euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Durangoko Azokaren 50 urteko historia biltzen duen liburua kaleratu du Gerediaga elkarteak (Berrian)

2015/11/25

1965a da. Eraikuntza enpresa baten bazter batean bildu dira Gerediaga Elkarteko kideak. Batzarlekuan bi aulki besterik ez, eta adreilu batzuk pilatuz eta ohol bat jarriz atondu dute denentzako jarlekua. Listo. Eta bota du ideia orduan Leopoldo Zugazak: disko eta liburu azoka bat. Zalantzak hasieran, eta irmo Zugaza berean. «Ez bazaizue interesatzen, neuk bakarrik egingo dut».

Lotura: Berria

Iñigo Astiz. Eta, beraz, baietz. Eta, beraz, gaur arte. Durangoko Azokaren 50. urteurrenaren harira, Durangoko azoka 1965-2015liburua kaleratu du Gerediaga elkarteak. Joseba Sarrionandiak eta Jesus Mari Arruabarrenak idatzi dituzte testuak. Eta hasi, eraikuntza enpresako bilera hartan hasten da dena eraikitzen. «Orain arte ez da halako bilketa lanik egin», azaldu du Aitziber Atorrasagasti Gerediagako kudeatzaileak, eta urteurrenak eman die aitzakia. «Azken 50 urteetako ibilbidea biltzen du liburuak, berau ezagutzera emateko eta hurrengo 50 urteetako historia idazten hasteko».

Sarrionandiaren testuarekin hasten da liburua. Mundutik azokara izeneko atalarekin, alegia, eta, Gerediaga elkarteko kideek azaldu dutenez, orain arte ezagutu ez duen Sarrionandia bat topatuko du bertan irakurleak. «Egilea busti egiten da», azaldu du Asun Elorriagak, Gerediaga elkarteko idazkariak. «Bere ikuspegi pertsonala ematen du sarri oso modu gordinean, bitxian eta ausartean». Baina ez da azokari buruz bakarrik mintzo idazlea, eta testuko lehen lerrotik uzten du argi hori saiakera kutsu nabarmeneko testu batean. Nahasian ematen ditu bertan idazleak azokari buruzkoak eta politikari, ekonomiari zein kulturari buruzkoak. Nahasian Euskal Herrikoak eta nazioartekoak. Lotuta.

Astronautaren begiradatik hasten du kontakizuna. «Perspektiba hartzeko». Alexei Leonov kosmonauta sobietarrak Voskhod 2aireontzitik kanpora irten eta espazioan egindako 12 minutuekin abiatzen du Durangoko Azokaren azken 50 urteei emandako errepasoa. «1965. urtea, badakizue, geure kalendario gregorianoan: MCMLXV latinez, 5725-5726 kalendario hebreoan, 1385-1386 kalendario musulmanean eta 4661-4662 kalendario txinatarrean». Ez da jolas soila, ordea. Izan ere, nahasian doaz Sarrionandiaren testuan Euskal Herriko gertakizunen inguruko gogoetak eta nazioarteko politikako eta kulturako gertakari nagusiak. Malcolm X, Vietnamgo gerra, Jim Clark, Bob Dylan eta, noski, baita Durangoko Azoka ere. «Rikardo Arregik aipatzen zuen belaunaldi berriak dena aurkitu zuen oso deseginda, eta ezerezetik berreraiki behar zuen. [...] Belaunaldi hori konturatu zen herrigintza kreazioa ere bazela, liburuez eta ideologiez aparte kultura bat eta herri bat eraiki behar zirela, eta liburuak sortu, publikatu eta zabaldu behar zirela horretarako».

Hori da tonua. Eta etorkizunera begira amaitzen du testua. «Gure gizaldiaren balantzea ezin da esan oso positiboa denik. Planetan bizi garen 7.000 milioietatik gehienen bizimodua badaezpadakoa da, subordinazio baldintzetan bizi gara, aldaketa aukera askorik gabe. Eta etorkizuna? Uste genuen, beharbada, eskasia ekonomikorik gabe, beldurrik gabe, eta nahi genuena pentsatzeko eta egiteko aske biziko ginela honezkero, eta ez dugu guztiz azartatu. Baina etorkizuna dugu oraindik asmatzeko. Anatole Francek esan zuenez, ametsak kokatzeko toki erosoa da etorkizuna».

Azokatik mundura izendatu du bere testua Arruabarrenak. Artxibo lana izan du hura idazteko oinarri nagusia, eta azokarekin lotura izan duten hamar pertsonari egindako elkarrizketa bidez ezagutu ditu xehetasunak. Horri esker eraman du irakurlea azokaren ernamuin izan zen adreilu arteko lehen bilkurara.

Oztopoak oztopo

Funtsean, arrakasta baten historia kontatzen du Arruabarrenaren testuak. Hala uler daiteke, behintzat. Idazleak dioenez, azokak jakin duelako garaiz garai moldatzen eta traba guztiei aurre egiten. «Azokaren historia oztopoz beteta egon da hasieratik, baina arduradunek beti jakin dute nola egin aurrera». Oztopo eta zailtasun bilduma bat ere bada liburua, halere: frankismo garaiko debekuak kontatzen dira, elkarteak bizi izandako estutasun ekonomikoak, euskara hutsezko azoka sortzeko zailtasunak, sortzaileekin batera hasitako antolakuntza eredua... «Testigantzen bidez irakurleak ikusten du nolako hasiera izan zuen, nolako eboluzioa izan duen eta azken urteetan zer urrats ausartak egin diren».

Txelu Angoitia argazkilariak azken hamabost urteetan egindako ehun argazki baino gehiago ere biltzen ditu liburuak. «Liburu honetan ikusten da zelako inportante diren ekintza txikiak», azaldu du. «Azoka hasi zenean, oso gauza txikia zen, eta, denboraren poderioz, azkenean amaitu du kristoren ekitaldia izaten: euskal kulturaren plaza. Batzuetan ez dugu baloratzen momentuan ideia txiki bat hazi bat dela».

Jose Luis Zumeta artistak egin du azala, Durangoko Azokaren 50. urteurrenerako sortutako kartela oinarri hartuta.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia