euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Durangoko poetak euskara irakatsi zion Habanako neskari (El Diario Vascon)

2022/09/25

'Black is Beltza II. Ainhoa'-ren estreinaldiaren harira ostiralean Belodromoan gertatu zena ez zen ohikoa izan, erabateko festa baizik

Lotura: El Diario Vasco

Begoña del Teso. Ostiralean Donostiako Belodromoan estreinatu zen, nazioarteko mailan, Fermin Muguruza eta makina bat sortzaileren 'Black Is Beltza' artefaktu multimedia bizi, bihurri, gizakiokiko seko engaiaturik zen haren bigarren zatia, atala edo jarraipena. 'Black Is Beltza II' horrek bandera eta izenburu hartzen du protagonistaren izen propioa, Ainhoa.

Belodromoan gertatu zena ez zen izan ohiko, usadiozko estreinaldia. Festa baizik. Elkarretaratze bat baizik. Musikaz blai izan zen asanblada. Garagardoz bustiriko bilkura ganberroa. Dantzarako aitzakia primerakoa. Aldarrikapen eta erreklamazio askotarako beta ezin-hobea eta jende-saldo baten demonio/etsai ugariren kontra orro egin ahal izateko okasioa.

Munduko herri zapaldu guztiekiko elkartasuna erakusteko parada izan (eta aprobetxatu) zuen '24 Ordu Euskaraz' joan den mendeko ekimen ezin ahaztukoa burutu zen leku mitikora arrimaturiko jendeak.

Bi ordu builaka eta esnetan pasa ondoren, bukatu gabe geratu diren iraultza oro berpizteko prest (eroritako kamaradak lepoan harturik) atera zen jendetza, hainbat eta hainbat Bertsolari Txapelketaren Final ospatu diren lekutik, non Bowiek eta beste hamaikak jo edo abestu duten.

Bukatu ziren ostiralean Belodromoko kanpoaldean ziren behin -behineko txosnetako zerbetzak eta barruko taberna mitikoaren tortilla bokatak

Bartzelonatik etorritako Partisano (Rebel and Antiracist) dendakoek majo saldu zituzten elastiko-samarreta-kamiseta kasik guztiak. Pelikularenak, jakina, berri-berri horiek, baina baita legendazko batzuk ere: Negu Gorriak, Kortatu…. Agortu ere bai film berriaren soinu banda altxor gordetzen duten biniloak eta CDk, mimo handiz diseinatuak. Bertan, pelikularen beraren dialogo batzuk eta amaiezina ematen duen kantuen zerrenda; Cicatriz, Mursego, Joseba Tapia, Benny Moré, RIP, Broken Brothers Brass Band….

Ez. Ez zen izan estreinaldi korrientea, baina Zinemaldiko estreinaldi markaz kanpokoetan nahitaezkoak diren erritual eta une sakratu guztiei heldu zieten antolatzaileek, sortzaileek eta artista orok.

Izan ziren aurkezleak. Izan zen alfonbra gorria. Izan ziren argiaren eta soinuaren arteko joku ikus/entzungarriak. Izan ziren Euskal Herriko izarrak. Bai zinemarenak, bai musikarenak, bai irratikoak, bai liburu-dendetako jainko eta jainkosak. Euskal Herrikoak, Marseillakoak, Kubakoak, Argentinakoak, Palestinakoak. Izan iren bertan ez ziren askori egindako omenaldi beroak…Sutan zeuden ikusleak. Txaloak ziren ugari eta franko ozenki oihukaturiko kontsignak. Batzuen aldekoak. Besteen kontrakoak.

Alfonbra gorriaren gainean, animaziozko pertsonaia guztiei ahotsa jarri dietenak: Goenkaleko Maria Cruickshank, Itziar Ituño, Antonio de la Torre… Izan zen Kaki Arkarazo. Eta emazte duen kubatar fina, filmean aholkulari ezinbesteko gisa aritu dena, Moraysys Silva.

Izan ziren ikusleen txalo zaparradaren artean Beñat Beitia eta Mariona Omedes, arte zuendariak. Eta animazioaren arduradunak; nortzuk eta Miren Berasategi, Imanol Zinkunegi, biak Lotura Films ekoiztetxearen buru. Izan zen agertokian Soaspkillesk edo RedSkinsesk edo The Poguesek sortua ez den musika konposatu duen Maite Arroitajauregi…

Eta emozio guztiak baretzen hasi zirela, berriro ekaitza, berriro oihuak, berriro… Eta ez bakarrik gidoigintzan Ferminek Harkaitz Canoren eta Isaki Lacuestaren pelikuletan nahitaezkoa den Isa Camporen laguntza jaso duelako baizik eta, baizik eta, derrepentean La Habanako malekoian gaudelako eta bertako bi neskek topo eta estropezu egiten dutelako nederlandarrak direla sinestarazi nahi duten bi gizonezkorekin. Ez, ez dira hangoak, batek Gullit futbolari bikainaren kamiseta janzten badu ere. Euskaldunak dira…

Eta Belodromoan jendeak barre egin eta txalo jo zuen. Jakin bazekielako horietako bat poeta zela eta Joseba zuela izena. Asmatu zuelako Poetak neska mulatoari euskaraz irakatsiko ziola. Txalo jo, San Fermin egunean Sarrik, pantailan egin zuelako berriro ihes. Martutenetik.

Txalo, pelikula hil honetako 30ean iritsiko baita Hego Euskal Herriko aretoetara. Eta geroxeago Iparraldekoetara. Eta beranduago Kataluniara. Eta Sevillara. Eta…



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia