Mariana Grande Cobián. Venezuelan gertatzen ari denarekin, diskurtso xenofobo batzuk agertzen dira. Horietan, Venezuelatik etortzen direnak “etorkin onak” dira, haiek lan egitera etorri zirelako “diktaduratik” ihes egiten. Eta boliviarrak? Ez dute lan egiten? Edo bere klasea ezberdina da? Edo azala ezberdina da?
Argentina aspaldi eraiki zen diskurtso zuri batetik abiatuta. Sarmientoren asmoa Europako etorkinak lan egiteko ekartzea zen, eta gure azala zuritzeko ere bai (Sarmiento pertsonai ospetsua da Presidentea izan zelako eta hezkuntza publikoaren alde asko lan egin zuelako). Hortik hona, eskolan Europatik etortzen garela ikasten dugu (orain dela 10 urte gutxi gorabehera errebisionismo historikoak ideia horren kontra asko lan egiten du eta eskolan beste modu batean irakasten da).
Zer gertatzen da barruko migrazioarekin? Oro har, mugan dauden lekuetan jendea antzekoa da, mugak ez direlako gauza naturalak. Esaterako, Saltatik etortzen den pertsona batek boliviar itxura du, baina Buenos Aireseko jendeak itxura ikusten du; hortaz, tratu txarra ematen die (bi kasutan tratu txarra ematea gaizki dago, noski).
Hala ere, itxura ez da gauza bakarra. Dakigun bezala, normalean, diruak zuritzen gaitu. João Ubaldo Ribeirok Viva o povo brasileiro liburuan Brasilgo istorioaz eleberri bat egiten du eta, hor, ideia hori ere agertzen da: nola den “zuriagoa” Afrikatik etorri ziren senideak dituen pertsona bere egoera ekonomikoa aldatu zelako. Beraz, azala inportantea da ezberdintasuna egiteko etorkinen artean, baina dirua ere bai (Quevedok esaten zuen bezala “diru jauna, jaun boteretsua”). Jendeak prozesu horretan pentsatzen du? Uste dut ezetz. Aspalditik ikasi genuen eta, orain, inkontzientea da, arrazismoa inkontzientea delako.
Nire ikuspegitik, etorkinen seme-alabek baztertzen dutenean okerrena da, ezin dut jasan. Haiek ez diote bere buruari galdetzen zergatik etorri ziren bere gurasoak, edo nola? Behin, ikasle batekin eztabaida izan nuen horri buruz. Mutil honek etorkinek eta Argentinako lehenengo belaunaldiak zerbitzu publikoak ordaindu behar zituztela esaten zuen. Orduan, nik esan nion “zuk pentsatzen duzu nik guztia ordaindu behar dudala”. Noski, harrituta geratu zen, bere buruan zuriak argentinarrak garelako. Horren ondoren, galdetu zidan nondik etorri ziren gurasoak eta erantzun honetatik lan egitera etorri zirela ondorioztatu zuen. “Nola dakizu nire aita ez zela lapurra?”, erantzun nion. Aita eta ama ez ziren lapurrak, noski, baina hark ez zekien hori, ez zituelako ezagutzen. Goia zeruan eta behean lurra zutela etorri ziren, horregatik boliviarrak gure oraingo galizarrak direla esatea gustatzen zait, etorkinak leku berberetik etortzen direlako: beharretik.
Hasieran, nondik natorren erantzutea erraza dela esan dut. Baina ez da hain erraza. Joan den urtean amari Euskal Herriko birraitona zuela esan zioten; gainera, beste birraitona bat Espainian jaio zen (ez Asturiasen). Orduan, nik ez dakit ondo nondik datozen nire erroak, eta egia esan galiziarrek ez daukate errorik, beti mugimenduan daudelako. Hala ere, ziur nago Argentinan zuhaitz berri bat naizela eta, horregatik, ikasle harekin egin nuen bezala, xenofoboei gure Konstituzioaren sarreraren zatitxo bat gogorarazten diet “(…) guretzat, etorkizunerako, eta Argentinako lurrean bizi nahi duten munduko gizon guztientzat (.. .)”.
Drexlerrek esaten duen bezala “nik ez dakit nongoa naizen, nire etxea mugan dago; eta mugak mugitzen dira, banderak bezala”.