orain arte gordean ziren emozioak hasi zaizkigu kanporatzen. Josu eta Oierren aldetik, amets hau aurrera ateratzea posible egin dutenak datozkigu gogora eta esker ona baino ezin dugu agertu guztiekiko. Anne von Bibraren ilusioa eta lana. Bere gurasoen babesa eta eskuzabaltasuna. Roo Lesteren sentiberatasuna. Veselica dantza taldeko dantzarien harrera eta lanerako griña: Ellie, Raveena-Flor, Celeste, Larissa, Rayvin, Sugey, Alani, Blake, Augustus, Claire, Elizabeth eta Adrian. John Ysursaren bitartekaritza eta lankidetza. Juan Antonio Urbeltz, Jexux Larrea, Iñaki Arregi eta Argia dantzari taldearen konfiantza eta aukera. Dantzan eta Dantzerti lantokien eta lankideen erraztasunak. Gure etxekoen babesa.
Partitzeko tenorean elurra etorri zaigu agurtzera. Ez gaitu utzi une batean ere ez, baina azken egunean eguraldia ere aztoratu zaigu. Elurra elurraren gainean, dena estali digu, baita aireportura eraman behar gintuen errepidea bera ere.
Eta ez dirudi elurra atzean utziko dugunik. Ipar Ameriketako hainbat eremutan elurteak izaten ari dira eta hainbat hegaldi bertan behera geratu dira. Zorionez gureak eutsiko diola dirudi. Bidaia honetako bigarren geltokira begira jartzeko unea iritsi da. Agur Minnesota. Hemen gatoz Boise.