euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Bilbo "Smart City Prize" 2024n saritua eraldaketa digitaleko estrategiagatik bere proiektu teknologiko bategatik (Bilbao.eus-en)

2024/10/10

Bilboko Udalak nazioarteko aitorpen berri bat jaso berri du Seulen egiten ari diren "Bizitza Adimendunaren Astearen" barruan, non ekimen eta esperientzia teknologiko berritzaile eta integratzaileenak partekatu diren, teknologiak bultzatutako hiri adimentsu eta inklusiboen eredua sustatzeko. Proiektuaren helburua da mundu digitalean herritarren segurtasuna hobetzea eta arlo horretan delituak saihestea. Bilbo da zerbitzu teknologiko hori daukan lehenbiziko administrazio publikoa.

Lotura: Bilbao.eus

Bilboko Udalak nazioarteko beste aintzatespen bat jaso berri du. Oraingo honetan, Seul Smart City saria eskuratu du, "Human CentriCity" kategorian, "Herritarren zibersegurtasuna" proiektuagatik. Proiektu hori Bilboren Eraldaketa Digitalaren 2030 Estrategiako ekimen berritzaile bat da, eta hirian zabaltzen ari da.

Seulen ospatzen ari den "Bizitza Adimendunaren Astearen" barruan eman da saria. Aste horretan, hiriek aukera dute hainbat foro eta erakusketatan beren ekimen berritzaile eta integratzaileak partekatzeko. Aurtengo ekainean aurkeztu ziren hautagaitzak, garraioaren, segurtasunaren, ingurumenaren, ongizatearen, kulturaren eta gobernantzaren arloetan (besteak beste) hiri adimendunak, berritzaileak eta inklusiboak barnean hartuta, baita halako hiriak sortu dituzten edo sortzen lagundu duten enpresak, erakundeak eta adituak ere.

BESTE PROIEKTU BATZUEKIN LEHIAN

Londres, Helsinki, New York eta beste hiri batzuetako 17 proiekturekin lehiatu da Bilbo. Azkenean, "Herritarrentzako zibersegurtasuna" proiektu bilbotarra saritu dute, joan den otsailetik urian ezarri dena. Ekimen erabat berritzailea da, herritarrei zerbitzu berri eta garrantzitsuak emango dizkiena, segurtasun digitala hobetzeko eta ziberdelituen kopurua minimizatzeko asmoz, online delituak hazten ari diren testuinguru batean.   

Sistema horrek segurtasun-mekanismoak ditu, udaleko WIFI sarean detektatutako online mehatxuak identifikatu eta blokeatzeko. Aldi berean, mehatxuak eragindako pertsonari bere gailuan mehatxu bat dagoela jakinarazten dio, alerta automatikoen sistema baten bidez.    Modu berean, proiektuak soluzio prebentibo bat eskaintzen du. Izan ere, herritarrei prestakuntza emateko programak ditu, mundu digitalean pertsonak babesteko tresnekin ahalduntzeko.

Gogoratu behar da Bilbo dela zerbitzu teknologiko hori duen estreinako administrazio publikoa. Zerbitzua guztiz eskalagarria da eta beste erakunde batzuei aplika dakieke estatuan nahiz nazioartean.

SARITUTAKO ETA AINTZATETSITAKO PROIEKTUA

Ez da ekimen honek sari bat jasotzen duen lehen aldia.  Jada finalista izan zen "Global Mayors Challenge 2021" sariketa ospetsuan. Hasierako fase batean, proiektuaren definizioa aurkeztu zen, eta modu esperimentalean lan egin zen 4 hilabetez, Bloomberg Fundazioarekin batera, arazoa eta konponbidea azken erabiltzailearekin kontrastatzeko, hau da, adinekoekin, ikasleekin, unibertsitateekin eta zibersegurtasunarekin lotutako eragileekin: Udaltzaingoa, Ertzaintza eta Basque Cybersecurity Centre, besteak beste.

Ondoren, Udalak Irontec enpresaren "Nuevos Caminos" saria eskuratu zuen, bilbotarren segurtasun digitala hobetzeko egindako lan eta estrategiagatik.

Seulen jaso berri dugun sariak Bilbo hiri digital, adimentsu eta erakargarri gisa ikusarazten laguntzen du; modu inklusiboan eta pertsonengan zentratuta bizitzeko, lan egiteko eta sortzeko lekua, betiere teknologia herritarren bizi-kalitatea hobetzeko tresna gisa erabiliz.

Bilbao Udala - Ayuntamiento de Bilbao
Youtube
Facebook
X
Instagram
Tik tok



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia