euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Bi erakusketa eta biltzar bat, Balentziagaren 125. urtemuga ospatzeko (Berrian)

2020/01/22

Moda jostunari eskainitako nazioarteko lehenengo biltzarra hartuko du Getariako Balentziaga museoak aurten, diseinatzailea jaio eta 125 urtera

Lotura: Berria

Itziar Ugarte Irizar. Aurten duela 125 urte jaio zen Cristobal Balentziaga moda sortzailea, urtarrilaren 21ean, Getarian (Gipuzkoa). Han dago bere izen-abizena daraman museoa, jostunaren «lehenengo prestakuntza urteen eta heldutasun profesionalaren oroimenez», eta hark hartuko ditu aurten Balentziagaren jaiotzaren 125. urteurrena ospatzeko jarduerak. Atzo aurkeztu zuten zeintzuk izango diren bai museoko ordezkariek eta bai instituzio publikoetakoek. Helburu nagusia bat izango dela azaldu zuten: «Balentziagaren obraren ondarezko balioa azpimarratzea».

Bi erakusketa eta nazioarteko biltzar bat izango dira ospakizun programaren zimenduak. Erakusketetan lehena otsailaren 29an zabalduko dute, ekainaren 22ra bitarte, eta Moda eta Ondarea seriearen hirugarren erakusketa izango da. Cristobal deitu dute, fokua diseinatzailean jartzea izango baita helburua, Igor Uria museoko bildumen zuzendariak azaldu duenez: «Bera izan zenaren kontrara, bizitza guztian defendatu zuen isiltasunaren eta ikusgarritasunik ezaren kontrara, haren pertsonarengan argi puntu bat jarri behar genuela pentsatu dugu». Haren lan tresnak, dekorazioko objektuak, jantziak, eskutitzak eta beste jarriko dituzte ikusgai horretarako. Uria: «Asmoa beti gortinaren atzean mantendu zen gizona gogora ekartzea da, tailerretan babes hartu zuena, ideiak exekutatzen, sorkuntzaren isiltasunean; eta geure buruari galdetzea zergatik heldu diren objektu horiek guganaino, eta zer kontatzen diguten hartaz».

Bigarren erakusketa uztailean irekiko dute, Alaïa and Balenciaga. Sculptors of Shape (Alaia eta Balentziaga. Formaren eskultoreak) izenarekin. Tunisiako Azzedine Alaia diseinatzailearen eta Balentziagaren lanen arteko elkarrizketa bat proposatuko dute —Balentziagaren jantzien bildumagilerik handienetakoa da lehena—. Oliver Saillard moda erakusketen komisarioak eta Parisko Palais Galliera museoaren zuzendari ohiak gidatuko du —Miren Arzalluz da gaur egun hango zuzendaria—, eta abenduaren 31ra arte bisitatu ahalko da.

Erakusketa biekin batera, Cristobal Balentziaga Nazioarteko I. Biltzarra izango da urteko beste proiektu handia museoko arduradunentzat. Lehen aldia da moda jostunari beren-beregi eskainitako nazioarteko biltzar bat antolatzen dena. Urriaren 1ean eta 2an izango da, eta diseinatzailearen, haren obraren eta testuinguruaren inguruko azterketa berriak sustatzea izango da xedea. Emaitzak argitalpen zientifiko batean emango dituzte argitara gero.

Modako profesionalentzat

Horiek izango dira egitasmo nagusiak, baina, programazioa osatzeko, beste jarduera batzuk ere iragarri dituzte, batik bat jantzigintzako profesionalentzat izango direnak. Horien barruan, EHUko Udako Ikastaroetan Teknifikazioa eta ekintzailetza jardunaldia antolatu dute, eta aurreratu dute urte osoan bestelako eskola magistralak zein ikastaro profesionalak ere izango direla.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia