euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Bernardo Atxaga: «Haurrei idaztean umore zuria erabiltzen dut; oso hurbil dago poesiatik» (Berria.eus-en)

2015/12/23

Xola txakurra protagonista duen ipuin bildumako bosgarren alea ondu du idazleak: 'Xola eta lapurra'. Londresen saritu egin dute bildumagatik.

Lotura: Berria.eus

Ainhoa Sarasola. Xola txakurraren bosgarren ipuin liburua ondu du Bernardo Atxagak. Aurreko aleetan bezala, umorea da nagusi Xola eta lapurra liburuan (Erein), baina umore jakin bat, idazleak azaldu duenez. «Bi umore mota erabiltzen ditut nik: umore beltza erabili dut liburu batzuetan, baina, bestela, umore zuria erabiltzen dut, tartekorik ez. Eta umeentzat idazten dudanean umore zuri hori da, pentsatzen dudalako poesiatik oso hurbil dagoela». Umorea, halaber, diskurtso zurrunetatik aldentzeko tresna baliagarria dela esan du. 

«Nigan eragin zuzena izan duten gazte garaiko irakurketa asko umoreari lotuta egon dira», azaldu du idazleak. Horietan lehenetarikoa izan zen Charles Dickensen The Posthumous Papers of the Pickwick Club, eta oso gogoan du eragin zion «zirrara». Baita gerora Lewis Carrollen Aliziaren abenturak lurralde miresgarrian-ek sortu ziona ere. Bietan umore handia dagoela, eta berak, haurrei idaztean, ildo horretatik jo nahi izan duela azaldu du. Charlie Rivelen edo clown-en umorearekin parekatu du umore zuri deitzen eta haur literaturarako erabiltzen duen hori. «Irakurle gisa, asko eskertzen ditut nobleki barre eginarazten didaten liburuak».

Xolaren ezaugarri nagusia xalotasuna dela azaldu du Atxagak. «Batez ere inuzentea da, eta ez da ohartzen benetan nolakoa den. Hasierakoan, lehoi bat izan zitekeela uste zuen; bigarrenean, uste zuen oso erraza izango zitzaiola basurdeak harrapatzea; hirugarrenean, pentsatzen du inor baino izaki askeagoa dela... Beti du arazo bat, baina ume askok bezala, ez du ikusten; bere inozentziak talka egiten du errealitatearekin, baina hurrengoan, berriro egiten du, ez du ikasten». Bildumaren abiapuntua zein izan zen ere azaldu du: etxean txakur bat izan zutela, behin anaiari hura zaintzera joateko eskatu ziotela, eta hark, broma bat egin nahian, lapur itxurak egin zituela, txakurrak nola jokatuko zuen ikusteko. Etxea defendatu ordez, armairu barruan, manta baten azpian topatu ei zuen. «Xolaren erantzuna imajinatu nuen; deskantsatzen ari zela esango zuen. Bitxia da: aurreneko liburua izan behar zuena bosgarrena gertatu da». 

Aurreko aleetakoak bezala, Mikel Valverdek ondu ditu liburua janzten duten ilustrazioak. Marrazkilariaren lana goraipatu du Atxagak, haren irudiei ere umorea dariela nabarmenduta.

Aktorearen beharra 

Londresen izan da Atxaga orain gutxi, Haur Literaturan itzulitako liburu onenaren Marsh saria jaso baitu Holaxe bizi da Xola bildumako lehen lau ipuinen ingeleserako itzulpenengatik —beste zazpi hizkuntzatara ere itzuli dituzte liburuok—. Londresen haur literaturako hainbat idazle eta ilustratzailerekin egon ahal izan zuen, Children's Book Show zirkuituaren harira, eta handik ekarritako irakaspen bat nabarmendu du: ipuinen irakurketa dramatizatua egingo duen aktorearen beharra. «Uste dut haur literaturan ahalegin bat egin beharko litzatekeela, irudiak eta elkarrizketak ez ezik, aktoreak ere sartzeko».

1995ean argitaratu zuen idazleak Xolaren bildumako lehen ipuina, Xolak badu lehoien berri, eta haurrentzat idazten jarraitzeko asmoa agertu du. «Jada egin dudana baino gehiago interesatzen zait etorkizunak asma dezakeena». Xolaren hurrengo abentura dagoeneko buruan duela azaldu du, eta aurreratu du Parisen kokatuko duela, Louvre museoan: Da Vinciren Gioconda ikusi nahiko du Xolak han, baina bisitari saldoek eragotzi egingo diote.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia