Idahotik Euskal Herrirako bidea eginez, kadete mailako Indie Chicas taldeko bederatzi jokalariz osatutako ordezkaritza gure artean egon da, Idahon emakumezkoek soilik osatutako bakarra. Iraileko lehen astean zehar, Athletic Clubeko kadete mailako jokalarien familien etxeetan egon dira eta euskara eta Athleticekin erlazionatutako jarduerez beteriko bidaia plana osatu dute.
Lezaman jokatuko dituzten entrenamenduez eta partidez gain, bederatzi jokalariek Herri Kirolak egin edo euskarazko ikastaroak jasotzeaz harago, San Mameseko AC Museoa, Bilboko Euskararen Etxea, Laidako hondartza eta San Migueleko eliza – bertatik Urdaibaiko erreserba osoaren edertasunaz gozatuz–, edo Gernikako azoka ezagutzeko aukera izango dute. Horrekin batera, Klubeko erreferenteekin egoteko beta izan dute. Besteak beste, Jose Angel Iribar handiarekin, Iraia Iturregirekin (2014an Boise bisitatzeaz gain, 2006/07an AEBko Florida State Universityn jokatu zuen) zeinen eskutik instalazio zuri-gorriak ezagutzeko aukera izan zuten, eta Garazi Muruarekin. Getxoztarrak, East Tennessee State Universityrekin Estatu Batuetako futbol unibertsitarioan seihileko bat jokatu zuen 2014an, futbolaren elitean duen esperientziaz eta Athletic Cluben egin duen ibilbideaz hitz egin zien.
Athletic Cluben eta Idahoren arteko harremanak, Boise hiriburuan bizi den euskal komunitatearen bitartez, etengabe hazi dira azken hamarkadan. Iraia Iturregi, Erika Vazquez eta Ainhoa Tirapuk osatutako Athletic Clubeko ordezkaritza batek Idaho bisitatu eta 2014an campus batean parte hartu zuenetik, euskal senidetzeko hainbat ekimen izan dira. Garrantzitsuena, gizonezkoen lehen taldeak Boise State Universityko Albertsons Stadiumean Club Tijuana Xoloitzuintles-en aurka 2015eko uztailean jokaturiko partida. Denboraldiaurreko neurketa honek Jaialdi ospetsuarekin bat egin zuen, hots, Boisen bost urtean behin ospatzen den euskal jaia, eta ordezkaritza zuri-gorri zabalaren parte hartzea egon zen. Lehen taldeko jokalariek Boiseko Ikastola eta Euskal Etxea bisitatu zituzten, bertako zein Nevadako zaleen babesa aireportutik bertatik gertu sentituz.
“Basque soccer friendly” delakoaren antolatzaileen artean Argia Beristain egon zen, euskal diasporak Ameriketako Estatu Batuetan duen kiderik aktiboenetako bat. Eta, oraingo honetan, Lezaman izan dugu, Izar bere alaba Indie Chicas taldeko jokalarietako bat delako. Berak eta Johana Ruiz-Olabuenagak, Klubeko Gizarte Arloko zuzendariak, egonaldiaren balioa azpimarratu dute eta Athleticen bihotzetik diasporarekin zubiak eraikitzearen garrantzia azaldu dute.