Urtzi Urrutikoetxea. Euskal Herritik ia hamar mila kilometrotara gaude, San Frantziskoko euskal etxean. Eguneko egitaraua amaituta, gaztetxoen programan beisboleko partida ikustera joatea dago, asteburuan zehar Kaliforniako hiriko zientzia-museoa eta Pier 39 moila bisitatu dituzten legez.
Ia ehun ume dira NABO Ipar Amerikako euskal etxeen Udalekun parte hartzen ari direnak. Estatubatuarrak gehienak, Kalifornia, Nevada eta Idaho estatuetakoak batez ere, nahiz eta badiren mendebaldeko beste estatuetatik etorritakoak eta ekialdetik zein Kanadatik etorriak ere. Denek dute euskal jatorria, aitona-amonek edo haien aurreko belaunaldiek Ipar Amerikara jo baitzuten Baxenabarretik, Nafarroa Garaitik edo Bizkaitik. Euskara, oro har, hurrengo belaunaldirako galdu zen, Estatu Batuetan erabat integratzeko grinak hartuta. Hala, gaztetxo hauek erabat estatubatuarrak dira. Batzuen kasuan, badute komunitate bat inguruan, San Frantziskon, Renon edo Boisen esaterako, euskal kulturari lotuta jarraitzeko. Beste askok etxetik jasotakoa baino ez dute, eta horientzat are garrantzi bereziagoa dauka honelako topaketak antolatzeak.
Lehen harremana
Luke, esaterako, Oregongo Bend hiritik San Frantziskoko Udalekura etorri den 15 urteko nerabea da. «Oregondik etorri den bakarra naiz. Hirugarrenez nator, eta parte hartu dezakedan azken urtea dut», dio penatuta, udalekua 10 eta 15 urte bitartekoentzat antolatzen baita. Arbasoak bizkaitarrak ditu, Gernikatik, Lekeitiotik eta Ispasterretik Idahora eta handik mugakide den Oregongo Ontario herrira jo zuten. Mendebalderago dago Bend, ordea, eta kexu da ez daukalako euskal komunitaterik inguruan, «oso gustuko ditut euskal kirolak». Beste moduren batean nahiko luke datorren urtean jarraitu Udalekurekin harremanetan, agian laguntzaile gisa. «Euskal Herrira joatea ere espero dut, arreba egon da Ateak Ireki programarekin, eta neuk ere joan nahiko nuke nagusiagoa naizenean».
Bere herriko lagunek txantxa egiten diote, euskal-amerikarrekin egoteko eta haien kulturan sakontzeko daukan grinagatik. «Orain ere horiekin hago? Kultu bat ematen dik», idatzi dio mugikorrera batek, eta baietz erantzun dio, «erabat harrapatzen zaituen kultu bat da». Horregatik, Euskal Herritik datorrenarentzat esanguratsua gertatu arren euskararik ez ikastea Udalekun berez («10-12 eguneko kanpaldian ez dago astirik hizkuntzarik erakusteko ezer ez dakienarentzat», dioskute antolatzaileek), eguneroko ariketetan sartzen doazen hitz horiek zirimiri moduko eragina dute, haietako askok euskal kulturan are gehiago murgiltzea dakarte. Hala, Goierrin hainbat etxetan eta Maizpide barnetegian euskara ikasten egon diren iparramerikar gehienak Udalekutik igarotakoak dira.
Mahaira itzuli da Luke, beste adinkide batzuekin musean aritzera. Bitxia egiten da, elkarrekin ingelesez dihardute, horixe dute ziria jotzeko hizkuntza, eta halako batean «bai, ez, bai, ez» edo «mintzo» entzuten da mahai bueltako mus partidatik. Beste batzuen kasuan, euskararekiko lehen hurbilpena abizenaren esanahia argitzetik dator, Iribarne, Goyenetche, Bengochea edo Indart deituren jatorria argituz.
Jean Max Fawzi Goyeneche sanfrantziskotar gaztea dute irakasle; bera ere Udalekun ibili zen adinez nagusi izan zen arte. Gero, pandemiako etxeratzea euskara online ikasteko baliatu zuen. «Oraino ez naiz ontsa mintzo», desenkusatzen da baxenabartar senideekin trebatutako euskaran. Bakersfield-eko Jean-Pierre Etcheverryk ere antzeratsu ikasi zuen Aldude, Banka, Anhauze eta Zilbetiko aitona-amonekin. Zientzia Politikoak ari da ikasten unibertsitatean -iazko udan bekadun egon zen Washingtonen, Kongresuko presidentearen bulegoan-; Udalekun, berriz, txistu-irakasle dabil.
Euskarazko tantak
«Erdizka!», entzun dugu aldamenetik. Donibane-Garazitik etorritako Patrik eta Patricia Larralde Baxenabarre eta Zuberoako dantzak irakasten ari dira, adin-talde bakoitzaren arabera. Badute lehendik ere eskarmentua etxean, Garaztarrak dantza-taldeko kide baitira. Milaka kilometrora ere, oso etxeko zaie San Frantziskoko euskal giroa, bertako kide gehienak Baigorri-Ortzaizetik, Garazitik edo Baztandik iritsi baitziren 50 eta 60ko hamarkadetan.
Ez da harritzekoa, beraz, aurtengo Udalekuko gaia Ipar Euskal Herria izatea. Idahon, aldiz, bizkaitar jatorria dute gehienek, eta Nevadan bietarik aurki daiteke, Euskal Herrian ez dagoen muga imajinario bat eginda mendebaldetik ekialdera, tartean Gipuzkoarik ez balego bezala.
Ellise San Frantzisko bertako haurra da. «Bederatzi urte eta erdi» dituela azpimarratzen du, eta laugarren mailara doala datorren urtean. Udalekun ikasi dituenetatik, txistua jotzea eta pilotan jokatzea ditu maiteen. Pazifiko ertzean bizi arren, egina du Kantaurirainoko jauzia, eta «oso oroitzapen goxoa dauka» Euskal Herriko senideei egindako bisitaz. «Urepele oso desberdina da San Frantziskotik», dio. Goizetan baserrian oilarra entzuten zutela gogoratzen du, eta Euskal Herrian gustukoen dituen gauzen artean, berriz, «mendira irtetea eta amatxiren janaria jatea», dituela erantzun digu.
Lagunengana itzuli da frontoira. Pirritx eta Porrotxen kantak jarri dizkiete Lurrek eta Naroak. Euskal Herritik pilota-irakasle etorri dira, Dimatik eta Zestoatik zehazki. «Bat, bi eta hiru»-tik hasi eta ahalik berba gehien saiatzen dira ingelesezko egunerokotasunean tartekatzen. Esku-pilotatik palara eta zesta-puntara, hainbat modalitate irakatsi dizkiete, eta haurrek joko garbian aritzeko aukera ere izan dute. «Aurtengo esperientzia berria izan da Joko Garbi», dio 14 urteko Mateo Fischer-ek. Boisetik dator eta Oinkari dantza-taldean dihardu.
Kanadatik
Cullem ere oso gustura dago frontoian. «Euskal kirolak maite ditut, baita kulturaz ikastea ere. Asko ikasi dut egunotan». 10 urte baino ez ditu, baina bigarren Udaleku du Nevadako Gardnervilleko mutikoak. Adin bera du Maite Etchartek, eta bigarren Udaleku da beretzat ere, baina gehienak baino urrunagotik iritsi da San Frantziskora. Merritt Kanadan dagoen herri bat da, Vancouverretik hiru ordura. Aurten hegazkinez etorri da, baina iaz Boisera joateko autoz egin zuten hamabi orduko bidea. Dena duela gustuko dio, dantzak kasu, baita musa ere. Neba-arrebak mus txapeldunak izan berri dira, eta berak ere egiten du aitatxirekin asteburuetan.
«Gure inguruan dagoen komunitate bakarra gure familia da», dio Tina Etchartek, Maiteren amak. Hala, familia ostiraletan elkartzen denean mus-partidak berebiziko garrantzia hartzen du. Muga-mugakoa du familia; Urdazubikoa. Pasaporte espainiarra emigraziorako zailagoa zelakoan, frantses herritar bihurtu zen aitatxi, eta hala jo zuen Ameriketara. Kanadan, baina, berehala ingeles munduan murgilarazi zituzten, hizkuntza ez ezik izena ere aldarazita. Estatu Batuetan oso ohikoa den istorioa da: herrialde berrian ahalik bizkorren integratzeko asmoz, etxeko hizkuntzarik ez zaie transmititzen haurrei.
Horregatik, ingeles hutseko munduan jatorrietara joateak eta kultura bera partekatzen duten gazteekin topo egiteak berebiziko garrantzia dauka. «Mundu bat zabaldu dit, nire kultura ezagutu dut eta dudan nortasuna indartu dit, asko ikasi dut, lagun asko egin ditut», dio birramona Donostiatik etorri zen Renoko Elise Griggek. Laugarren eta azken Udaleku du hau, eta triste baina pozik dago esperientzia hau bizi izanagatik. Udalekuri esker «Euskal Herriko geografiaz ikasi dut. Euskara ikasteko asmoa daukat, etorkizunean Euskal Herrian jarraitzeko Udalekun hasitakoa».
Stefan Indart 15 urteko sanfrantziskotarrak ere azken urtea izan du aurten Udalekun, aurretik ahal izan duen guztietan parte hartu badu ere (bi urtez ezin izan zen egin, pandemiaren ondorioz). «Asko aldatu gara urteotan, orain gaztetxoenei begira ikusten dut halakoak ginela; orain geu gara nagusiak. Oso lagun onak egin ditut, eta ahal den guztietan elkartzen gara, NABOren konbentzio eta ekitaldietan, esaterako».
Azken urteko ikasleek sentimendu nahasiak dituzte, tristura eta poza urteotan ikasitakoagatik eta egindako lagunengatik. Aurrera begira ere hemen jasotako pasioa transmititzen jarraitu nahiko lukete. «Aitatxi Ortzaitzekoa dut, nik hara joaterik ez dut izan, baina erran dit zeinen desberdinak diren, hura ttipia eta hau askoz handiagoa», dio Stefanek. Etorkizunean Zuzenbidea ikasi nahi du unibertsitatean.
Nerabeek haurrei irakatsi; hiruzpalau aldiz joan direnek lehen aldiz doazenak taldera sartu; diasporako talde bateko dantza-taldeak beste batekoari eragin, eta gero, udaberrian eta udan egiten diren pikniketan elkarrekin topo egitean, guraso eta aitona-amonengandik aparte beren lagunak izan Kalifornian, Nevadan zein Idahon... Lehen aldiz Udalekun parte hartu duen Louise Iribarne 12 urteko gaztetxoak, kasu, bi neska nagusiago hartu ditu San Frantziskoko etxean. Haiek ere Nafarroa Beherea eta Zuberoako jatorrizko txokoei buruz jakin nahian daude.
Programa arrakastatsua
Iaz mende erdi bete zuen NABOk, Ipar Amerikako euskal elkarteak batzen dituen erakundeak. Diasporako elkarteak, gehienetan, eskualde beretik joandako migratzaileek sortutako taldeak dira: Baigorri ingurukoak San Frantziskon, Lea-Artibai eta ingurukoak Boisen, eta abar. Desberdintasunen gainetik, talde bakoitzak bere nortasuna eta autonomia mantenduz, denentzako erakunde bat sortu zuten 1973an. Pierre Etcharrenek, urteetan mus-kontuetako arduraduna izanak, Music Camp izeneko topaketa antolatu zuen handik urte gutxira, gaztetxoek dantza, kirola, musika eta mus-jokoa ikasteko. Udalekuren ernamuina izan zen; dudarik gabe, NABOk antolatutako programa askoren artean arrakastatsuenetakoa.
Udalekuk diasporaren kontzientzia irauli eta guztiz eraberritu zuen. Valerie Arrecheak gaztetxotan parte hartu zuen, eta egun Udalekuren arduraduna da. NABOren eta euskal elkarte askoren arrakastaren garrantzia ere gazteentzako programetan datzala dio: diasporako askoren kasuan, Ameriketara iritsi zirenen belaunaldiak sortu zuen elkartea, baina, AEBetan integratu ahala, haien seme-alaba edo bilobek ez dute gurasoen interes berbera. Udalekuk hori aldatzea ekarri zuen: «Halako batean, euskal komunitate guztietan genituen lagunak. Beraz, hortik aurrera ez genien gurasoei pikniketara laguntzen haien lagunekin egoteko; geuk ere bagenituen adiskideak eta haiek bisitatu nahi genituen».
William Douglass Renoko Euskal Ikasketen buru izandakoak “NABO efektua” deitu zion. Euskal jatorria eta ondarea ospatzetik, euskal-amerikar gisa nortasun berri baten sorrera ekarri du. Egun, Euskal Etxe askotan gidari dihardutenak 80ko eta 90eko hamarkadatan Udalekun parte hartu zuten haurrak dira. Eta oso lotura estuak dituzte beste euskal etxe batzuetako adiskideekin. Euskaltasun-kontzeptua oso modu plastiko eta zabalean ulertzeko ere balio izan die. Hizkuntzaren garrantzia askoren deituretatik bertatik hasita ageri da. Dantza-taldeetan eta musika-eskoletan dihardute batzuek, badira gurasoak Euskal Herrira inoiz joan zaizkienak. Beste batzuek noizbait joateko itxaropena daukate, itsasoz bestaldeko senideak eta herriak bisitatzera, eta euren kabuz ere Euskal Herria ezagutzera.
Ia bi asteko egonaldiaren azken egunean, gurasoentzako emanaldia antolatu dute. Ilusioa eta poza daude, umorea, gurasoen animoak eta antolatzaile eta boluntarioen txantxak. Konplizitate berezi hori San Frantziskoko frontoi dotoreko afarian agertu da. Gaztetxoek egunotan ikasitako dantzetan dihardute, euskaraz ikasitako hitzak eta kantuak ere ageri dira. Elkarrengandik bereizteko unea da, baina “laster arte” kutsua dauka despedidak. Udako pikniketan elkartuko dira batzuk. Beste batzuek Euskal Herritik bidaliko dizkiete mezuak. Eta ahal duten guztiek ahal duten guztia egingo dute 2025eko Udalekun parte hartzeko. Nevadakoen txanda izango da antolakuntzan