Nora Arbelbide Lete. «Bada garaia gureak aipatzeko eta Estitxu bere tokian emateko, artista handi eta ederra izan baitzen». Estitxu gogoan dokumentalaren asmoak argi ditu Franck Dolosorrek. Estibaliz Robles-Arangiz Bernaola Estitxu-k (Beskoitze, Lapurdi, 1944-Bilbo, 1993) euskal kulturaren erreferentzien artean izaten segitu behar duela konbentziturik ditu eraman dokumentalaren zuzendaritza eta gidoi lanak Dolosorrek. Baleuko etxearekin ekoiztua, Iban Gonzalez eta Ramon Larrabaster izan ditu lankide. Gaur estreinatuko dute Bilboko Zinebin, Bertoko Begiradak sailean. Gero, Senpere (Lapurdi), Beskoitze, Durango (Bizkaia) eta beste herri andana bat badute finkatua (data guztiak www.franckdolosor.com atarian daude ikusgai). Estitxuren ahotsa berriz entzun eta ikusteko parada. Apaletik hasi eta gora joan zen boz berezi hori. Gitarra eskuetan, bakarlari, Lourdes Iriondo, Maite Idirin eta Patxika Erramuzpe kantarien belaunaldikoa.
1993ko otsaila, Irun (Gipuzkoa). Estitxuren azken kontzertua. Dokumentalak orduko irudiak dakartza. Hil aitzin pare bat astera eman kontzertua da. Franko gaixorik zen ordurako, eta guztiek argi zuten bere azken zuzenekoa izanen zela hura. Baina kantatzea bururaino garrantzitsua izan zitzaion Estitxuri. Eta hor ageri da, apaltasun eta duintasun handiz, bai mintzatzen eta bai kantatzen. Irungo kontzertu hartako arrebaren «balentria» du iltzatua Irkus nebak oraindik. Dokumentalean azaltzen du nola Estitxu «ez zen zutik atxikitzen», eta, halere, «kantatu nahi. Hatsa hartzen zuen eta segitzen zuen kantuz. Hori ez da normalki ikusten». Estitxu nor izan zen hautematekoa ekartzen duen unea. Nortasun handiko emaztea zela, hori ere azaltzen du lanak. Eskuzabaltasun handikoa eta, aldi berean, «ni naiz ni» ihardesten zuen pertsona bat, norbaitek ohar bat egitean, eta ohar horrekin ez bazen ados.
Gazterik hil zen beskoiztarra. 48 urte, sei urtez minbiziaren aurka borrokatu ondoren. Gazterik, baina, aldi berean, ibilbide oparoa eginik. Hamabost disko grabatu zituen. Robles Arangiztarra, hamaika haurrideetan azkena, Beskoitzen sortu zen Estitxu. 1936ko gerraren ondotik, frankismoaren ondorioz, Bilbotik erbestera joan behar izan zuen familiak.
Kantua etxetik jaso zuen. Ama bera kantaria izateaz gain, Soroak laukotea osatu zuten bere lau nebek. Funtsean, Estitxuk berak ere ahizpekin laukote bat osatu zuen. Baina bakarlari zuen bere ibilbide nagusia egin. Gitarra eskuetan. Kantu txapelketa batetik bestera, lehen sariak irabazi arau, XX. mendeko 60ko hamarkada bukaeran, euskal kantu berriaren loraldi haren parte izan zen Estitxu. Atharratzetik Bilbora. «Gure herriak zazpi lurralde dituela» argi zuela buruan, Dolosorrek berretsirik, eta bere «ardatz nagusia» euskara zuela.
Atzerrian ere ibili zen. Venezuelan ere aritu zen grabatzen. Hamabost egunentzat joan zen hara, eta, azkenean, sei hilabete egon zen bertan. Haren kantu zenbait hango kantu hoberenen sailkapenetan lehen lekuetan jarri zituzten.
Parisen ere zenbait kontzertu eman zituen. Pare bat urtez kabaretetan ibili zen, Euskal Herrian ezagutu zuen paristar batek gonbidaturik. Baita telebistatik pasatu ere. Dokumentalean ikus daitezke Parisko telebistako Jacques Chancel animatzaile kazetariaren emankizuneko irudiak. Estitxu Agur Mariakantatzen ikusten da hor, orkestra lagun. Baina iduriz, ez zuen hain gustukoa izan Parisko bizia, eta laster itzuli zen Euskal Herrira.
Zentsuratua
Zentsura jasan zutenen artekoa da Estitxu. Frankismo garaian, orduko agintariek debekatu egin zuten Estitxu gonbidatzea. Dokumentalean agertzen dute agiria. Kantaldia egin egin zitekeela, baina egitekotan, Estitxu gabe. Robles Arangiztarra izatea ez ziotela barkatzen, hori baieztatzen dute orduko lekukoek. Aita Manu Robles Arangiz ELA sindikatuaren sortzaileetako bat izan zuen, EAJko diputatua izateaz gain, besteak beste.
Gero, EAJ alderdi politikoaren aldeko ekitaldietan kantatu zuen maiz. Gernikako Estatutuari buruzko erreferendumaren kanpainaren leloa ere berak asmatu zuen. Bizkitartean, jai batzordeak ezker abertzalearen esku zirenez, hor, aldiz, bazen baztertze bat, Dolosorrek baieztatua. Kritikak ere jaso zituen, gaztelaniaz kantatzeagatik, Venezuelako esperientzia tarteko.
Bere lagun batzuk ere ahantzi egin zuten. Hori azpimarratzen duten lekukotasunak ere biltzen ditu dokumentalak. «Agintariek erabili dute gauza frankotan behar izan duten mementoan, eta gero utzi dute erortzera. Eta beste batzuk hautatzen dituzte. Ez da kantariekin bakarrik gertatzen dena. Gertatzen da beste batzuekin ere. Gauza bera da», ekarri du gogora Irkus nebak.
Modak ere aldatzen dira. XX. mendeko 80ko hamarkadan rock erradikalaren aroa hasten da. Euskal kantagintza baztertua-edo gelditzen da. «Ez naiz batere rockaren kontra», erraten entzuten da Estitxu dokumentalean, Baionako Gure Irratiko artxiboetan. «Baina irratietan berak ari dira hemen, han. Euskal telebistan, berdinak beti. Eta ez dut batere konprenitzen mugimendu hori. Ez naiz batere jelos. Baina beste kantariek ere, beste estilo batzuek ere, behar lukete toki bera». Bakarlarien moda berriz jiterako, Estitxu orduko gaixotua zen.