Agurtzane Núñez Berastegi, Gipuzkoa. Semeei lanaren esfortzua erakustea zuen helburu Sebas Gartziarenak babarrunak landatu zituen lehenengo urtean. «Eskuz ereitean balore batzuk erakutsi nahi nizkien, zenbat kostatzen den bizitza aurrera ateratzea, sosak irabaztea… Babarrunak saltzen lortutakoa beraientzat izango zen», gogoratzen du. Pare bat urtez-edo bi semeekin batera landatu zuen baratzea, «baina gero, ikasketak direla-eta, ez jarraitzea erabaki zuten». Nahi gabe, gero Kellesensa Gobernuz Kanpoko Erakundea izango zenaren hazia sortu zen.
«Nire lankide batek komentatu zidan ea zer iruditzen zitzaidan babarrunak elkarrekin landatzen jarraitzea eta salmentatik lortutako dirua garapen bidean zegoen herrialde batetan laguntzeko bideratzea», azaltzen du Gartziarenak. Urte batzuk lehenagotik ezaguna zuen Senegalgo Kelle herria. «Nire lagun mina eta bizilaguna den Aitorrek Asuncion klinikako kafetegian lan egiten du, eta hor ezagutu zuen klinikako sukaldean lan egiten duen Ndéne, Kellekoa dena. Duela hamar urte edo hura bisitatzera joan ginen, osasun-materiala eraman genuen. Duela hiruzpalau urte Querejeta zirujauarekin hitz egin genuen eta orduan sortu genuen Kellesensa elkartea», azaltzen du.
Elkartea finantzatzeko Tolosako babarrunak landatzen dituzte Berastegin eta salmentarekin lortutako dirua martxan dituzten proiektuetara bideratzen dute. «Duela bi urte Tolosako Babarrun Lehiaketa irabazi genuen, eta oraingoz azken irabazleak gara, joan den urtean eta aurten bertan behera geratu delako», dio.
Lanean daramatzaten lauzpabost urtetan ideia ugari izan dituzte, baina osasun arloko proiektuak bultzatu dituzte bereziki. «Zaurietako odola gelditzeko hondarra botatzen dute, eta hemen eskuak garbituz egun gutxitan sendatzen diren zauriak han sekulako zorneak dituzte», adierazten du adibide bezala Sebas Gartziarenak, lanbidez erizaina denak.
Horregatik, komunitateko elkarte eta kideekin biltzen dira osasun-hezkuntza ikastaroak emateko. «Bertako kultura musulmana dela eta badituzte sinesmen edo gai tabu batzuk, hilekoa esaterako, eta azaltzen diegu ez dela zerbait zikina, adibidez», dio.
Erizainak trebatzen
Azken hilabetean bi astez egon dira bertan lanean, eta bertako erizainei zauriak nola josi erakutsi diete. «Hango anbulategian, 'Poste de Sante' deitzen dena, ez dago medikurik eta erizaina da kontsultak egiten dituena, tratamenduak jarri edo antibiotikoak erabakitzen dituena. Erizainari eta praktikatan zegoen bati zauriak nola josi, zein erreminta erabili, kasu bakoitzean zer hari erabili, eta abar, erakutsi genien. Hasieran guk egiten genituen ebakuntzak ikusiz eta gero beraiek egiten zituzten, praktikarekin bakarrik ikasten da eta», azpimarratzen du. Kelle 3.500 biztanle inguruko herria da, baina anbulatorioak inguruko herri eta herrixkatako biztanleak ere artatzen ditu, 12.000 biztanletik gora guztira.
Hezkuntza da Kellesensa elkartearen bigarren atal garrantzitsuena. «Joan zen urtean Lehen Hezkuntzan zein Bigarren Hezkuntzan ordenagailuak jarri genituen hemendik eramandako materialarekin. Emakume elkarteekin ere elkartzen gara, beraiek ahalduntzeko proiektuak sortzeko helburuarekin. Baratza komunitarioak sortu nahi ditugu, eta bertan egindako produktuak biltzeko eta saltzeko prozesua jarri dugu martxan. Helburua emakumeentzako diru-iturriak sortzea da, han bigarren mailan daudelako eta horrela ahalduntzeko aukera dutelako», azaltzen du Gartziarenak.
Izan ere, erlijioagatik han gizon batek hainbat emakume izan ditzake, bakoitzarekin beste hainbeste seme-alaba edukiz, eta bizimodua aurrera ateratzea ez daukate erraza. «Gure helburua ez da 'arrainak eramatea' baizik 'kainabera', behar dituzten erremintak ematea», zehazten du, «beraiekin egingo dugu bidea, baina beraiek egin behar dute aurrera. Horregatik heziketaren garrantzia», azpimarratzen du.
Eskale izatera behartuak
Zoritxarrez, haur horietako batzuk 'daara' izeneko etxeetan bukatzen dute. «Hainbeste seme-alabekin, batzuk imamarengara eramaten dituzte, Euskal Herrian duela ez hainbeste hamarkada bezala, seme-alabak komentuetara edo seminarioetara eramaten zituztenean», dio. Baina haurretako asko «eskale izatera behartzen dituzte, diru-eske edo arroz-eske, arropa hautsiekin... Hara lehen aldiz joan ginenean harritu gintuen gauzetako bat izan zen, nola zen posible haurrak kalean eskean ibiltzea».
Pandemia aurretik 'daara' horietako bat konpondu zuten «lurrean hormigoia botaz eta hezetasunik gabe lo egiteko alfonbra eta esterila batzuk jarriz, lurrean lo egiten dutelako», azaltzen du Sebas Gartziarenak. Pandemia garaian, etxeratzeekin, bereziki gogorra izan da haurrentzat, ezin baitziren eskean atera. «Horregatik emakumeen elkartekoekin hitz egin genuen eta familia bakoitza haur batez arduratu da, jaten emateaz eta garbitasunaz, besteak beste».
Senegalgo Kellen pandemiaren egoera ez dela hain txarra dio Gartziarenak, baina bailarako Thies hiriburuan okerrago daude. «Kellera joan baino lehen ondo pentsatu genuen, eta behin han, egun batzuk itxaron genituen ebakuntzak egiten hasi aurretik, nola zeuden ikusi arte», dio. «Han kalean edo eskolan ez zuen inork maskarilarik erabiltzen. Anbulatorioan bai, baina badaukate aldi berean txertaketaren aurkako joera», azaltzen du. Horregatik, azken egonaldietako helburu bat hori izan da eta «osasun-arduradun zein agintariekin elkartu gara zer egin daitekeen aztertzeko».