euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Dantzaren zazpi jauziak (Berrian)

2022/07/01

Hamaika aldaera eta izen izanik ere, egitura bat eta bera da. Galzorian izan zena partez berreskuratu zuten, estandarizatu eta demokratizatu. Dantza horrek euskalduna euskaldunago egin dezake.

Lotura: Berria

Ainize Madariaga. Plazaren batek jende mugimendu aleatorioa badu, baliteke musika paratu orduko antolaketa zirkularraren eitea hartzea tupustean. Urratsez urrats, haien izenak iragarriko ditu aditu batek, eta ingurua osatzen duten guziek, bakoitzak bere espazioan eta bere maneran, aitzinaraziko du dantzaren ibilia.

Jauzi dantza izen bat baino gehiagoren pean kukutzen da: mutxikoak, mutil dantzak, moneinak... Izen batzuk, hamaika urrats, baina dantza bat eta bera. Hori baita jauzi dantzaren berezitasunetako bat: urrats zerrenda bat duela, zeina tokiaren arabera desberdinki deitu edo dantza baitaiteke; alta, «sistema» bera da.

Berezitasunak berezi ohi du bakar bat bertzeengandik; jauzi dantza euskaldunen bereizgarrietako bat izan daitekeela azpimarratu du Kattalin Ezkerrak, Baztandarrak dantza taldeko mutil-dantzariak: «Herrigintzarako tresna arras interesgarria iruditzen zait. Gustatuko litzaidake jendea hortaz jabetzea, eta erabiltzea. Denak dantzatzen gara noizbait ere. Guk badugu gure izaera adierazten duen dantza bat; jauzi dantza arras aproposa da horretarako, arras gurea baita».

Jose Cazaubon dantzari ohiak ere nabarmendu du dantzaren nortasuna: «Ibili, pikatu eta inguruan. Hori da jauzi dantzaren sistema. Ez da erritmo dantza bat, fandangoa edo beste dantzak bezala; jauzia arrunt berezia da bere egituragatik: zentzugabekoa da; zaila zaio kanpotar musikari bati, koherentziarik ez baitu».

Xabier Itzainak luzaz ikertu du, eta badu bere definitzeko artea: «Errondan ematen diren dantzak dira, hetsian Ipar Euskal Herrian eta Biarnon; irekian, aldiz, Baztango [Nafarroa] mutil dantzetan. Urrats hiztegi bat bezala bada, eta horien konbinazio ezberdinek osatzen dute jauzi dantza». Azpimarratu du badirela aldaera anitz: jauzi oso edo luzeak denboran; konparazione, lapurtar luzeak, mutxikoak, moneinak, xibandiarrak edota ortzaiztarrak. Azken hori bide da euskal jauzi dantzarako melodiarik zaharrena: hamar minutu luzekoa. Kontrara, jauzi buztanak edo laburrak badira, hegi edo maiana, adibidez.

Jose Cazaubonek soka luzeko esperientzia du dantzagintzan; duela guti arte ofizioa zuen. Gainera, bereziki jauzi dantza landu du hondar hamar urteotan. Haren hitzek azaldu dute zer diren: «Denak elkarrekin aritzean datza, baina bakoitza bere maneran. Pikadura batekin bukatzen den ibilketa bat dira. Lekuaren arabera urratsek izen ezberdinak dituzte, baina ibili behar da urratsean, bertikaltasuna atxikiz, pultsuan ibiliz: ez fiteegi, ez emekiegi ere, eta tokiak emanen dizun inguru hetsian».

Euskararekin egin du paralelismoa: euskarak euskalkiak dituen bezainbat aniztasun baitu jauzi dantzak ere. Baina badu batua ere. Itzainak ere euskara batuaren adibidea ekarri du jauzi dantzaren estandarizazioa irudikatzeko, eta adierazi du damugarria zaiola errepertorioaren zabalak pairatu duen hertsitzea: «Manera ezberdinak baziren eskualdeka; Garazin ez baitziren Amikuzen [Nafarroa Beherea] edo Makean edo Uztaritzen [Lapurdi] bezala ematen. Hori pixka bat galtzen ari da, jauzi dantza batua baita oraingoa; alta, aldaera horiek aberastasuna dira enetako».

Cazaubonek ere koloretsuagoa maite du jauzi dantza, goitik behera aitortuz Betti Betelu dantza maisuak egindako ezinbertzeko berreskuratze lana: «Ez zuten denborarik ukan ate guziak irekitzeko: batzuk hautatu behar izan zituen. Orain, beraz, Beteluk erakatsi zuena dago denetan. Euskalkiekin bezala, nahiago ditut aldaerak, beste plazer bat baita, eta nahi duzu denekin egon, urrats ezberdinak ikasteko».

Jauzi dantzaren aldaera bat da Baztango mutil dantza. Hori da, nonbait, jauzi dantza batuaren aldaerarik bereziena. Kattalin Ezkerra Baztandarrak dantza eskolako mutil-dantzariak hala xehatu du: «Mutil dantza da jauzi dantzetan biderik desberdinena hartu duen dantza: doinuak hartu du bide propioa. Batzuetan, zaila egiten zaigu parekatzea bertzeekin: Zuberoako dantzari batek eta Donibane Lohizuneko [Lapurdi] batek aire berarekin egin dezakete dantza, bakoitzak bere gisara, baina baztandarrak sartuz gero ez dira gai izanen, aireak ere aldatu direlako, eta urratsak gehitu».

Itzul eta dobla

Jauzi dantzak izan ditu bere goiti-beheitiak. XVIII eta XIX. mendeetan herriek ordaintzen bazuten jauzi dantza emateko ohorearen truke, sekulako gainbehera izan zuten XX. mendearen hastapenetik aitzina, bi mundu gerlen ondorioz, frantses nazionalismoaren gorakadarekin batean, galzorian izateraino.

Horren lekuko izan da Itzaina: «Jauzi dantza gizartearen arabera aldatu da beti. Nahiz eta denbora batez hirietan ematen zen, XIX. eta XX. mendeetan gehiago Lapurdi barnealdean, Zuberoan eta Nafarroa Beherean. Garazin gehixeago atxiki dute, eta, oroz gainetik, Luzaiden [Nafarroa]. 60ko eta 70eko urteetan galzorian zen, nahiz eta Amikuze aldean ematen segitu mezatik landa eta abar. Mutxikoak ematen ziren, lapurtar motxak eta jauzi laburrak, Zuberoan moneinak...».

1970eko hamarkadan ez baitziren gehiago «modan» dantza bera eta «hari loturiko protokolo edo kodeak». Horren ondorioz, transmisioa ez da denetan atxiki: «Haustura batzuk egon dira, hizkuntzan bezala. Orokorra zen». Salbuespenak baziren, hala ere. Adibidez, Heletan eta Iholdin [Nafarroa Beherea] Bestaberritik landa dantza bat edo bi ematen baitzituzten.

Arrunt itzalia ez zen pindar hura hauspotzen ibili ziren batzuk. Garazi eskualdean, Faustin Bentaberri musikari, dantzari eta koreografoa aritu zen jauzi dantzaren urratsak biltzen eta zabaltzen. Lapurdi kostaldean ere, Pili Tafernaberri ibili zen bi mundu gerlen artean lan bera egiten. Aitzintto aipatu Betti Betelu haren ikasleak segida hartu zuen, eta transmisio lan nekaezina egin, dantza taldez dantza talde jauzi dantzaren jakitatea hedatuz.

Lan mardul horretatik iritsi dira orain ezagutzen diren eta hedatuak diren urratsak, jauzi dantza batu hori.

Itzainak eta Cazaubonek oroitu dute jauzi dantzaren arra punpatzea: konparazione, jauzi dantzaren bultzatzaile izan zen Garaztarrak dantza taldeak Faustin Bentaberri musikari, maisu eta koreografoari egindako omenaldian, 1979an. Edo, urte berean, Bidarten (Lapurdi), Pilipe Tafernaberri maisuaren omenaldian eman zuten jauzi dantzatik sortu baitzen oraingo egunean hain arrakastatsua den Arrangoitzeko (Lapurdi) Mutxikoaren Eguna, urriaren bigarren igandean beti. Betelu zen antolatzaile.

Orain, orotan ororendako

Orain biziki hedatu da jauzi dantza eta ez da dantzariz beztitu behar haren dantzatzeko. Ezkerrak hedadura azaldu du: «Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian, azken hogei urteotan jauzi dantza hedatu da: errazki eta edonork dantzatu dezake edozein plazatan. Lapurdiko jauzi dantzaren eredua hartuz, berezitasunik gabe, hartu bezala emanez».

Preseski, herrikoitasun hori dantzaren indargune gisa ikusten du Xabier Itzaina dantzaren ikerleak; alta, ez da beti hala izan: «Denbora batez dantza horren erritualtasuna ez zen nornahiri irekia: kodeak baitziren. XVIII. eta XIX. mendeetan, adinka, kartierka... sartzen ziren. Auziak badira horretaz. Jauzi dantzaren emateko ohorea pagatzen zuten, eta pagatzen dute oraindik, pastoraletik landa. Nork bere herriaren ordezkatzeko funtzioa bazuen. Orduan, gogoz ematen zituzten jauziak, eta memoria desafio gisa ere bazen, halako herriko gazteria gai zela gogoz emateko dantza osorik».

Herrien artean baziren «zeingehiagokak». Itzainak gehitu du XVIII. mendeko artxiboetan atzeman dituen auzietan hilketak direla mintzagai, jauzi dantzetan parte hartzea dela kausa. Ez zen, beraz, ahuntzaren gauerdiko eztula. Horiek hola, jauzi dantzak bete izan duen funtzioak eta oraingo egunekoak ez dute arras bat egiten. Ezkerrak, konparazione, alde terapeutikoa ikusten dio: «Meditazio aktiboa da: arras presente eta kontziente egon behar duzu, zer urrats heldu zaizun aitzinekoa akitu aitzin; beraz, burua eta gorputza lotzen dituen dantza bat da, eta, aldi berean, ari zara taldea egiten. Bizitzeko dira, denok baikara protagonistak, ez kontzertu batean bezala, kontsumitzaile».

Preseski, jauzi dantzaren aldaeren zabala berreskuratu eta hedatzeaz gain, Cazaubon kezka batek akuilatu zuen hausnartzera transmisioaren nolakotasunaz: ikastoletako gazteek jauzi dantza «aspergarria eta beti berdina» zela erran baitzioten. Horregatik, dantza transmisioa errotik irauli du: «Aiko dantza taldeak galdetzen du: 'Dantzatzen zara ala dantza egiten duzu?'. Dantza egiten baduzu, exekutatzen duzu eta kito, teknika hutsa da: hotza, emozio gabea. Aldiz, dantzatzen bazara, barneko gauza guziak daude: jokoa, askatasuna, emozioa, harremana...». Ez baita berdin dantza egiten: «Testuinguruak eginen du dantzari berak ezberdinki dantzatzea. Dantza taldeetan hori ez da erraten; beraz, beti gauza bera egiten ikasten da».



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia