Oier Araolaza. Euskal Herritik Lucia Lakarra, Bizkaiko dantza bekadunak eta Aukeran dantza konpainia izango dira, eta diasporatik berriz AEBtako mendebaldeko hainbat euskal dantza talde: Gauden Bat (Chino), Utah-ko Triskalariak (Salt Lake City), Oinkari (Boise), Basque Dancers of Great Basin (Elko & Ruby Montain), Zazpiak bat (Reno) eta Dantzari Gazteak (Bakersfield).
Gure folkloreaz lotsatzen dira euskal agintariak?
Smithsonian Folklife Festival-aren antolatzaileek garbi esan zieten euskal agintariei zer nahi zuten: folklorea, euskal dantza tradizionala, herrietan tradiziozko festetan egiten dena. Euskal agintariek zer daramate? Lucia Lakarra ballet ikaslez osatutako talde batekin eta Aukeran euskal dantza eta garaikidea nahasiz ikuskizun berriak egiten duen konpainia.
Jaialdian antoaltzaileek eskatutakoa bermatuko dutenak diasporako dantza taldeak izango dira. AEBko mendebaldeko sei dantza talde joango dira, nork bere bidaia, egonaldia eta parte hartzea beraien poltsikotik ordainduta. Euskal-amerikar dantzariak gogotsu daude beraien hiriburuan dantzatzeko, baina euskal agintariek ez dituzte lagundu, beraien gain utzi dute euskal dantza tradizionala erakusteko ardura, hegazkin eta hotelak ordaintzeko laguntzarik eman gabe. Euskal Herritik, ordea, ez dute antolatzaileek eskatutakoa, euskal folklorea, eramango.
Hungariak 2013an izan zuen aukera bere kultura Smithsonian jaialdian ezagutzera emateko. Erantzuna oso argi izan zuten: "Hungariako tradiziozko dantzak gure nazio identitatearen ikur oso garrantzitsua dira". Hungariako tradiziozko dantzak modurik zintzo eta ederrenean eskaintzeko talde bikaina antolatu zuten eta Washingtonen Hungariar folklorearen erakustaldi gogoangarria eskaini zuten.
Innovation by culture, embarrassed by their folklore?
Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Diputazioen artean antolatu dute euskal espedizioa, eta badirudi euskal folklorearekin lotsatu egiten direla euskal agintariak. Konplexu horiek nabarmen antzeman daitezke egitaraua irakurrita. Euskal kultur edukiak "Innovation", "modern" eta oro har euskal folkloreak eragiten dien lotsa disimulatzeko modernokeriez estalita ageri dira. Euskal parte hartzearen lemak berak adierazten du konplexua: Folklore jaialdia da, baina "Innovation by culture" izendatu dute euskal kulturaren erakustaldia.
Euskal kulturaz lotsatzen diren gure agintari akonplejatuaren argazkia ederki erakusten du programak: bertsolaritza ez da bertsolaritza, "Modern bertsolaritza" edo"Improvising Basque Poetry" baizik, sukaldaritza "Innnovative Gastronomy" da, Herri Kirolei buruz hitz-egiteko "Innovative Technologies in Sport" jartzen zaio izenburua ekitaldiari... Euskal dantzaren inguruko mintzaldiak ere izango dira —ez dakigu nortzuk parte hartuko duten bertan—, eta ekitaldi horien izenburuak oso adierazgarriak dira: "Contemporary & Traditional Dance" egun batean, "New Paths in Basque Dance" beste batean...
Euskaldunak lotsatuta, Japoniarrak harro
Aurten euskal kultura izango du ardatz nagusia jaialdiak, baina beste kultura batzuk ere erakutsiko dira bertan, eta adibidez Japoniako eta Ipar-Amerikako kultura ondareek ere tokia izango dute. Hor antzematen dira oraindik nabarmenago euskal agintarien konplexuak. Japoniarrek ez daukate inori demostratu beharrik XXI. mendeko herria direla eta ez dabiltza innovation, modern eta horrelakoak aldarrikatzen. Japoniako kultura tradizionala eskatzen badiete horixe ematen diete, adibidez, "Japanese Buddhist Festival Traditions" izeneko ekitaldia eskainiko dute. Amerikarrak ere berdin, Oaxacako indigenen dantzak edo Kumeyaay indiarren kantu eta erritoak erakutsiko dituzte, smartphonea erabiltzen badakitela frogatzen ibili beharrik gabe, inork ez baitu horretaz zalantzarik.