Haren omenez, ekitaldia egin dute Madrilen, Casa de Vacas eraikinean. Aitor Merino zinemagilea izan da gidari, eta, besteak beste, Julen Mendoza Errenteriako alkateak hartu du hitza. Jaime Rosalesek, Ariadna Gilek, Adolfo Fernandezek, Manuel Blanco Chivitek, David Perez Merinerok eta Enrique Venturak ere parte hartu dute. Ekitaldian, Arretxek idatzitako hainbat lan irakurri dituzte.
Errenterian (Gipuzkoa) jaio zen, 1964an, eta ibilbide oparoa izan zuen sormenaren munduan: zinemako arte zuzendari gisa jardun zuen, idazle, marrazkilari, baita aktore ere. Guardia Zibilak atxilotu zuenean, Arte Ederretako ikasle zen. Zabalzarekin, Idoia Aierberekin eta Manuel Bizkairekin batera atxilotu zuten, eta guztiak torturatu zituzten; Zabalza, hil arte. "Ez nuen Mikel Zabalza ezagutu, baina beti gogoratuko dut Mikel Zabalza, eta maite dut", adierazi zuen Arretxek Zabalzari Garraldan (Nafarroa) egin zioten omenaldian, 2015ean.